Mikel Zubimendi Berastegi
analisia

90 urte... eta egurrean!

Aitona baten epeltasuna dario jenioari. Ebidentzietan errotutako egien pentsalaria da Avram Noam Chomsky, umila, arrazionala. Ekintzailea, libertarioa, ilustratua. Urteetan aurrera joan arren, estatubatuarraren ekarpenek gaurkotasun eta zorroztasun osoa mantentzen dute.

Den-denok bezala, Avram Noam Chomsky ere zahartzen ari da. Baina 90 urte bete berri, osasun pattalaldi batzuk gorabehera, oraindik egurrean dabil pentsalari politiko errebelde estatubatuarra, nekagaitz, beste asko nekatuko lukeen lan kargarekin. Munduko herrialde urrutienetaraino politikaz hitzaldiak ematera bidaiatuz, milaka posta elektroniko erantzunez, elkarrizketak emanez, beti bezain argi eta zorrotz.

Filadelfian 1928an ezkerreko sionismoan sinisten zuen errusiar juduen familia batean sortua, judutarren jakinduria barneratu eta hebreera ikasi zuen. Gaitasun handiko haur prodijioa izan zenak ekarpen itzelak egin ditu, hizkuntzalaritzan bereziki, baita sistema politikoen kritika ikaragarri argigarriak ere. Intelektual konprometituaren paradigma haragitzen du Chomskyk, justizia sozialaren eta mundu egiazki arrazional eta gizatiar baten aldeko konpromisoa; bere salaketa eta ekintzaletasun politikoagatik pentsamendu kritikoaren eredu da.

Zaila da, zaila denez, azkenaldiko intelektual ezagun eta errespetatuenaren idearioa laburbiltzea, are ia ehun liburu eta milaka artikulutan bildutako ideario mardula izanik. Ez da erraza, ezta, agian, aldizkari artikulu batek dituen mugetarako egokiena ere. Baina mugak aitortuz eta ahalegina aurreratuz, horretan saiatuko gara lerrootan.

Gizakion inguruko ezagutzari, gure hizkuntzak, adimenak, ekintzak, izaki politiko garen heinean gure jokaerak hobeto ulertzeko Chomskyk egindako ekarpenak itzelak izan dira. Merezi duten onespen eta sona ongi irabazia dute. Matematika eta hizkuntzalaritza formalaren inguruko lan oso konplexuak ditu, lerrook sinatzen dituenarentzat larregi espezializatuak. Baina baditu politikaren inguruko lan sinple eta oso ulergarriak ere. Bere obra, hortaz, bitan banatu genezake: produkzio zientifiko oso zehatza (espezialistentzat) eta publiko zabalari bideratutako irismen handiko eta, sarritan ironiaz kargaturiko, kritika politikoak.

Hizkuntzalaritza irauli

Chomskyrentzat hizkuntza sortzetiko dohain biologikoa da. Gure ezagutza eta ulermena berezkoak dira, gure natura komunak hegoak sortu beharrean hankak eta besoak sortu dituen bezala sortuak. Harentzat, gainera, ez dago soilik hizkuntzaren berezko ahalmen hori, munduko hizkuntza guztien egituretan gramatika unibertsal bat dagoela defendatzen du. Eta haurrek, burmuinean duten plastikotasun ikaragarriaz baliatuz, hizkuntzaren gramatika hori barneratzeko ahalmen ikaragarria dute.

Egia da nazioarteko zientzialarien komunitatean teoria hori ez zela aho batez onartu, kritiko ugari badituela, gehiegizko berezkotasun horri lotuegia omen dagoelako. Ez da egia txikiagoa, baina, irauli egin zituela hizkuntzalaritzaren uste asko, are zientzia kognitiboaren ikerketa berrietarako lerro askoren zimenduak finkatu zituela.

Hizkuntzalaritzara bizitzaren txiripa batek eraman zuen pentsalaria ez da, baina, sekula hizkuntzaren eremura mugatu. Berak bultzaturiko hizkuntzalaritzaren iraultzak adar asko ditu, esate baterako, psikologia modernoan edo filosofian fruitu asko utzi dituztenak. Gizakien naturaren eta informazio prozesatzeko dugun moduaren inguruan erantzunak eman eta galderak planteatu ditu. Izan ere, Chomskyrentzat hizkuntzaren azterketa aski esanguratsu batekin bakarrik erantzun daitezke gizakien jokaerak planteatzen dituen galderak.

Hizkuntzalaritza modernoaren oinarri berriak finkatu, edo ordura arte zeudenak inarrosteaz gain, filosofian ekarpen garrantzitsuak egin ditu. Eta politikan, zer esan! Bere adimenaren indarrak, gaitasunak, jakintza eremu zabal baten jabe izateak, bere ikusmen logikoak, siliziozko memoriak, agian, XX. mendeko pentsalaririk handiena izatera eraman dute.

Lanean erabat diziplinatua, ebidentziaren aurrean fanatikoa da Chomsky. Printzipioarekiko debozioan birtualki masokista. Hala ere, pertsona umil, bero eta hezia da. Jenioa. Aitona baten epeltasuna dario, sinesgarria da oso.

Intelektual harro eta handiusteen kontrakoa, “mandarin berrien” aurrean arkatz eta paperezko teorikoa izan da, egorik gabea, baina, hori bai, karisma handikoa. Karismak, baina, bere horretan, ez gaitu zertan inpresionatu behar: karismatikoenak irrazional eta immoralenak izan baitaitezke.

Kapitalismoaren kritiko zorrotza, bereziki AEBen kanpo politikarena, Vietnamgo gerraren aurkako protestetan zaildu zen ekintzaile bezala. Orduan argitaratu zuen “Intelketualaren erantzukizuna” saiakera liburua, mundu mailako ekintzaile askoren onarpen zabala jasoz.

 

Egia objektiboa

Chomskyrentzat, intelektualaren funtzio kritikoa oinarri argi eta sendo batzuekin eraiki behar da: arrazoiaren irismena zabaldu behar da beti, eta, egia, arrazionalki bilatu, hura ezkutatzen eta trabatzen duten tapakiak kenduz. Boterearen ideologiak egiari ezartzen dizkion mugak eta iragazkiak pasatu behar dira eta botere politikoaren erabaki irrazionalen kontrako salaketa ekintzetan parte hartu.

Formulazio horrek antz handia dauka bere garaian Jean-Paul Sartrek “intelektualen konpromisoaz” planteatu zuenarekin, Chomskyrena geroago bezala, espiritu arrazionalista batek blaitutakoa. Nahiz eta Sartreren kasuan, bere konpromisoa sozialismo marxistarekin lotuta izan, eta, Chomskyrenean, geroago aletuko dugun sozialismo libertarioarekin.

Idazlearen, pertsona ondradu ororen, ardura intelektuala egia esatea da Chomskyrentzat. Eta berak aipatzen dituen egiak, batez ere, egia praktikoak dira: gizakiekin eta bere bizitza soziopolitikoarekin zerikusia dutenak.

Chomskyren helburua esplikatzea da, ez deskribatzeagatik deskribatzea. Eta, hartara, printzipio orokorrak fenomeno partikularretan ezartzen ditu. Mundu politikoaren konplexutasuna sinplifikatze aldera, egia funtsezkoak oso hitz gutxitan azalduz. Ez dauka, a prioiri, teoriarik, ebidentzia enpirikoaren argitara ebaluatu behar baita den-dena, bestela, metafisikan eta idealismoan eroriko ginatekeelako.

Mundua, Chomskyrentzat, ez dago “diskurtsoek”, “hiztegiek”, “imajinarioek”, “eraikuntza sozialek” determinatua. Harentzat, zapalkuntza eta boterea ez dira soilik buruan existitzen, ezin daiteke zapalkuntzatik askatu hitz egiteko eta pentsatzeko beste era batean pentsatuz eta hitz eginez soilik. Zapalkuntza eta boterea objektiboki errealak direlako. Zentzu horretan, filosofo estatubatuarra arrazionalista da, materialista, postmodernismo masturbatzaile hutsaren aurkakoa. Baliabideetara irismena izatea funtsezkoa da berarentzat, superbibentziarako, influentzia sozialerako, edukazioa, botere politikoa, bizi maila altua lortzeko funtsezkoa. Eta baliabideetara irismena izateko aukera klase sozialak definitzen du. Horra materialismoaren muina, materialismo marxistaren zentzu ona.

Ezkerreko erradikaltasuna, Chomskyren ikuspegi logikoaren begietara, zilborrera begiratzen duen subjektibotasunean baino, identitate subjektiboetan edo nork bere gorputzarekin duen harremanean baino, mundu errealarekin engaiatu behar da, bertan konfiantzazkoa, emankorra eta aktiboa den esku hartzea lehenetsiz. Deseraiki, problematizatu, ukatu edo zatitu baino, konfiantzaz sortu eta sintetizatuz. Orokorra denaren aurrean, partikularra fetitxe egiteke. Errealismoaren zentzu ona eta egia objektibagarriaren ideia defendatuz.

Chomskyrengana ez joan egia objektibagarri bakarra egia objektiborik ez dagoela dela esaten. Ez da intelektual elitista, baina bai oso serioa. Ironia falta ez zaion arren, hitzekin, kontzeptuekin, irudiekin jolastea ez du gustuko. Bere obra ez da brikolaje lan bat. Bere helburua ez da inoiz izan probokatzeagatik probokatzea.

Sozialista libertarioa

Akademiako zein kazetaritzako lanetan ematen dituen zehaztasunak, datu ikaragarriak ikusita, ebidentzietan oinarritutako politikaren gaineko bere interpretazioak irakurrita, indartu egiten da ideia bat: ezkerrekoa izatea, are ezker muturrekoa, ez da ideologikoa edo partziala, zientifikoa eta arrazionala baizik. Behinik behin, defendatzen dituzun baloreak demokrazia, giza askatasuna eta ongizatea baldin badira.

Zaila da Chomsky ildo ideologiko zehatz batean ala bestean errotzea. Bere ideiek iturri edo tradizio politiko askotatik edan dute. Funtsean anarkista dela esan genezake, baina marxista ere bada. Liberalismo klasikoaren ekarpen aurrerazaleenak hobesten ditu, honek, jatorrian, askatasuna eta gizabanakoen aukerak baloratzen zituelako gogobetetasuna aurkitzeko.

Edo nahi bada, sozialismo anarkistaren aldekoa da. Demagun, sozialista libertarioa. Izan ere, liberalismoa, bere esangura nobleenean, jendearen askatasun eta duintasunarekiko kezka baldin bada, horrek esan nahi du boterearekiko mesfidati izan behar dela beti. Boterea ez dela bere baitan justifikagarria eta desmuntatu beharra dagoela ez badu arrazoi sinesgarririk ematen bere burua justifikatzeko. Eta boterearen egiturak desmuntatzeko bultzada hori anarkismoaren bihotzeko taupada da.

Pentsalari handi honen pentsamendu politikoan badago, hortaz, funtsezkoa den haria: Estatua gizartearen erdian kokatzearen kritika, izan kapitalismoan ala sozialismoan.

Hortik datorkio sozialismo boltxebikearekiko betidanik erakutsi duen jarrera kritikoa. Leninista izan barik, marxismoaren zutabe nagusiak –klase borroka, produkzio harreman gatazkatsuak, jokaera soziala funtsean testuinguru instituzionalak determinatzea, estatu kapitalista, inperialismoa…– bere egin eta zutabeon gainean eraiki du bere pentsamendua.

Ez du inoiz bat egin marxismoaren iraultzaren teoria ortodoxoarekin (langileriaren diktadura eta abar eskatzen dituena), baina, muinean, bere azterketak klase borrokaren ideian sustraituta daude, botere kapitalistaren izaera inperialistan, nolabaiteko determinismo ekonomiko batean. Eta, jakina, langileen duintasun eta sormena bezalako balio marxisten defentsan.

Bere bizitza pribatuaz, min, sentimendu edo esperientzia pertsonalez hitz bakar bat esateko beti uzkur, Chomskyri betidanik eman dio erreparoa gauzak pertsonalizatzeari. Ez ditu sekula ezkerraren subkulturetan hainbeste gurtu diren "izen handiak" gurtu, izan Lenin, Gramsci edo Foucault. Hori egitea, elitista eta handiuste jokatzea litzatekeelako. Eta, batez ere, pentsalari handi horien lana, berarentzat, zentzu onaren elaborazioak baino ez direlako izan.

Beste hitz batzuetan esanda, Chomsky antikapitalista amorratua da, bai, baina ez da pop-kultura eta postmodernismoarekin sekula liluratu. Handinahirik gabea, partikularraren eta unibertsalaren arteko fusioaren bidetik jo du, gizakien arteko aniztasuna gizakiaren natura unibertsalean oinarritzen dela arrazoituz, pertsonala denetik harago existitzen den pertsona bere lanaren abiapuntu eta helburu eginez.

Menderatze teknikak

Zerbaitetan aditua baldin bada Chomsky, gaur egungo gizarteetan boterearen egiak eta botereak menderatzeko erabiltzen dituen teknikak azalarazten da. Abiapuntu argi bat du: ez dago AEBetako edo munduko masak kontrolatzerik bakarrik indarraren bidez, hau da, inbasio, errepresio, tortura, diktadura, sarraski bidez soilik. Indarraren erabilerok guztiok pentsamenduaren kontrol zorrotza dute lagun, kontsentsu sozial, politiko eta ekonomikoa, hegemonia ahalbidetzeko jakinaren gainean eraikitako ideien elaborazio zehatz bat.

Detaile askorekin horren kasu praktiko asko ematen ditu, “ireki eta demokratiko” deitutako gizarte askotan ematen den pentsamenduaren kontrola esplikatuz eta salatuz. Galdera hauei erantzunak ematen tematzen da, pedagogia beldurgarri argi batekin: nola eraikitzen da “egia ofiziala”? Nola manipulatzen dira datuak eta gertaerak jendeak beti norabide jakin batean –ekonomikoki boteretsuak diren klaseen interesen alde– interpreta ditzan? Zein forma zehatz erabiltzen du kapital handi transnazionalak bere interes partikularra “nazioaren eta demokraziaren interes orokor” gisa azaltzeko?

Propagandari eta pentsamenduaren kontrolari egindako kritika bere apustu intelektual eta bitala izan da, beti eta beteki. Harentzat, eraikuntza ideologiko mailan, kontsentsuak ez dira Estatuaren politikekiko herritarren oniritzitik bat-batean sortzen, eskala industrialean fabrikatzen dira, beste merkantziekin egiten den bezala.

Ameriketako Estatu Batuen inperialismoaz hitz egitea, Chomskyrentzat, triangelu triangeluar batez hitz egitea bezalakoa da. Amorratua da, nekagaitza, bere herrialdearen kanpo politika inperialista kritikatzen. Berarentzat, herrialdea existitzen da betidanik existitu den moduan: inperio bezala. Horrela sortu baitzen, esplizituki gainera. Herrialdearen egungo inperialismoa sortze beretik etenik gabe garatu den prozesu baten azken fasea baino ez da berarentzat.

Chomsky da, dudarik gabe, Ameriketako Estatu Batuetan bake eta justiziazko printzipioen eragin handieneko bozeramailea. Salaketa lan horren adibide bat jartzearren, aipatzekoa da ia inoren laguntzarik gabe, nola altxatu zuen ahotsa Indonesiako Gobernua, AEBak saldutako armekin, Ekialdeko Timorren egiten ari zen basakeriaren aurrean. Urte luzez iraun zuen kanpaina hark, apurka-apurka iritzi publikoaren sektore zabalagoen arreta bereganatu zuen, Pazifikoko herrialdean gertatzen ari zena ulertzen hasi ziren estatubatuarrak. Egun, independentzia lortuta, herrialde subiranoa da Ekialdeko Timor.

Ekintzaletasun politikoa, Chomskyrentzat, oinarrizkoa da. Gizakiak pairatutako sufrimendua, miseria hain handia izanik, arindu eta gainditu daitekeena gainera, funtsezkoa da. Existitu behar ez liratekeen hainbeste zapalkuntza izanik, askatasunaren aldeko sena, etenik gabeko borroka beti izan behar da presente, batik bat espezie bezala desagertzera kondena gaitzaketen arriskuak izanik.

Chomskyren arrazionalismoak aurretikako tradizio batekin egiten du bat, Descartesekin eta XVIII. mendeko Ilustrazioarekin. Nahiz eta gizakiaren naturaren izate funtsezko horren harira berak egindako ekarpenak apartekoak eta jorratu dituen ideia politiko eta sozialen definitzaileak diren.

Chomskyk beti errespetatu ditu Ilustrazioaren idealak: arrazoia, azterketa kritikoa, adierazpen askatasuna, ikerketarako askatasuna... Beti saiatu da egungo gizartera horiek zabaltzen, egokitzen. Nolabait, sinple adierazita, agian sinpleegi, hori izan da zientzialari eta politikaren filosofo honen programa eta intsignia.

Azken ideia bat

Herbeheretako telebista publikoak Michel Foucault eta Noam Chomskyren arteko eztabaida gogoangarri bat eman zuen 1971n. Gomendioa libre, eskuragarri dago Interneten eta merezi du ikusteak, liluragarria baita, garai baten lekukotza aparta.

Eztabaidan, badago pasarte eder askoa, pentsalari ilustratu eta erradikal honen obraren muina beste ezerk baino hobe laburbiltzen duena. Eztabaida betean, Foucaultek gizateria osoa aldatu daitekeela sinestea nola den posible galdetzen dio, hori lortzea ezinezkoa dela pentsatuz, asmo hutsala dela iradokiz. Artikulu honi akabera emango dion Chomskyren erantzuna, ezaguna bezain argigarria izan zen: «Esperantzarik ez dagoela barneratzen baldin baduzu, esperantzarik ez dela egongo ziurtatuko duzu. Askatasunaren aldeko sena badugula onartzen baduzu, orduan gauzak aldatzeko aukera izango da oraindik».