Amaia Urrejola
Sexologoa eta psikologoa Euskal Herriko Sexu Heziketa Eskolan

Bigarren sexua

Argi dago emakumeok, Simone de Beauvoirrek esan bezala, «bigarren sexua» izaten jarraitzen dugula, bestea eta bigarren mailako sexua, alegia. Eta arriskutsuena, ordea, horretaz jabetzen ez garela da. Horretarako, emakumearen zapalkuntza historia ezagutu beharra dago, baina badakigu munduko herrialde guztietan historia hori ez dela kontatzen, eta, horrekin batera, memoria ezabatzen digutela. Adibidez, Nafarroako Auzitegi Nagusiak sanferminetako talde bortxatzaileei ezarritako zigorra berretsi du. Beste behin, sexu abusu delitu jarraituagatik zigortu dituzte, nahiz eta epaileen artean desadostasuna egon. Zehazki, bost epaileetatik bik abusua ez eta erasoa izan dela uste dute. Baina, beste behin, ezjakintasun sexualak eta bortxaketaren kulturak irabazi du, larriagoa baita bortxatua izatea bortxatzailea izatea baino.

Gizakiaren historia gizonaren ibilbidea izan da, zoritxarrez, zapalkuntzaz josiriko bide luzea. Beste arlo batzuetan, zapalkuntzari aurre egiteko, klase sozialen artean adibidez, konfrontazioa eman da berau errotik apurtu eta eraldatzeko; sexuen artean, aldiz, ez. Gainera, historia garaileek eta zapaltzaileek idatzi dute eta instituzio guztietan islatzen da. Sistema judizialean agerikoa bihurtu da, baina hezkuntza sisteman ere izugarrizko arrakalak eta hutsuneak daude. Hezkuntzako curriculumean, adibidez, emakumearen historia eta borroka ez dira oinarrizko eduki eta konpetentzietan txertatu. Hori horrela, irakasleen borondatearen esku gelditzen da ikasleriak ezagutzea emakumeok hiru mende daramatzagula pertsona izaten, eta mende bakarra subjektu sexudun izaten. Badakigu memoria feministarik gabeko herri batek ez duela etorkizun berdintsurik edukiko. Hau da, ez dela sexuen arteko elkarbizitza sinergikoan oinarritutako etorkizunik izango.

Horrekin batera, iraultza feministaren aurkako kontrairaultza inoiz baino bortitzagoa ari da bihurtzen. Egun, zeharkako indarkeria zuzeneko indarkeria baino eraginkorragoa dela konturatu dira. Feminizidioak kondenatzen diren heinean, sexu erasoak, ez baldin badira beldurrezko film baten antzeko erasoak, zalantzan jartzen dira. Emakumeei pertsona sexudun kategoria onartzen digute “benetako emakumeak” bezala jokatzen dugun bitartean. Izan ere, bortxaketa baten aurrean, gure duintasun eta ohoreagatik borrokatzeko eta bizitza arriskuan jartzeko prest egon behar dugu. Eta bortxaketa sufritu ostean, emakume bezala gure aukera bakarra depresioan erortzea edota gure buruaz beste egitea da. Horrez gain, gure sexualitatea gizonen sexualitatera moldatu behar dugu eta horren esanetara eta mesedetara egon behar da. Ostera, emagalduak (“emakume galduak”) gara, eta, eskubiderik ez dugunez, ez dira sexu erasoak existitzen.

Sexu erasoak zalantzan jartzen eta ezeztatzen ditugunean, emakumeen aurkako biolentziaren memoria ezabatzen ari gara. Bere historia ezagutzen ez duen gizartea ibilbide bera errepikatzera kondenatuta dago; bada, horren aurrean antidoto bakarra sexu hezkuntza dugu. Funtsean, emakumeon ahalduntze sexuala bermatu behar dugu. Hau da, emakumeok gure sexualitatearen, gorputzaren eta desioen jabe bilakatu eta berauek askatasunarekin bizi eta adierazi. Horretarako, gizonek “lehenengo sexua” izateari uko egin behar diote. •