Xabier Mikel Errekondo

Egin apustu!

Orain arte apustuak egiteko ohitura batez ere herri kirolei lotuta egon da, baina plazan bertan egon behar zenez oso jende gutxik egiten zuen apustu. Tragaperras makinan jokatzea gaizki ikusita zegoen eta, hala ere, loteria eta kinielekin batera diru erraza lortzeko tentazioa piztu dute.

Egun errealitatea oso bestelakoa da, publizitatean aurpegi ezagunekin inbertitu milioien eta teknologia berrien eraginez gaizki ikusia eta marjinala zen jokoa “prestigiatu” eta masifikatu egin da, batez ere kirol-apustuak. Diru erraza lortzeko amarruen zelofan berrituak mendekotasun gordina ezkutatzen du ordea.

Urtero milaka jauzten ditu miseria egoerara baina kaltetuenak langile eremuetako gaztetxoak dira, gabeziei eta arazoei ametsezko irtenbidea eman nahian diru errazak eta kirolaren grinak bultzatuta kirol-apustuen pozoian eroriak. 12-22 urte artekoen ia herenak inoiz apusturik egin du eta hamarretik batek sarri jokatu du azken urtean. Arazoa larria da, baina konponbidea herritarrek eman behar diote Azpeitian, Gasteizen edo Bilbon bezala ala agintariak dituzte hartuko neurri zorrotzak? Eredu hor dute Italia: alkoholarekin eta tabakoarekin bezala, publizitatea eta esponsorizazioa debekatu. Jokoa negatibizatu egin behar da, eta kalteak azpimarratu, horrela ikusaraziz bereziki gazteei.

Apustu makinak droga gogorra dira. Publizitatea “Sobera” dago! •