2019/01/12

Erreportajea
infraganti
TXERRA BOLINAGA

Duela ia lau hamarraldi RIP taldea sortu zuen zenbait lagunekin, momentua bizitzea helburu bakartzat zuela. Eta momentu gozo eta samin asko bizi izan zituen lagun artean, beti ere rock-punk doinuetan blai. Estilo hori utzi gabe, Konpost taldean jotzen du egun Txerra Bolinaga euskal presoen eta eskubide zibilen aldeko militante sutsuak.

Xabier Izaga Gonzalez
0112_txerra1

Bere burua «dagoeneko erdi pataterotzat» duen musikari arrasatearra RIP taldearekin lotuko du 80ko eta 90eko hamarkadetako musika mugimendua ezagutu zuen edonork. Garai hartako talderik esanguratsuenetakoaren sortzaileetakoa baita, bere anaia Jul eta Portu eta Mallabi lagunekin batera. Ia 40 urte dira «zerbait» egitea pentsatu zutela. Lehenik Doble Cero bezala eta handik gutxira, Mallabiren ordez Carlos Mahoma taldera sartzean, RIP behin betiko izena hartuta, ezin ukatuzko ekarpena egin zioten garai oparo hartako musika mugimenduari, euren helburu bakarra momentua bizitzea bazen ere.

Hala Bedi irratian egindako elkarrizketa batean, Txerra Bolinagak esan zuen RIP talde bat baino gehiago izan zela, «jarrera bat, gauzak egiteko modu bat, lagunak…». Iritzi berekoa da Iker Barandiaran GAUR8ko kolaboratzailea ere. Orrialdeotan idatzi zuen “Jarrera hilezkorra” artikuluan, taldearen jarrera nabarmendu zuen hain zuzen, taldekideen «punka ulertzeko modu egiazkoa, apala eta eraikitzailea». Halakoxea da Txerra ere, eta RIP talde garrantzitsu eta esanguratsua izan zela entzunda, baietz dio, «baina hori batez ere orain etorri da, besteak beste liburua egin dutenean». Izan ere, iaz “Larga vida a RIP” lana argitaratu zuten bi gazte kataluniarrek, lagun askoren parte hartzea tarteko, fanzinea izan behar zuena 376 orrialdeko liburukote bihurtuta. «Kontua da guk ez genuela ezagutzera eman nahi», jarraitu du Txerrak, «egiten genuena ez genuen ospetsu izateko egiten, edo ez dakit zer lortzeko. Ia 40 urte pasatu dira, eta guk ez genuen inondik inora pentsatzen hark iraungo zuenik, ezta ni RIPen gaineko elkarrizketak egiten ibiliko nintzenik 40 urte geroago. Gure filosofia ‘ez dago etorkizunik’ zen, carpe diem!».

Txerrarentzat, taldearentzat, garrantzitsuena lagun talde handia izatea zen: «Nik ez dut ulertzen RIP nire kideekin eta lagunekin ez bada. Gu kontzertu batera joaten ginenean, ez ginen bakarrik joaten, baizik eta 20 edo 30 lagunekin, kotxez, auto-stop eginez...».

Dagoeneko hogeita bat urte joan dira Portu hil zenetik; hamabost, berriz, Mahoma hil zenetik. Lau baino ez Txerraren anaia Julek Bergarako gaztetxeko oholtza gainean azken hatsa eman zuenetik, azken abestia eskaintzen ari zela. «Oso gogorra izan zen, ‘Condenado’ abesten ari zen, The Potes taldeak [garaian Julek bertan jotzen zuen] egiten zuen RIPen bertsioa. Lau urte pasatu dira, eta orbaina hor dago, betiko; bizitza guztia eman nuen berarekin, anaiaz gain oso laguna nuen, kolpe handia izan zen. Baina beste alde batetik, orain pentsatzen dut nahi zuena, gustuko zuena egiten, musika egiten hil zela», dio Txerrak nahigabea eta aldi berean harrotasuna agertuz.

Beste zenbait taldetan ere jo izan du Txerra Bolinagak bateria. Gaur egun ere bai, Piztu Punk taldean. 2008an Hala Bedi Irratiak eta Gasteizko Gaztetxeak antolatu zuten Piztu Gasteiz egunerako elkartu ziren eta hor segitzen dute.

Rock-punkean bere lekua topatu zuen Txerrak, baina denetariko musika entzuten du, estilo guztiak, musika klasikoa barne. Betidanik bizi izan du musika giroak. Etxean amak pianoa jotzen zuen, arrebek gitarra eta ahotsa lantzen zuten, eta aita abesbatza bateko kide zen. Julek eta berak gaztetan tronpa eta tronboia jotzen ikasi zuten, hurrenez hurren. «Hasieran rock-and-rollarekin zaletu ginen. Oso musika zaleak eta rock-and-roll zaleak ginen. Gero punka heldu zen, 80ko hamarkadan, eta hori izan zen detonantea». “Zuk zeuk egin” filosofiak erakarri zituen: jotzeko ez zen maisua izan behar, eta «orain bai» esan zuten.

Konpost

Azkenaldion proiektu berri batean sartu da Txerra, Konpost taldean, hain zuzen. «Betikoa» utzi gabe, baina. Duela urtebete eta erdi Ruben Sanchez bertsolariak erabat estilo desberdineko musika egiteko bildu zituen zenbait lagun, denak ere beste talde batzuetan zailduak. Ruben eta Txerrarekin batera, eta lagun giroan, Jon Aranburu Stockhom S. taldeko gitarra jotzaileak eta Bingen Mendizabal konpositore eta Hertzainak taldeko biolin jotzaile ohiak osatzen dute laukotea. Zaharraz Harro Gasteizko Alde Zaharreko jaietan, Zumaiako “Kalea guztiona da” ekimenaren barruan, Hala Bedi tabernan eta beste zenbait lekutan jo dute.

Hasieran, Txerrak zalantzak izan zituen musika eztiago eta motelagoa egiteko gai izango ote zen. Haren ustez, bateriarekin teknikoki mugatuta zegoen, bere kabuz ikasi baitzuen, baina, dioenez, oso aberasgarria suertatu zaio Konposten jotzea eta asko ikasten ari da, beste erritmo batzuk eginez. «Ruben kristoren laguna da eta berarekin edonora joan daiteke», dio. Pozik dago taldearekin. Normalean bertsioak egin izan ditu jo duen taldeetan, eta «orain abesti propioen garaia iritsi da». Haietako «pare bat presoen gaiaz, bat Almeriako espetxetik iritsitakoa».

Militante

Duela 26 urte iritsi zen Gasteizera eta berehala arreta eman zioten gaztetxeak, Hala Bedi irratiak eta oro har Gasteizko giroak. Orduan hasi zen Txerra herri mugimenduan gero eta konpromiso handiagoa hartzen. Dioenez, RIPek bazuen harremanik kolektiboekin-eta, hiesaren aurkako jaialdietan parte hartu edo euskal presoen aldeko kontzertuak egin zituzten, «baina gure militantzia musika zen», dio. Gasteizen hiesaren aurkako kolektiboa, gay kolektiboa eta poliki-poliki beste asko ezagutzen joan zen, Alde Zaharrekoa, euskal presoen aldekoa, Eleak... Hain zuzen, Eleak-Libre dinamikaren aurpegi ezagunenetako bat izan zen. Argi utzi nahi du, ordea, protagonistak auzipetutako guztiak izan zirela. «Agertzea tokatu zitzaidan, hala proposatu zidaten eta nik onartu egin nuen, besterik gabe. Oso gustura ibili nintzen. Batez ere epaiketaren zain zeudenekin eta haien senideekin egoten nintzen. Senide horiek oso esker onekoak dira. Garai hori nik bihotzaren barne-barnean daukat, harresiak oso intentsuak ziren, emozio handikoak. Oso garai polita izan zen niretzat, oso estresantea ere bai, baina gazte haien eta haien senideen oso oroitzapen ona dut».

Duela hiru aste Arabako hainbat lagun ezagunekin batera gaur Bilbon eta Baiona izango diren manifestazioetara joateko deia egin zuen. «Gai hori ere...», dio kezkatuta. Aspaldi hasi zen presoekiko elkartasun ekimenetan parte hartzen, «eta oraindik ere, izan diren aldaketen ondoren, horrela jarraitzea tristea iruditzen zait, kristoren gehiegikeria». Bilbora joatea «oso garrantzitsua» iruditzen zaio, baita beste ekimen askotan parte hartzea ere. Jendea nekatzeko arriskua dagoela uste du, baina argi dauka kalera ateratzea ezinbestekoa dela. «Garaia da, aspaldi zen garaia, eta ezin dugu dinamika hau albo batera utzi».

Arratsaldeko bost eta erdiak dira. Arrasatera doa, amarenera, harekin egon eta afaltzen ematera. Urte asko ditu amak eta gaixorik dago; hori dela-eta, Arrasate eta Gasteiz artean ibiltzen da Txerra, beste konpromiso asko alboratu gabe, baina orain haietan bete-betean sartu gabe. Arrebekin batera, erabateko arreta eskaintzen dio amari. «Hori militantzia bezala daukat», dio.

Barandiaranek arrazoi, benetakoa, umila... Txerra Bolinaga. •

Konpost taldean, Txerrak zalantzak izan zituen musika eztiago eta motelagoa egiteko gai izango ote zen, baina, dioenez, oso aberasgarria suertatu zaio eta asko ikasten ari da

Bilbora joatea eta presoen aldeko ekimenetan parte hartzea oso garrantzitsua iruditzen zaio. Jendea nekatzeko arriskua dagoela uste du, baina «kalera ateratzea ezinbestekoa da», dio