2019/02/02

Ramon Sola
1997an mahaikideak, 2019an Govern-ekoak

Giro itogarrian gertatu zen epaiketa hura, oraingoa bezala. Tramite hutsa zirudien, mendeku ariketa soila, baina «a por ellos» hark ez zion ezer onik ekarriko Estatuari

Kataluniako agintari politiko eta zibilek datozen egunotan zeharkatuko duten Auzitegi Gorenaren ate beretik pasatu ziren HBko Mahai Nazionaleko 23 kideak 1997ko urriaren 6an. Alderdi baten zuzendaritza oso bat epaituko zuten estreinakoz, Franco hil eta 22 urte beranduago. Orain erreferenduma, orduan gatazka konpontzeko proposamen bat zegoen jopuntuan; bideo bat, azken finean. Zortzi urteko kartzela zigorra eskatu zuen Fiskaltzak; 25 urteraino heldu da orain, Oriol Junquerasen aurka. Ezker abertzalekoen kontra, PSE bera akusazio partikular bilakatua zen.

Gogoan dut giro guztiz itogarrian abiatu zela epaiketa. Auzia aurretik zetorren, baina Goreneko jarduna hasi baino hiru hilabete lehenago ETAk Miguel Angel Blanco bahitu eta 48 ordura hil egin zuen. Zortzi hilabete lehenago baserrian bere buruaz beste egin zuen auzipetuetako batek, Eugenio Aranburu «Txo»-k. Roberto Sampedro «Pitote» prentsa arduraduna ere zendu zen akusatuen aulkira heldu aurretik. Mahaikideen atxiloketen aurkako manifestazio handi batean Ertzaintzak tiro egin, eta bi lagun balaz zauritu zituen. Epaitutakoek ez zuten Madrilen ibiltzerik, jakina, baina Rascafria herrian, hiriburutik 80 kilometrora, ostatu hartu zutenean, hori ere argitara eman zuten espainiar hedabideek, beren segurtasuna arriskuan jarriz. Floren Aoiz irudikatzen zuen panpina bat urkatu zuten ultraeskuindarrek urriaren 6 hartan, Gorenaren aurrean. Ezin argiago mintzo zen «El Pais»-en editoriala: «Lo más importante del juicio es que se celebre».

Gorenaren barrenak ez dira Auzitegi Nazionalarenak; honetan funtzionaltasuna nagusi bada, Gorenean dena da ponposo, arranditsu, luxuzko, baina aldi berean hutsal. Adinean oso sartuta zeuden epaileen axolagabekeria nabaria izan zen: Tasio Erkizia “Tasio Egipcia” birbataiatu zuten, euskara oso nekagarria egiten omen zitzaien eta, epaiari begira funtsezkoa zena, bideoa benetan emititu zen ala ez, berdin zitzaien. Nazioarteko elkartasun handirik ere ez zen sumatzen, salbuespen batzuk kenduta (August Gil Matamala abokatu katalana, europar ordezkari gisa bertaratua; zendu berri den Lolo Rico, epaiketa-aretoan auzipetuen alde peritu lana egin zuena; Alex Maskey Sinn Feineko betiko bidelaguna...). Auzipetuei I hizkia zeramaten akreditazio txartelak eman zizkien Gorenak, A abokatuentzat, O nazioarteko begiraleentzat... baina C (condenados) egokiagoa zatekeela onartzen zuten haiek pasiloetan. Idatzia zen zigorra, bai: zazpi urte bakoitzarentzat.

Tramite hutsa zirudien denak, mendeku ariketa soila, baina bestelako ondoriorik izan zuen. «A por ellos» aldarria abiapuntu zuen erasoaldiak ez zion onik ekarri Estatuari. EAJ bera nabarmen aztoratua zela, ia ezerezetik abertzaleen arteko harremanak berpiztu ziren, Lizarrako Akordioa erdituz eta Estatuari iniziatiba kenduz; presioa arintzeko-edo mahaikideak askatuko zituen Konstituzionalak 1999ko udan. Kolpe handia izanik ere, ezker abertzalearen bidea ez zuten moztu: osatu beharreko zuzendaritza berrian gehienentzat ezezaguna zen Arnaldo Otegi ageri zen, jada 40 urte zituen agintari berri eta berritzaile gisa. Espainiaren ezintasun bikoitza agerian geldituko zen hortik aurrera: beste nazioak onartzekoa zein bere barrua demokratizatzekoa. Gatazka armatuak beste ziklo lazgarri bat egingo zuen Euskal Herrian, azken-aurrekoa. Gatazka politikoak gaurdaino segitzen duela ulertzeko, aski da berriz, 22 urte geroago, Gorenera begira jartzea. •