Gorka Elejabarrieta

Lortuko dugu

Berrogei urteak pasata, bizitza erdia eman dut munduari bueltaka, enbaxadak izatea debekatua duen herri baten enbaxadore moduko baten antzera. Balizarik gabeko diplomatikoa. Denetarik ikusi dut, denetarik gertatu zait.

Ez daude bi egoera, gertaera, gauza, pertsona berdin, eta, ondorioz, ez dago erantzun unibertsalik, toki batean eta beste batean berdintsu erabil daitekeen errezetarik. Badago, baina, ia-ia arau den zerbait. Askotan kanpoan gertatu den edo dagoen hori etxean daukazuna baino hobeto baloratzen duzu. Giza izateari loturik doan zerbait izan daiteke, ez dakit, baina urteetako esperientziak horrela dela erakutsi dit. Askotan idatzi dut ez delako beti gertatzen. Normalean ezer ez da txuria edo beltza. Europa hegoaldetik inbidia apur batekin begiratu izan ditugu Eskandinaviar herrietan dauzkaten eskubide sozial eta politikoak esaterako, nahiko genukeen ongizate estatu horretatik gertuen dagoen eredua izan daitekeelakoan. Bertokook pozik daude oro har, baina ikuspegi askoz ere kritikoagoa daukate daukatenarekiko, beste alde batetik logikoa dena. Egia da kasu honetan ez dela adibidez alderantzizko fenomenoa gertatzen; hau da, norvegiarrek, esaterako, ez dute espainiar ongizate estatua inbidiarekin begiratzen.

«Ez dakigu ondo baloratzen daukaguna galtzen dugun arte» dio gutxi gorabehera esaera batek. Daukagun hori ez da normalean faltan botatzen. Eta egia da. Europako herri askotako mugimendu edo alderdi ezkertiar eraldatzaileekin izan ditudan ehunka elkarrizketatan badago askotan errepikatu didaten gabezia edo ardura bat: Komunikabide propioena. Edo hobeto esateko, ikuspegi kritiko eta aurrerakoia daukaten kalitatezko eta difusio eta inpaktu zabaleko komunikabide profesional eta independenteena. Europan ez dago horrelakorik. Eta horretara gerturatu daitezkeen salbuespen gutxiek ez daukate publikatzen diren herrialde horietan gurean GARAk daukan moduko difusio eta inpaktu zabala. Zenbatetan entzun diedan dozenaka herri diferentetako militante, aktibistei GARArekin gure herriak, Euskal Herriak, daukan altxorra inbidiaz eta begirune handiz goraipatzen. Herri askotako kazetariekin izandako hainbat eta hainbat hartu-emanetan ere entzun dut horrelakorik. Diodan hau ez da poesia, Pepe Mujicak esango lukeen bezala, benetan gertatu da. Askotan ere bai. Herri honen borroka luzea nekez ulertu daiteke GARA gabe, GARAn irakurri gabe.

Aste honetan GARAk ohartarazi digu Europako eta munduko askoren inbidia den komunikabide horrek bizirik jarraitu ahal izateko gu guztion laguntza beharko dutela. Eman dezagun pauso bat aurrera, guri dagokigu eta. Jarrai dezagun Euskal Herrian horrelako komunikabide bat faltan bota gabe, egunero irakurtzeko pribilegioaz gozatzen. Nelson Mandelak behin esan zuen lortzen duzun momentu horretara arte beti dirudiela ezinezkoa. GARArekin kontrakoa gertatzen dela edo, hobeto esanda, kontrakora ohitu gaituztela iruditzen zait. Ezinezkoa dirudien hori egunero posible egiten dute. Eta posible dela konbentzitu gaituzte, gure imajinarioan GARA existitzea posible eta erreala bihurtu arteraino, nahiz eta egiazki, kontestu orokorra, sektorearena, europarra eta nazioartekoa gainetik aztertuz, horrelako proiektu bat existitzeak berak ere ezinezkoa izaten jarraitzen duen. Baina ezinezko proiektu horiek guztiak errealitate bihurtu gabe gure bizitza askoz ere tristeagoa, aspergarriagoa litzateke, dudarik ez izan, eta oraingoan ere denon artean herri honek lortuko du, egingo du. •