2019/02/09

AGUSTIN BELOKI

«Erromara joan behar diat», esaten zien ingurukoei adinean aurrera zihoala eta bere ibiltari kontuak alboan utzi beharko zituela iradokitzen ziotenean. Esan eta esan, bere bizitzako bidaia osatu zuen duela lau urte, 76 urte zituela. Donostiatik Erromara joan zen oinez; 94 egun, 91 etapa, 2.400 kilometro. Eta ibilian segitzen du oraindik, egunero.

Amagoia Mujika Telleria
0209_agustin4

Erretiroa hartu ondorengo ibiltaria omen. Hala definitzen du bere burua Agustin Belokik. Duela 81 urte Bidania-Goiatzen jaioa, Legazpin eman du bizitzaren parte handiena. «Inguruko mendiak urtero igotzeko ohitura bagenuen, emazteari ere gustatzen zitzaion. Baina beti hemen inguruan ibiltzen ginen. Alargundu nintzenean nora begiratu ez nekiela geratu nintzen eta orduan hasi nintzen iraupen luzeko ibilaldiak egiten, 40 kilometrotik gorakoak». Horrela hasi eta konturatzerako iraupen luzeko 10-12 ibilaldi osatu zituen. «Bakarrik joaten hasi nintzen, baina han taldea egin genuen erritmo paretsuan ibiltzen ginenok. Gazteek sei ordutan egiten zuten bidea guk hamabi ordutan egiten genuen. Beti azkenak. Baina laukote bat elkartu eta gustura joaten ginen gure erritmoan», gogoratu du. Ordurako, ibilaldi luze haietan hasterako, hirurogei urteak pasata zituen. Inoiz ez da berandu.

Ibilaldi haietan konturatu omen zen irauteko gaitasuna zuela. «Lau ordutan bezala seitan, edo sei ordutan bezala zortzitan, denbora luzean ibiltzeko gaitasuna nuela ikusi nuen». Eta horrela pasatu zen Donejakue bidea egitera. «Hirutan egin dut, Orreagatik bi bider eta iparraldekoa, Irundik, hirugarrena».

Bere zaletasun hark zer esana ematen zuen senideen eta lagunen artean. «‘Utzi beharko diok halako batean ibiltzeari’, esaten zidaten. Eta, nik, erantzun: ‘Utzi? Erromara joan behar diat!’». Eta horrela, esatearen esateaz edo, konturatu zen Erromakoa ez zela ingurukoak zirikatzeko erantzun bat, benetan egin nahi zuen bidaia bat baizik.

«Buruan neukan Zilarraren Bidea egitea. Horixe nuen helburua. Baina berandutzen ari zitzaidan eta pentsatu nuen urtebete emanez gero Zilarraren Bidea egiten, hurrengo urtean ja ezingo nuela Erromara joan. Zahartzen ari nintzen eta Erromako bidaiari eman nion lehentasuna».

Bere gogoaz eta alaben bultzadaz, Erromako bidaia prestatzen hasi zen Agustin Beloki. Ez baitzen ero-eroan abiatu, aurretik pulamentuz prestatu zuen bidaia. Batetik, bi hilabetez frantseseko ikastaro bat egin zuen. «Esaldi batzuk ikasi nituen; jana eskatzeko, ordaintzeko... Buruz ikasi nituen eta idatzita ere eraman nituen. Baina, gero, ustekabean ailegatzen zen erabiltzeko beharra eta ni akordatzerako edo papera ateratzerako, berandu. Ez zidan askorako balio izan!», kontatu du ibiltariak.

Beste ikastaro bat ere egin zuen, GPSa maneiatzen ikasteko. «Tolosan egin nuen eta ikastaro hark asko lagundu zidan, batez ere mendiko etapak bideratzeko orduan. 20 edo 25 kilometro arbola artean egin eta beheko herrira jaisten nintzenean GPSari esaten nion: ‘Bejondaikela! Hiri esker burutu diat gaurkoa ere!’».

Katedraletik katedralera

Donostiatik abiatu zen 2013ko irailean. Artzain Onaren katedraletik. Hartara, katedraletik katedralera osatu nahi zuen bidea; Donostiako Artzain Onetik, Erromako San Pedrora.

Bakarrik egin zuen bidea. «Beti esaten didate bakarrik ezin dudala joan, bakarrik ezin dudala ibili... Nik erantzuten diet bakarrik ibiltzea ez dela gomendatzeko modukoa, baina bakardadea maitatzen ikasi egiten dela. Bakarrik gustura ibiltzen naiz. Baditu bere arriskuak; mina hartzea, okerreko bidea hartzea... Tira, nik ere egin ditut alfer bidaiak, baina moldatu naiz».

Bakarrik egin zuen Erromarako bidaia bidaiderik ez zuelako topatu. «Erromara joateko lagun bila ibili nintzen, Legazpin bertan hamar bat laguni galdetu nien eta denek ezetz esan zidaten. Ez nuen lortu inor animatzea». Horregatik erabaki zuen bakarrik joatea. «Bidean jende asko topatu nuen, baina gehienak handik hona zetozen. Gehienek Erroma-Santiago egiten dute eta denek esaten zidaten okerreko bidean nindoala, Santiago nire bizkarrean zegoela, ea nora nioan».

Hala ere, bidean bakarrik joanagatik, ezinbesteko laguntza eta konpainia izan zuen bide osoan zehar: alabena. «Alaba zaharrenak, Terek, prestatu zizkidan etapak; mapak, lo egiteko tokiak... Koadernotxo bat eramaten nuen gerriko poltsan, txukun-txukun jarria, eta oso lagungarria izan zitzaidan. Egunero eguneko etapa prestatzen zidan alabak; zein herri pasatuko nituen, non neukan lo egiteko tokia... Pentsa, inguruan antzerkiren bat edo bestelako ekitaldiren bat baldin bazegoen, horren berri ere ematen zidan».

Hartara, etxetik abiatzerako gerriko poltsan txukun-txukun zeraman informazioa; koaderno bat Estatu frantseserako, eta, bestea, Italiarako. Alabek, beraz, parean egin dute bidaia. «Egunero bizpahiru dei izaten nituen, dena ondo zihoala jakiteko. Gainera, Whatsappera bidaltzen zizkidan alabak egun horretan beharrezko nituen mezuak, frantsesez edo italieraz. Herri batera iritsi eta telefonoko mezua erakusten nion herritarren bati. Nik ez nuen mezua ulertzen, baina haiek bai, eta askotan herriko jendeak laguntzen zidan lotarako tokiraino bertaraino. Inork ez dit makurkeria txikiena ere egin. Alderantziz, jendearekin denak esperientzia onak izan dira».

Etapaz etapa, pausoz pauso

Donostia-Erroma; 94 egun, 91 etapa, 2.400 kilometro, 3.500.000 pausotik gora. Horiek dira Agustin Belokiren balentriaren zenbakiak.

Bidea hiru zatitan egin zuen, neurtua delako eta bere adina eta sortu zitezkeen arazoak presente zituelako. «Nire arazoa ez zen nire buruarekin ez sinistea, nik banekien gai nintzela. Baina, gero, inguruak lagundu behar dizu; eguraldia, ez erortzea, etxean ezer ez gertatzea... Badira beste baldintza batzuk. Eta horiek denek errespetatu egin naute. Zorte handia izan dut inguruko baldintza horiek denak ondo atera direlako. Eta ni, aurrera, ibili eta ibili. Hori zen nire lana».

Aipatu bezala, 2013ko irailean abiatu zen Donostiatik. Lehen helmuga, Lourdes. «Alfer bidaia izan zen, ez neukan Lourdesera joan beharrik, baina horrela egitea erabaki nuen. Azken etapa egiteko bi alaben laguntza izan nuen», gogoratu du.

Lehen egunean bertan, Donostiatik Irunera bitartean, Jaizkibelen erorketa bat izan zuen. «Hezur hausketarik ez, baina buruan azal urraketa nahiko serioak bai». Medikuarenera joan zen, Irunen bertan. Ondo gogoan du medikuak esandakoa; «ibiltzen jarraitzeko baldintza guztiak dituzu eta nik ez dizut eragotziko. Baina ezin duzu ahaztu 76 urte dituzula». Hori ahaztu gabe, bere indarrak neurtuz eta arriskuak aurretik ikusiz, aurrera segitu zuen.

Lourdesera iritsi eta etxera itzuli zen, bigarren etapa buruan hartuta: Lourdes-Montpellier. «Etxera etorri eta ez genuen utzi egun bakar bat ere bidaia prestatu gabe. Bigarren etapara alaba zaharrenak ere etorri nahi zuen eta haren oporren arabera antolatu genuen. Maiatza bukaeran abiatu genuen bigarrena, Lourdesetik Montpellier herriraino».

Bigarren etapa pentsatu bezala osatu eta dagoeneko Erromara begira jarri zen. «Montpellierretik Erromaraino beste 60 etapa falta zitzaizkidan eta luzetxo izango zela pentsatu nuen. Horregatik, etxera etorri nintzen, azken etapa ondo prestatzeko». Egunean, batez beste, 30 kilometro egiten zituen.

Hirugarren etapa eta azkena 2014ko irailean abiatu zuen, beraz, Montpellierretik. «Buruan neukan bidaia egin nuen, zoragarria. Nire buruarekin poztasun eta asetasun handia sentitu nuen. Azken etapan ama lurrak bere aurpegirik ederrena erakutsi zidan; udazkena izanik bidearen ezker-eskuinak igaliz jantziak oparitu zizkidan. Adibidez, Frantzia zeharkatzean, arto eta gari soroez aparte, mahasti, melokotoi eta sagastiek harrituta utzi ninduten. Hiro edo lau egun egin nituen alez betetako sagastietatik irten gabe».

Akordatzen da Erromara iristeko ehun kilometro faltan, argazkia ateratzeko inor ez zuela topatu zela. «Pentsatu nuen, behin hona etorriko eta argazkia atera gabe! Han aurreraxeago ni bezalako aitona bat ikusi nuen, baratzean lanean. Gerturatu eta argazkia aterako ote zidan galdetu nion, keinuka. Aitzurra utzi eta nirekin etorri zen ehun kilometroko seinalea den harri horretara eta argazkia atera zidan. Une ederra izan zen».

Eta Erromako San Pedro plazara iritsi zenean apartatzeko moduko beste une bat bizi izan zuen. «Familia guztia topatu nuen, pankarta eta guzti, nire zain. Bi alabak, bi suhiak eta lau ilobak. Hura poza, pergamino denek baino gehiago balio du horrek!».

Pausoa laburtzen

Agustin Belokik egina du bere bizitzako bidaia. Baina ibiltariaren jantzia ez du erantzi. Erromakoaren ondoren egin zuen Baztango Bidea, familia guztiarekin. Eta egunero egiten ditu hamar kilometro. «Akordatu gabe, pausoa mozten ari zait. Lehen eguneroko buelta hori 105 minutuan egiten nuen, eta, orain, berriz, 115-120 minutu behar ditut. Kilometroko minutu bat galdu dut».

Egunerokoaz aparte, larunbatero Gabiriara joan eta etorri egiten du, hogei kilometro. Eta igandeetan, libre badauka eta eguraldiak baimena ematen badio, Urbiara. «Jende gazteak airean pasatzen nau, baina ez dit inbidiarik ematen. Ni nire erritmoan ondo ibiltzen naiz. Uztea ere egokituko zait, baina, bitartean, aurrera».

Horixe da bere ikuskera. Horregatik, Erromara joan zenean garbi zeukan mezua: «Ez naiz eskatzera etorri, eskertzera baizik. Norbaiti itzuli nahi diot, norbaitek emana». Horixe, osasun ona eta ibiltzeko indarra izatearekin pozik dagoela. Gehiago ezin omen du eskatu. •

Donostia-Erroma; 94 egun, 91 etapa, 2.400 kilometro, 3.500.000 pausotik gora. Horiek dira Agustin Belokiren balentriaren zenbakiak. Bidea hiru etapatan egin zuen 76 urte zituela

«Buruan neukan bidaia egin nuen, zoragarria. Nire buruarekin poztasun eta asetasun handia sentitu nuen. Azken etapan ama lurrak bere aurpegirik ederrena erakutsi zidan»

«Akordatu gabe, pausoa mozten ari zait. Lehen eguneroko buelta hori 105 minutuan egiten nuen, eta, orain, berriz, 115-120 minutu behar ditut. Kilometroko minutu bat galdu dut»

Erromako San Pedro plazara iritsi zenean une berezia bizi izan zuen. «Familia guztia topatu nuen, pankarta eta guzti, nire zain. Pergamino denek baino gehiago balio du horrek!»