2019/02/16

Kronika
 
Bilbo egin zuten emakumeak

Bilbo Handiaren garapenaren zati nagusi bat emakumeek eraman dute bizkar gainean. Emakumeoi begira mendeetan zeharreko bidaia egin du GAUR8k Marta Brancas Escartin historialari eta mugimendu feministako kidearen eskutik, Zazpikaleak zein Bilboko itsasadarra bete zituzten hamaika lanbide ezagutuz.

Nerea Goti
0216_abaitua2

Emakumeen lanbideok ezagutzeko kontakizuna iraganera egindako bidaia baten modukoa da. Bereziki gogorra da zirgariek eta zamaketariek zituzten lan baldintzak ezagutzea, zama-animalien modura aritu baitziren

Lana ez zen zama bakarra, agintarien jazarpena ere jasan behar izan zuten emakume langile askok. Errotari, labekari edota okinen lana erakundeen kontrolpean zen. Horrez gain, Elizak zelan jantzi behar zuten ere agintzen zien

Brancasek nabarmendu bezala, historian zeharreko ibilbideak erakusten du emakumeek eskuekin egiten zituzten lan asko egiteko makineria sortu ahala, makinok gidatzen gizonak jarri zituztela nagusiki eta ez emakumeak

Emakumeek Bilboren biziraupenerako funtsezko lanbideak bete dituzte historian zehar. Marta Brancas historialariak nabarmendu bezala, kontuan hartu behar dira bai egindako ekarpenaren garrantzia bai emakume lanon gogortasuna

Ibaizabal ibaia eta Kantauri itsasoa batzen diren itsasadarra izan da historian zehar Bilboko garapena bultzatu duen zain nagusia: bertako urek lanbidez, gertaerez eta bizipenez bete dituzte ibaiertzeko moilak zein hiriaren barrualdeko lurrak. Aberastasuna, ideiak, bizimoduak, lanbideak, ahaleginak... garraiatu dituzten ur horiei esker joan dira hazten Ibaizabal ibaiaren bi aldeetako ertzak, garai batean harresituta zegoen herrixka txiki hura gaur egungo Bilbo Handia bilakatu arte. Bertako bizilagunak garaietara egokitzen joan dira itsasoaren barneraino sartzen den ur-mihiaren ondoan, mihi horretatik sartu eta ateratako guztiari esker. Hori bai, kontakizuna ez da oraindik bukatu.

Askotariko aldaketak izan dira historian zehar Ibaizabalen bi ertzetan. Itsasadarrean jazotako gertaerez nahikoa jakin da dokumentu eta garaiko kronikei esker. Arrastoa, baina, lausoagoa da bertakoen bizimoduei erreparatuz gero, are lausoagoa familia, etxe eta lanbideen zutabe izandako emakumeen bizitzetara hurbildu heinean. Emakumeek garapena ekarri zuten Bilbo Handira lanbide askoren pisua sorbaldan, edota, buruan, testualki, hartuta. La Peñaraino barneratzen den 15 kilometro inguruko ur-mihiaren ondoan ez zioten inoiz lan egiteari utzi. Historiak erakusten du soldatapeko lanbideetan aspalditik aritu izan direla emakumeak, denetik egin izan dutela etxe barruan zein kanpoan biziraupena ziurtatzeko, etorkizuna eraikitzeko.

Emakumeen bizitzak, aldiz, ez dira orain gutxira arte hitz larriz idatzitako historiaren lehen planoan jarri. Apurka-apurka, baina, azaleratzen ari dira, Marta Brancas Escartin bezalako historialariek erreskatatuta. Ezaguna da historialari bilbotarrak iraganaren berreskurapenari egindako ekarpena, batez ere emakumeen eta Bilboko historiari. Bere proposamen xarmagarrienetako bat itsasadarrean zehar itsasontziz txango bat egitea da. Horrelako bat egiteko aukerarik izan ez dugun arren, ez da zaila begirada ameslariko Brancas Escartin ibilguaren ertz batera eta bestera begira imajinatzea, arrastoa utzi zuten emakumeen istorioak kontatzen, nortzuk ziren, zer egin zuten eta zelan bizi ziren kontatzen.

Itsasontzian txangoa egitea ez zen posiblea izan, baina Brancasekin zenbait solasaldi interesgarri izateko aukera sortu zen, itsasadarretik hurbil beti. Moilara hurbiltzearekin batera iraganeko emakumeez galdetu eta berehala inspiratzen da mugimendu feministako militante historikoa. Edozein aldera begiratuta irudiren bat pizten zaiola dirudi; hitz egiten duen bitartean, erraz imajinatzen ditugu iraganeko emakumeak, euren aurpegi eta jantziak ikustera heldu arte. Horrelako une batean, San Antongo zubiaren eta Erriberako azokaren artean, besoa altxatu eta inguru bat seinalatzen du Brancas Escartinek. Azokaren ondo-ondoan gaude. «Hor kokatzen ziren sardina saltzaileak», dio. Eta esan bezala, irudimenak atoan berreskuratzen ditu saskia buru gainean edo aldakan jarrita eramaten zuten sardina saltzaileak. Kanta ezagunak irudikatutako emakumeak begi aurrean izango bagenitu lez. Askoz gehiago deskubritzeko ataria zabaldu baino ez da egin.

Sardina saltzaile ospetsuak

Sardina saltzaileon iruditeri jakin bat badugu sortuta guztiok, baina seguruenik gutxiago ezagutzen dugu emakumeon lanbideak hiriarentzat izandako garrantzia. Martxoaren 8aren harira “Bilboko emakumezkoen antzinako lanbideak” izenburupean Udalak 1998an kaleratu zuen lanak datu ugari bildu zituen lanbide zaharrez. Bada, bertan jasotzen denez, 1477an egin zen arrain zaintzaileei espresuki bideratutako lehen udal araudia. Bilbora heltzen ziren sardinak pisatu eta prezio bat jarri behar zietela ezartzen zuen araudiak. Sardinak «auzokideentzat lehendabizi eta kanpokoentzat gero» izan behar zirela ere badio araudiak. «Sardinak Bilboko Udala finantzatu zuen mendeetan zehar», jasotzen du argitalpenak, emakumeon garrantzia agerian utziz.

Auzi bat irabaztea ere lortu zuten arrain saltzaileek, Brancasek gogoratu duenez. 1.510ean izan zen. Moilan zama-lanak oztopatu eta zikintzen zituztela kexu ziren agintariak. Zazpikaleetan sardina salmentarekin kiratsa zabaltzea leporatzen zieten, zikindutakoa garbitzeko eta sardinak saltzeko taula bat jartzeko eskatzen zieten. Akusazioen aurrean ez ziren kikildu. Elkartu eta euren lanbidea kontzejuaren aurrean defenditu zuten. Lanbide zaharra aitortua izatea lortzeaz gain, arraina saltzeko aterpeak jartzea ere lortu zuten. Aterpe haietatik, gaur egungo Erriberako azoka ederrera. Saltzaileez kontatzen dute ere leku askotatik heltzen zirela Bilbora arraina saltzera, eta erraztasun handiak ematen zizkietela elikagaiak bidean zehar ez saltzeko eta «Bilboko merkatua ziurtatzeko».

Errekardariena zen emakume izena zuen beste lanbide garrantzitsu bat. Bilbo harresitura elikagaiak eta bestelako hornidurak sartzea ziurtatzen zuten, eta ez ziren gutxi. Dokumenturen batean ehun emakume inguruko kopurua aipatzen da. Fruta, ogia, arraina eta hegaztiak saltzen zituztela ere jasota dago, baita ilea triskilatuta zutela ere...

Zirgariak eta zamaketariak

Bilbon baserriko produktuak saltzen zituzten baserritarrak askoz ezagunagoak dira, euren irudia ia gaurdaino heldu delako. Baserritarron lanaz, gehienek herrietatik ibilaldi luzeak egin behar izaten zituztela kontatzen du Bilboko Udalaren argitalpenak. Zorioneko zirenek asto baten laguntzarekin egiten zuten bidea, baina beste askok ez. Saski beteekin egin behar zuten Bilbora arteko bidaia gogorra.

Itsasadarrari lotutako lanbideen artean, zamaketariena eta zirgariena ziren ikaragarrienetakoak, bai zuten gogortasunagatik bai emakumeei eta zama-animaliei gordetako lanak izateagatik. Bai, itsasontzietako kargak lurreratzea eta itsasontziak salgaiz betetzea emakume lana zen. Zamaketariek buru gainean mineralak, bakailaoa, ikatza... garraiatzen zituzten. Pentsa, hain ziren merkantzia astunak ezen bi gizon behar zirela fardelok emakumeon buru gainera igo ahal izateko.

Ripan eta Uribitarten egiten zituzten zama lanak emakumeek soldata kaskarren truke. Bertako eta kanpoko kronistek harrituta deskribatu zituzten Olabeagan ohikoak ziren irudiak. Ontzi handiek ezin zutenean Bilbon sartu, gabarretan lurreratzen zituzten merkantziak, Brancasek azaldu bezala. Sirga maneiatzen zuten emakumezkoek tiraka hurbiltzen zituzten gabarrak moilara. «Emakumeoz oso idazle ezagunen deskribapen literario itzelak daude», dio historialari bilbotarrak.

Brancasek gehitu duenez, «kaleko emakume pobreei ‘zazpi gonazpikokoak’ deitzen zieten, zeukaten arropa guztia jantzita eramaten zutelako, negua ala uda izan». Gogoratu du Elizak emakumezkoek burukoa janzteko agindu zuela, baina batzuek burukorik ere ez zutela. «Burukorik gabeak» deitzen zieten. Askok ilea larru-arrats moztuta eramaten zuten sirgarekin lan egiteko edota zamak buru gainean eraman ahal izateko.

San Frantziskon, harriak jasotzen

1877 eta 1900 artean San Frantzisko auzoa eraiki zen, Brancasek azaldu bezala. Bilboko zabalgunea planifikatu zen garaia zen. Langileria hiriko behealdean pilatu eta burgesia hiriko goialde lauan instalatzea bilatzen zuen erabakiak. «Frantziskanoen komentua zegoen bertan, kaleari izena eman ziona. Gerra Karlistetan eraitsi nahi izan zuten; Mariaren Bihotza egina zegoen dagoeneko, San Frantzisko bera eta Gorte kalea bezala. Komentuko harriak kentzeko ezin zutenez zalditeria sartu, emakumeak erabili zituzten lan horretarako», kontatu du Brancasek. Harria pikatzen ere ibili ziren emakumeak, «horrela egiten baitzen harrikoa egiteko harea».

Itsasadarretik kanpo, hiriaren barnealdean, errotari, labekari eta okin lanak ere egin dituzte besteak beste Bilboko emakumeek historian zehar. Okin ofizioa hiriarekin batera hazi zen. «Emakumeak askotariko lanbideen buruan aritu izan dira», Brancasek azaldu lez. Azpimarratu du emakumeentzako soldatapeko ofizioak industrializazioa heldu baino askoz lehenago zeudela. Izan ere, «emakumeen lanak elikatzen zuen hiria». Ogia elikagai preziatua zela gogoratu du, jende askoren biziraupena bermatzen zuen oinarrizko elikagaia. Testuinguru horretan, ogiaren merkatua oso araututa zegoela nabarmendu du. Araututa zegoen ogiak izan behar zuen pisua eta prezioa, baita Bilbo hornitu behar zutela kanpoan saldu beharrean ere. Emakumeek labeetan egiten zuten denbora ere kontrolpean izaten zen, bertan denbora luzez egon zitezen.«Labekariak kriminalizatzera heldu ziren beharrezkoa zuten baino ore gehiago erabiltzeagatik», zehaztu du Brancasek.

Historialari bilbotarrak aipatu duenez, emakumeek ez dute gremio-antolakunde handirik izan Bilbon. Aldiz, XIV., XV. eta XVI. mendeetako udal araudietan argi eta garbi ikusten denez, emakumezkoen gremioak izan, izan ziren.

Bilboko hazkundea elikatu zuten emakumeak gogoratzeko ibilaldietako batean, Somera kaleko serorak etorri zaizkio burura Brancasi. Elkarrekin bizi ziren emakumeak ziren, lan ezberdinez arduratzen zirenak. Trentoko Kontzilioak bukatu zuen serorategiekin. «Landa eremuetan serorategi asko zeuden, baina Zapikaleetan ere ehunka urtez egon ziren», Brancasek zehaztu duenez. Serora batzuk ospitaleetan bizi ziren, eta gaixoak zaintzen zituzten, baina haurrak hezteaz ere arduratzen ziren, etxeetan gaixoak zaintzeaz…

Sua egiteko egurra buru gainean

Bazeuden foguera bezala ezagututako emakumeak ere. Kontuan hartu behar da etxeetako suak elikatzeko egurra behar zela lehenik, eta, gerora, ikatza. Buru gainean eramaten zituzten zamak eta egiten zutena ez zen inolaz ere bigarren mailako lana. Gainera, ez ziren etxeak bakarrik sua behar zutenak, artisauek ere suaren energia behar baitzuten. Artisauek eraikinen beheko solairuetan izan ohi zituzten ere lantokiak. Agintariek berehala saiatu ziren emakumeon lana kontrolatzen. Horregatik, gizonei honakoa agindu zieten: emazteak edo neskameak buru gainean eraman zezakeen egurra baino ezin zuen eraman. «Handia izan zen foguera eta egur garraiatzaileek pairatu zuten jazarpena. Emakumeei hiribildua erre izana leporatzen zieten. Kontuan hartu behar da egurrezkoa zela dena, eta, logikoa denez, sute handiak izatea oso ohikoa zela», nabarmendu du Brancasek.

Bilboko garapenaz hitz egitearekin batera, meategiak agertzen dira halabeharrez. Meategiekin batera, Bilbon oso aspalditik datorren auzotasun harremana azaleratu da. Brancasek gogoratu duenez, meategien esplotazioa Bizkaiko foruetan «lienzo bidez» egiten zen. Emakume bati, hil arte esplotatu nahi zuen lienzo bat ematen zitzaion, eta, bilbotarrak zehaztu duenez, «lurzatien kasuan aplikatzen zen eskala txikiko neurri hori meategien kasuan ere aplikatzen zen». Ez zen ez garrantzi txikiko jarduera burdinolaz beterik zen Bizkaia bezalako lurralde batean.

Gerra Karlisten ostean foruak desagertuta, industrializazioarekin batera kapitalismo basatia heldu zen: jo eta su lan egiten zuten meategiek trenbideetan ezinbestekoa zen burdina eta ikatza ekoizteko. «Foruak amaituta, Mendizabalen Desamortizazioa etorri zen; pilatutako zorrak ordaintzeko aginduaren ondorioz, Estatuaren eta udalen ondasun komunalen desamortizazioa indarrean jarri zen. Hori horrela, meategiak monarkiaren eskuetatik partikularren eskuetara pasatu ziren. Eremu handien jabe ere egin ziren zenbait partikular. Ondasunak esku gutxi batzuetan kontzentratzen hasi ziren, meategi erraldoiak sortu ziren... Jada aberastuta zeuden jauntxoek makinerian inbertitzeko aukera izan zuten eta ingelesentzat lanean hasi ziren. Horrek, noski, kanpotik Bilbora denetik ekartzea suposatu zuen», kontatu du bilbotarrak.

Zalantzarik ez da, Bilboko itsasadarra merkantzien sarrera eta irteerarako bidea izan da historian zehar. Lanbide berriak ekarri zituen, eta, lanbideekin batera, «bizimodu eta ideia berriak», Brancasek gogoratu duenez.

Maria Diaz de Haro

Bilbotarrarekin hizketan, Maria Diaz de Haro Bizkaiko Andrea agertu da. Aginte politikoa ez zen emakumeen zeregin nagusia baina bazen aginte politikoan berezko aztarna utzi zuenik eta horietako bat da Maria Diaz de Haro. Itsasadarrarekin eta merkantzien mugimenduarekin zerikusi handia izan zuen, gainera. Jaurerriko maila altueneko agintean izan zen lehen emakumea izan zen, Brancasek nabarmendu lez. Ez zuela «inoren agindupean egon nahi» esan da Maria Diaz de Haroz, eta historialari bilbotarrak argi dauka gogor defendatu zuela jaurerria Castilla eta beste batzuen interesen aurrean.

Bigarren maila batean bizitzeko aukera izan zuen, ardura inguruan zituen gizonei utzita, baina Bilbo eta jaurerria gogor defendatzea hautatu zuen. Hiribilduari birsortze zelula eman zion, eta herritarrei lurretik zein itsasotik sortutako merkantziengatik ordaintzeko beharra kendu zien. Burgostik heldutako merkantziak Urduñatik Bilbora joan behar ziren, ez beste inora. Kantauriko portu nagusia bilakatu zen Bilbo, Bizkaia Europarekin harreman zuzenean jarriz.

Gure garaietatik hurbilago, meatzaritza eta burdingintza irakiten zeuden garaian emakumeak batez ere ehun-gintzan aritu zirela azaldu du Brancas Escartinek, eta elikagaien sektorean ere jarraitu zutela. Gogoratu duenez, lanpostu gehien ematen zituzten jarduerek gizonek betetzen bazituzten ere, euren inguruan lanean jarraitu zuten emakumeek behar ezberdinei erantzunez: meatzarien arropak garbitzea, familiak elikatzea, etxeak mantentzea…Meategietan lan egitera bakarrik zetozen gizonei emandako etxeetan lan egiten zuten emakumeak gogoratu ditu historialariak; pilaketa handia zuten etxeok antolatzeko ardura zuten. Hori bai, emakumeek meategietan ere egin zuten lan, trenetatik erortzen zen ikatza biltzen, eskarabilero gisa, edo minerala garbitzen adibidez.

Amaierarik gabeko kontakizun betean sartuta, non bazter bakoitzak emakumeen historiaren zati bat islatzen duen, Brancasen ondoan bidaia luzeago bat egiteko nahia pizten da...