Koldo Sagasti

CAF, zirt edo zart

Duela aste batzuk ezohiko albiste batek nazioarteko iritzi publikoaren jomugan jarri gintuen. CAF enpresako langile batzordeak eskaera egin zion faktoriako zuzendaritzari Jerusalemeko tranbiako eraikuntzarako lizitaziotik erretira dadin. Gurean hauts gehiegirik harrotu ez dituen berriak hainbesteko oihartzuna izan du mundu mailan, non Palestina Askatzeko Erakundeak berak eskertu egin baitien Beasaingo langileei lan zama handia ekar liezaiekeen proiektuaren aurrean irizpide etikoak lehenetsi izana.

Beharginek argudiatu zuten proiektuarekiko errefusa esanez azpiegitura horrek nazioarteko legedia eta palestinarren giza eskubideak urratzen dituela. Trenbidea ilegala da nazioarteko zuzenbidearen ikuspuntutik, ilegalki okupatutako eremuetan eraikiko dutelako. Eta baztertzailea da palestinarrentzat, debekatuta izango dutelako kolono ilegalentzat eraikitako garraiobide hori erabiltzea. Baina, batez ere, gaitzesgarria da Israelgo garbiketa etniko estrategiaren osagai gakoa delako. Azpiegitura horren bidez, okupazio erregimenak Jerusalem ekialdeko kolonia ilegalak hirigunearekin lotu eta auzune arabiarrak banatu egiten ditu; eta horrela, hiriko demografia eraldatu egin nahi dute.

CAFeko langileek enpresaren esku utzi dute korda luzea ekar dezakeen erabakia. Eskakizunari muzin egiteak etekin ekonomiko handia ekarriko lieke, baina baita euren irudi korporatiboarentzako orban bat ere, etikaren gainean diruzalekeria hobesten duen gupidagabeko enpresa bezala geratuko litzatekeelako jendartearen aurrean. Aitzitik, proiektutik erretiratuko balitz, haren jokaera eredugarria izango litzateke Israelekiko merkataritza harremanak dituzten beste enpresa askorentzat.

Ez daukat dudarik tamaina horretako enpresa batek bere interesen alde jokatuko duela. Interes horietarako Israelekiko harremanak oztopo bat badira, garaipenetik gertuago izango gara. •