Xabier Izaga Gonzalez

«EMAKUMEAK PLAZARA». Historiak baztertutako Irungo emakume esanguratsuen gaineko dokumentala

Irungo kaleetan zenbait emakumeren izenak agerrarazi ondoren, emakume horien historiaren berri ematen duen dokumentala aurkeztu berri du Parean Elkarteak: «Emakumeak plazara». Artistak, hamaika borrokatan zaildutako langileak, kirolariak... emakume izateagatik kaleetatik eta historiatik ezabatuta egon direnak.

Parean Elkarteak Mertxe Tranche historialarekin batera egindako “Emakumeak plazara” dokumentala (trailerra) joan den astean aurkeztu zuten Irungo Oiasso Museoan, eta berriro aurkeztu zuten herenegun, lehen aurkezpenean jende asko kalean ezin sartuta gelditu baitzen. Hainbeste herritarren interesa piztu duen lanak azken bi mendeetako Irungo historiografian agertu ez edo ia ezezagunak diren zenbait emakumeren historia berreskuratu du, Miren Tirapu aktoreak modu entretenigarrian kontatuta.

Emakume horien izena merezi duten lekuan jartzeko lana orain dela hamar urte hasi zuten Irungo Bilgune Feministako zenbait kidek, kaleko izendegiari erreparatu ziotenean, Irungo kaleetan emakume izenik ez zegoen errezelotik abiatuta. 350 kale ingurutik, bik bakarrik zutela emakumeren baten izena egiaztatu zuten, eta beste bik emakumeekin lotutako kolektibo batena. Orduan ere Mertxe Tranche historialariaren laguntza izan zuten, eta artxiboak arakatzen hasi ziren. Izen batzuk atera zituzten, alderdi politiko guztiengana jo zuten, eta Udalean “10” izeneko proposamen bat egin zuten. Tartean, Dolores Salis, Menchu Gal, Irungo pospologileak, Irun eta Donostia arteko joan-etorria oinez egiten zuten mandatugileak… hamarreraino. Alderdi guztiek oso begi onez hartu zuten proposamena, eta frankismo garaiko kaleak aldatzearekin batera edo Irun handitzean izen berriak jartzeko orduan kontuan hartzeko konpromisoa hartu zuten. 2010ean emakumeen erreferentzia zuten lau kale ziren eta egun 11 dira genero ikuspegia aintzat hartzen dutenak. «Pixka bat aurreratu dugu», diote Parean elkarteko kideek. Inork gutxik zekizkien izen horien atzean dauden istorioak.

Hamar urte geroago, Parean elkartean bilduta, beste buelta bat eman diote historiatik ezabatutako emakumeen kontu horri, zerbait egin beharra zegoela uste baitzuten, jendeak jakin dezan emakume horiek nor ziren. Eta horrela sortu zen dokumentalaren ideia.

Orain herrian zabaltzen ari dira ezkutuan zegoen historiaren parte hori, eta eskola guztietan aurkeztu dute dokumentala. Izan ere, euren asmoa bitarteko pedagogiko bat egitea zen. Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasleei erakutsi zieten. 9-10 urteko ikasleekin egon ziren eskola publikoetako hemeretzi gelatan, dokumentala erakutsi eta horretaz hitz egiten. Martxoaren 16an, berriz, paseo historikoa egingo dute. Mertxe Tranchek kontatuko du emakume haien historia eta sorpresatxoren bat ere izango da. Ikasleei erakustera joan zirenean, ikastetxe bakoitzak emakume bat aukeratu zuen haren gaineko lan bat egiteko. Paseo historikoan ikasleek nolabait jasotako bisita itzuli eta egin duten lana aurkeztuko dute, paseoan barrena egingo dituzten geldialdietan emakume haiei omen eginez.

 

Bizenta Olazabal, gertaerei aurrea hartzen zien emakumea

XIX. mendearen bigarren erdialdean, Irungo biztanleria biderkatu eta gune industrial bilakatu zen. San Juan Harri parean zuen etxea Estatuari alokatu eta hura izan zen Irungo lehen aduana. Hura hasiera baino ez zen izan. 1857an sute batek Larretxipi kalea suntsitu zuen, tartean Bizentak San Juan plazan zuen etxea, eta Udalak zoritxar horren ondoren eraldaketa urbanistikoari ekin zion, aspaldi pentsatuta zuen bezala, San Juan plaza zabalduz. Bizentak ere zenbait berrikuntza egin zituen bere lur eta eraikinetan. Trena eta langileak iritsiko zirela aurreikusita, langileentzako etxebizitza txikiak eraiki eta errentan jarri zituen. San Juan plaza berrira begira zegoen aldean jauregi bat eraikitzeko enkargatu zion Remy Salis arkitekto frantziarrari. Hura izango zen Irungo lehen kasinoa. Sobera ezaguna da Remy Salis maisuak Irungo zabalgunean eta haren estiloan eragin handia izan zuela. Ez, ordea, arkitekto hura Irunera eraman zuen emakumea nor izan zen.

 

Irungo pospologileak, langile borrokan aitzindariak

Irunen hiru pospolo fabrika izan ziren. Haietako bat, Junkaleko Andre Maria izenekoa. 600etik gora emakumek lan egiten zuten bertan, batez beste 23 urtekoak, ezkongabeak eta denak alfabetatuak. Nabarmena izan zen emakume gazte haien konpromiso politiko eta sindikala, baita haien elkartasun handia ere. 1903an lankide bat kaleratu zutenean, 30 pospologilek planto egin eta lantokia utzi zuten. Zenbait urte geroago Pospologileen Sindikatua sortu zuten, “Sindikatu Feminista” ere esango zitzaiona. 1920ko hamarkadan bi greba entzutetsu egin zituzten. Destajuko lana egiten zuten. 1931n beste fabriketan bezalako soldata igotzea lortu zuten, sindikatuen laguntzarekin eta Udalaren babesarekin. Irungo pospologile haiek ekarri zituzten Euskal Herrira Europan zehar sortzen ari ziren borroka molde berriak. Pospologileen borrokak ezezagun samarrak dira, baina ukaezina haien ondorioa: langile kontzientzia eta batasuna sendotzea.

 

Dolores Salis, bizi osoan artista eta «Exilios» liburuaren egile

1899an jaio zen, artelan eta margo artean, haren aita Jose Luis Salis margolari famatua zen eta. Gurasoek semeei injinerutza ikasketak eskaini zizkieten, baina Dolores neska zen. Hala ere, bere kabuz ikasi zuen. Hasieran eskultura landu zuen, harri gogorreko blokeak zizelkatuz. Indarra galtzen hasi zenean, eskultura utzi eta esmalteari ekin zion. Luis Rodriguez Galekin, Luis de Uranzo ezizenez sinatzen zuen idazle famatuarekin, partekatu zuen bizita, eta bost seme-alaba ere izan zituzten. 1936ko Gerran Bidasoaz bestaldera joan ziren. 80 urtetsu zituela, Dolores ikusmena galtzen hasi zen eta esmaltea utzi behar izan zuen, baina ia hil arte idazten aritu zen, besteak beste “Exilios” liburu ezaguna.

 

Julia Iruretagoiena, feminismo errepublikanoaren lehen lerroan

Errepublika baino lehen Irungo alkate errepublikanoa izan zenaren alaba Julia Iruretagoiena, 1886an jaio zen. Sozialista sutsua eta irakaslea izan zen. 1911n Tomas Meabe sozialista bizkaitarra ezagutu zuen Donibane Garazin. Harekin ezkonduta, Meaberen aurkako jazarpen politikoa zela-eta mugaz bestaldean bizi behar izan zuten, beti ezkutuan. Hurrengo urtean seme bat izan zuten. Senarra larri gaixotu eta 1915ean hil egin zen. Julia Emakume Erresidentziako Zuzendaritza taldean hasi zen lanean. Gogor borrokatu zen emakumeen ikasteko eskubidea onar zezaten. Victoria Kenten lagun mina izan zen. Kent auzitegi militar baten aurrean abokatu lanak egin zituen munduko lehen emakumea izan zen. Ustez, bikote izan ziren, Juliaren semea elkarrekin hezi baitzuten. II. Mundu Gerra zela-eta, New Yorkera eta ondoren Mexikora ihes egin zuen Juliak. Han, Estatu espainoletik ihesi joandako errepublikanoei laguntzen nabarmendu zen. 1954an hil zen, Cuernavacan.

 

Mentxu Gal, bere museoa ezagutu ez zuen pintore aparta

1919an jaio zen Mentxu Gal. Bere lehen margolana 12 urterekin egin zuen: “Gain-Gainean”. Gurasoek Parisera bidali zuten ikastera, 13 urterekin. Han, bere artelanen joera nagusiak ezagutu zituen: fauvismoa, espresionismoa, kubismoa eta inpresionismoa. Ondoren, Madrilen, Arte Ederren San Fernando Eskolan sartu zen. Aurelio Arteta euskal margolaria izan zuen maisuetako bat. 1936ko Gerran Mentxu Atharratzera joan zen, eta gerra ostean, 1943an, Madrilera itzuli eta garai hartako abangoardiarekin lan egin zuen. 1959an Espainiako Pintura Saria irabazi zuen lehen emakumea izan zen euskal paisaia batekin. 2008an hil zen, Urdanibia plazan haren omenez egin duten museoa ezagutu gabe.

 

Leire Landa, eliteko futbolaria, borrokalari nekaezina

Auzoan hasi zen futbolean, lagunekin. Ondoren, Txingudin, Errenterian eta Oiartzunen aritu zen, Realean mundu profesionalera salto egin baino lehen. Atletico, Athletic, Bartzelona eta txapelketak, ligakoak eta Mundukoa. Futbolari bikaina eta emakume bikainagoa. Bederatzi urterekin minbizi batek bizitza aldatu zion «egun batetik bestera», berak kontatzen duenez. Oroitzapen gogorrak ditu, baina gogorrena familiak bizi behar izan zuela dio, eta berak «orduko gauza positiboei» eutsi diela. Tratamenduaren ondorioz burusoildutako haur hark Ivan de la Peña jokalari burusoilari erreparatu eta haren zenbakia eramango zuen bere elastikoan: 23a, baita Bartzelonan bertan ere. Modu mingarrian utzi zuen futbola, lesioek eta merezi gabeko tratuak behartuta. Goi Mailako Kirol Teknikari ikasketak eta Gizarte Hezkuntzako diplomatura egin zituen eta gaur egun Soziologia ikasten du. Leire Landa, txapeldun handia, kirolean eta bizitzako arlo guztietan.