2019/03/09

Erreportajea
infraganti
JON KARLA BILBAO

Erroman hasi eta Santiago de Compostelan bukaera duen Donejakue bidea egingo du Jon Karla Bilbaok. Eta amets bikoitza beteko du: aspalditik egin nahi zuen abentura osatu eta Atece Araba hartutako kalte zerebralaren arretarako elkarteari lagunduko dio. «Bidea zabalduz» da jada abian den ekimena eta kilometroak erosita lagundu daiteke.

Nerea Goti
0311_karla2

Bidea zabalduz” izeneko proiektua martxan da. Jon Karla Bilbaok (Laudio, 1964) abentura liluragarri bat dauka esku artean. Liluragarria da aspalditik buruan duen ametsa beteko duelako eta liluragarria da une gogorretan ondoan izan duen proiektuari laguntzeko aukera eskainiko diolako. Atece Araba elkarteko lagunen lana bistaratu nahi du eta, horretarako, Erroma eta Santiago de Compostela arteko Donejakue bidea egingo du oinez. Atece Arabaren aldeko diru bilketa egiteko ere baliatuko du bidaia. Bere bizitzako unerik zailenean, oso ezaguna ez den gaitz bati aurre egiteko laguntza eta orientazioa eman zioten bertan Bilbaori. Bizi kalitatea berreskuratzen lagundu zioten. Hartutako kalte zerebrala jasan duten lagunen zerbitzura daude elkartean eta Bilbaok ez du ahazteko bertan berak jasotako laguntza.

Egunotan abiaraziko duen abenturak ia hiru mila kilometro dauzka. Erroman izango du abiapuntua eta Santiago de Compostelan amaiera. Oinez egingo du bidea, 107 bat etapatan.

Istorio honen hasiera 2013. urtean kokatu behar da. Apirilaren bukaera zen. Langraiz Okan bizi den laudioarrak ordurako bi urte zeramatzan erre gabe. Egun batean korrika egitera irten zen lagunarteko bazkari batera joan aurretik; etxera itzultzean, ondoeza nabaritu zuen. Bihotzekoa izan zuen Bilbaok, minutu batzuk oxigenorik gabe geratu zen eta, ondorioz, hiru egun eman zituen koma. Bihotzekoaren ondorioz lesioa izan zuen garunean, baina ez zioten hasieran antzeman, geroago izango zuen horren berri.

Ospitaletik irten, errehabilitazioa hasi eta fisikoki jada indartuta zela konturatu zen gaitzak bestelako ondorioak ere utziak zizkiola. Analisi neuropsikologikoa egin eta hartutako kalte zerebrala zuela konturatu ziren. Bere kasuan memorian izan du eragina gaixotasunak, eta egoerari aurre egiten lagundu diote Atecen.

Bilbaok nabarmendu bezala, «galduta sentitzen zaren une horretan oso garrantzitsua da jakitea baduzula nora jo, badela orientatuko zaituen norbait, badirela zein egoeratan zauden eta zer behar duzun dakiten lagunak». Bilbaok azaldu bezala, berea bezalako kasu batean, behin fisikoki indartuta, erietxean alta ematea da ohikoena, baina errekuperazioa ez da hor bukatzen. Horregatik eskaintzen dizute Atece Araba bezalako elkarteen kontaktua. Bertan, profesionalak, familiak eta boluntarioak biltzen dira laguntza emateko prest. Arlo ezberdinetan jarduten du elkarteak, besteak beste, lan munduan, arlo sozialean, alderdi kognitiboan, logopedian edota aisialdian.

Elkartearen web orrian zehazten dutenez [www.atecearaba.org], sendatze prozesu osoan laguntzea dute helburu, gaixoaren ahalduntzeari begirako ikuspegi batekin. Sendatze prozesuan ez ezik, etorkizuneko bizitza proiektuan laguntza ematea ere bada Ateceren erronka.

Bidaiarako beharrezko duen guztiaz gain, esker on hori ere eramango du motxilan Jon Karla Bilbaok. Laudioko Latiorro auzoan jaio eta bertan hazitako laudioar hau, Langraiz Okan bizi da. Nabarmentzen duenez, ezin du ahaztu ez Atecek ematen dion laguntza ez bertan ezagutu dituen gaixoak, profesionalak eta familiak.

Bidearekin maiteminduta

Aspalditik zuen Bilbaok Erromatik Santiago de Compostelara bitarteko Donejakue bidea egiteko ametsa. Ez da bidean murgiltzen den lehen aldia izango, orain artean etapa txiki batzuk egin izan baititu oporretan. Orain, baina, heldu zaio benetako gozamena hartzeko unea. Zehaztu duenez, bidea ez du bakarrik egingo: Jorge lagun argentinarra izango du ondoan.

«Donejakue bidearekin maiteminduta nago aspalditik eta buruari bueltaka pentsatu nuen zeozer handia egin nezakeela, berezia, jende bereziari eskainia, elkarteko kideei, hain zuzen», azaldu du. Ideia horri tiraka, ekimenarekin hartutako kalte zerebralaren gaineko kontzientzia zabaltzea eta Atece Araba elkartearentzat dirua lortzea pentsatu zuen. Bidaia bera abentura bezala bizi eta abentura edukiz bete nahi du, ez dadila oinez egindako ibilaldi hutsa izan. Horregatik, ez du edonolako bidaia egin nahi. Hasteko, bidean aurkitzen duen guztia kontatzeko asmoa du. Atece Arabaren web orrialdean osatuko du bitakora koaderno moduko hori, argazkiekin eta bidean sortzen diren anekdotekin. «Ia egunero argazkiak, anekdotak, geratzen zizkigun gauzak... jarriko ditugu jendeari bidaiaren berri emateko. Bertan eskegiko dugu ibilbidea eta osoa deskargatzeko aukera izango da. Era horretara, norbaitek gurekin bidearen zati bat egin nahi badu, aukera izango du ibilbidea begiratu eta gurekin bat egiteko», azaldu du laudioarrak.

Lehen geldialdia dagoeneko egin du, Erroman. Bertan, hartutako kalte zerebralaren inguruko lan egiten duen elkarte batekin harremanetan jarri da, esperientziak partekatzeko.

«Bidaia prestatzeko laguntza handia aurkitu dut Atece Araban eta lagun eta hurbilekoen artean», nabarmendu du Bilbaok. Izan ere, hitzaldiak eman ditu ekimena aurkezteko, horietako bat Laudion. Horrekin batera, elkartearen webgunean Bilbaok berak azaltzen du proiektua bideo batean. Gainera, kilometro bat erosteko aukera eskaintzen dute.

Ibilbideari dagokionez, aurreratu du Erroman Francigena bidea hartuko duela. Hori horrela, Siena, Sarzana, Genova eta Ventimiglia igaroko ditu. Behin Arles hirira heldutakoan, Arlesko bidea hartuko du, Montpellier zeharkatu ondoren Tolosa Okzitaniako hiriburura heltzeko. Jarraian Pirinioetan barna jarraituko du, Donibane Garazi, Erronkari, Gares edota Iruñetik pasatzen den Nafarroako bidea hartuta. Behin Donibane Garazira heldutakoan «etxean egotearen sentimendu horiek» ernatuko zaizkion jakitun da, eta, hala, zehaztu du ekimenaren logotipoan hiru bandera jarri dituela: Italiakoa, ikurrina eta Galiziakoa, hiru herrialdeon igarotze hori islatzeko.

Bizitzak emandako lezioak

Bidaiatik harago, bizi izan duenari ere erreparatzen dio Bilbaok, irakasgaiak ateraz. «Nik lehen ez nekien ezta Atece Araba existitzen zenik ere. Seguruenik herritarren gehiengoak ez daki hor badagoela jende bat lanean, abandonatuta egon ez baina nahiko ikusezina dena. Tristea da». Beste gogoeta bat ere utzi dugu: «Nire kasuan azeleratuta bizi nintzen, eta, bat-batean, egoera zail batean ikusi nuen nire burua. Bizitza zein hauskorra den ulertu nuen. Tristea da bizitzak gauzak kentzera heldu behar izatea konturatzeko zein hauskorrak garen, gero beste gauza asko itzultzen dizkizun arren». Bere esperientzian oinarrituta, mezu argia du: «Arreta bizitzaren gauza inportanteetan jarri, ez bestelako txikikerietan».

Donejakue bideaz sarri esaten da bidaia intimoa eta aldi beran oso ekimen soziala eta kolektiboa dela. Bilbaoren iritziz, badira markak egiten zentratuta doazen erromesak. Berak nahiago du paisaiaz gozatu eta jendearekin harremantzea, berea bezalako mila istorio gordetzen baitituzte erromesek. •

Motxila jantzi eta 2.723 kilometro egingo ditu Erromatik Santiago de Compostelara. Ez du bakarrik egingo, Atece Arabako familia izango du ondoan eta haiei eskaini die bere abentura

Hartutako kalte zerebrala ezagutarazi nahi du ekimenarekin, eta Atece Arabari laguntzeko kilometroak elkartearen web orrian daude salgai. Bidaiak bertan du bitakora koadernoa