2019/03/16

Joxean Agirre
Espainia

Behinola, Arabako Lapueblako upategi batean ardoak probatu ondoren gain batera eraman gintuen bertako nagusiak eta, Fuenmayorko mahastiak seinalatzen zituela, kontatu zigun ez dakit zein aro geologikotan, orain milioi batzuk urte, Afrikatik berezitako lur zati bat etorri zela eta han bertan, Ebro ibaiaren mugan, egin zuela talka Europarekin. «Horiek Afrikako lurrak dira. Hauek Europakoak», esan zuen. Arabako ardoak hobeak zirela esan nahi izan zuen. Teoria interesatuegia zela pentsatuz, etxeratzean Googlen begiratu eta antzeko zerbait defendatzen zuen Errioxako Unibertsitateko geologo batek.

Orain hilabete batzuk irakurri nuen Ignacio Sanchez-Cuencaren “La desfachatez intelectual”, espainiar idazleek politikaren aurrean (Kataluniako auzian bereziki) duten jarrera aztertzen duen liburua; eta horretan ere Espainia ezberdina dela erakusten du, Europako prentsan zutabegile eta iritzi-emaileak arlo ezberdinetako adituak diren bitartean, Espainian idazle eta letretako jendea baita. Oraindik orain irakurri dut Jorge del Molinoren “La España vacía”, penintsula barrualdeko desertizazio demografikoa aztertzen duen liburu bikaina. Ondorioa bera da, klima eta demografia aldetik Espainiak ez dirudi Europa.

Espainiako justiziaren funtzionamenduaz ez dut libururik irakurri, baina ez da zaila ondorioak ateratzen. Azken hamar urtean 40 aldiz kondenatu du Estrasburgok Espainia eta 70 aldiz Europako Kontseiluaren parte denetik.

Geologia, klima edo populazioaren banaketa aldatzen zailak dira, baina hori bezainbat kostatuko zaigu Espainiako justiziaren egituran itsatsita gelditu ziren eta dauden frankista togadunak begi bistatik galtzen. •