Pello Otxandiano

Sakonera handiko mugimenduak

Egin ditugu lehen kilometroak maiatzaren 28an bukatuko den hauteskunde maratoian. Bi notizia nagusik astindu dute panorama azken astean: EH Bildu eta ERCren arteko aliantza politikoak eta UPNk Ciudadanosekin batera iragarri duen hauteskundeetarako plataformaren aurkezpenak. Bata zein bestea apirilaren 28ari begirako mugimendu taktikoak dira, emaitzak hobetzeko berehalako interesaren ondorio. Alabaina, sakonagoko urratsak ere badira eta bide berrien hasiera iragar dezakete.

ERC eta EH Bilduren arteko aliantza notizia ona da ezbairik gabe, bi nazioen arteko elkarlan dinamikaren atal bati hasiera ematen dion neurrian. Estatuaren krisi-aroan “bi herri borroka bat” lema egikaritzea faktore determinantea izan daiteke. Urriak 1eko erreferenduma esperimentu ona izan zen Espainia zertarako gai den frogatzeko. Nork bere aldetik egin dugu orain arte, bide ezberdinak hartuta, eta ez gara gai izan gure herriak autodeterminatzeko, erabakitzeko eskubidea instituzionalizatzeko modu efektiboan. Bi prozesuen arteko sintonizazioak bide berri baten aukera irekitzen du. Elkarlanak edo sintonizazioak plano ezberdinetakoa behar du, eta horietako bat da elektorala. “Orain errepublikak” Europako hauteskundeetarako aliantzaren arrastoari jarraitzen dio ERC eta EH Bilduren arteko honek, interlokuzio bateratu bat sortuz Estatu espainolaren aurrean. Interlokuzio indartsu bat erabakigarria izan daitekeena.

UPN eta Ciudadanosen arteko aliantza elektorala ere sakoneko urratsa da. UPNren urgentzia elektorala dago operazio horren atzean. Batetik, botere instituzionala berreskuratzeko duen egarriaren erakusle da. Bestetik, bere burua nahi baino ahulago ikusten duen seinale, ez bailuke aliantza hau egingo korrontea bere alde sumatuko balu. Edozein kasutan, sakonera handiko mugimendua da, Nafarroako joko-zelai politikoa birkonfiguratzen duena neurri batean: nafar foralismoaren ustezko defendatzaile sutsuenak Espainia zentralistenaren aldekoekin bat eginda, UPNren hegemonia ardaztu duen narratiba pitzatzen duen erabakia.

Bide luzea gelditzen da aurretik eta edozer gerta liteke. Inkestek diotenaren arabera PSOE goranzko joeran dago hauteskundeen deialdiaren ondotik, eta hirukote autoritarioari aurre egiteko alternatiba baliagarri gisa perfilatu da. Ikusteke dago zein gailenduko den, oldarraldi erreakzionarioa edo erantzun antiautoritarioa. Gauza ziurra da polarizazio horrek aginduko duela eta zaila izango dela besteontzat burua ateratzea.

Anartean, Martxoaren 8a arrakasta izugarria izan da. Feminismoa potentzial emantzipatzaile handia duen mugimendua da. Olatu feminista hazi egin da iaztik hona eta bide berriak irekitzen ari da. Modan dago, bai, baina hortik haratago, erro sendoak dituen mugimendua da.

Krisi-aro honetan bi emari emozional nahasten dira etengabe: haserrea eta beldurra. Promesa liberalak erori dira, bizi-espektatibak zapuztu dira eta horrek haserrea sortzen du. Haserrea mobilizatzailea izan daiteke, hautu emantzipatzaileen erregaia. Baina, aldi berean, etorkizuna inoiz baino ziurgabeagoa da eta asko dugu galtzeko. Horrek beldurra eragiten du, eta beldurra paralizatzailea da eta jarrera kontserbadoreak sortzen ditu.

Pultsio emantzipatzaile sendoa duten gizarte mugimenduak ditugu Euskal Herrian, feminismoa eta pentsionistak abangoardian –eta kasu gurean ere lur hartzen ari den larrialdi klimatikoaren ingurukoarekin–. Mugimendu erradikalak dira, sakoneko aldaketak eskatzen dituztenak, burujabetza prozesua edukiz bete dezaketenak euskal eskalan artikulatzen badira.

Horra datozen garaietako erronka nagusietako bat: pultsio emantzipatzaile hori eta erabakitzeko eskubidearen instituzionalizazio prozesua –katalanekin bat eginik– uztartzea. •