Xabier Izaga Gonzalez
infraganti

ANBOTO TABERNA

Betiko taberna. Hala izan da beti eta hala jarraitu zuen duela 40 urte, mungiar batek Anboto Oleagarena izenarekin berriro zabaldu zuenean. Jesus, Joxepe eta Iñakik bete dituzten hiru etapen ondoren, Karlosek gasteiztar eta kanpoko askoren bilgune horren laugarren etapari ekiteko prest dago, betikoa eta berrikuntza uztartuz.

Egia zen zurrumurruak zioena. Anboto itxi dute, 40 urte bete berritan. Egia, baina ez guztiz. Iñakik utzi egin du, bertan 27 urtean emanda, baina laster zabalduko dute Aiztogile kaleko eta Gasteiz osoko tabernarik ospetsuenetakoa.

Joan den igande arratsean Lobo & Carmine bikotearen abestiek alaitu zuten jantoki nagusia, dantzaleku bihurtuta. Astearte eguerdian, berriz, Iñakik ardo eta pintxo batzuk eskaini zizkien bere bezeroei agur esateko. Han izan zen GAUR8 kuxkuxean eta, bide batez, tabernaren historiaren peskizan.

Jesus Oleaga taberna horren lehenengo ugazabarekin hitz egin dugu. Izan ere, 1978. urtearen amaieran zabaldu zuen Anboto, aspaldi luzetik X taberna izana zena.

Oleagarena

Ondo abesten duen jendea miresten du Jesusek. Bera ere gaztetan abesbatza batean tenore izan zen, baina benetako afizioa sukaldea zuen. Afizioa eta tradizioa, bere familiak Bilboko Anboto jatetxea zuenez gero. Baina Jesus ez zen Gasteizera Bilbotik ez Mungia bere jaioterritik iritsi, Briviescatik baizik. Han jatetxe bat zuen, arrakasta handia zuena, gainera, baina ume bi zituzten eta nagusiak urte bi zituela, Esther emazteak eta berak Euskal Herrira itzultzea erabaki zuten, haurrak ikastolara joan zitezen. Hura izan zen arrazoi nagusi eta bakarra. Gaur egun sobera ezagunak dira orduko ume haiek, Maider zinemagilea eta Asier bateria jotzaile aparta.

«Taberna txiker bat hartu nahi genuen, Bilbon ahal bazen», kontatu du Jesusek. Baina ez zen posible izan eta, Gasteizen ere ikastolak bazirela pentsatuta, haraxe jo zuten. Tabernari Bilboko familiarenaren izen bera jartzea pentsatu zuten; hala ere, Gasteizen bazen Anboto izeneko beste taberna bat. Beraz, Anboto Oleagarena jarri zioten. Tabernara sartu eta berehala ageri zen kartel bat: “Etxe honetara sartzen dena, bere etxean dago”. Barran, pintxoak, pintxo ugari eta goxoak, batzuk ezohikoak. Ez zen oso ohikoa, halaber, orduko Gasteizen euskaraz entzutea ez kalean ez tabernetan, eta Jesusekin Mungiako euskara dotorea entzuteko aukera zegoen.

Sukalde tradizionala egiten zuen, baina betiere gauza berriei leku emanez. Dioenez, inportanteena elementu berriak «gure erara prestatzea» da. Ondo gogoan du behin, hainbat sukaldariren bilera batean, Subijanak esan zion eta bera guztiz bat datorren zerbait: «Bagoaz hor zehar begiak estalita eta zenbait plater dastatuta esan dezakezu 'Euskal Herrian nago'». Hori, Jesusek dioenez, nortasuna da. Eta zalantzak ditu hori galtzen ez ote doan. Azaldu egin du: «Ados nago beste herrialde batzuetatik datozen elementu berriak gure sukaldea apaintzearekin, baina gure teknika galdu barik. Gauza batzuk ekintza multikultural gisa egin daitezke, baina funtsezkoa geure nortasunari eustea da».

1985ean lokal handiago bat hartu eta Oleaga jatetxea zabaldu zuen, Adriano VI. kalean. Urte biren buruan barra ere zabaldu zuten, eta hango pintxoek ere sona hartuko zuten berandu gabe. Hainbat sari irabazita dago Jesus.

Errenazimentuko gizona

Jesusek beste bide bat hartu zuen, baina Anbotok zabalik jarraitu zuen. Hurrengo etapak beste zazpi urte iraun zituen, Joxepe Ricoren ardurapean. Joxepe 1998an hil zen, 46 besterik ez zituela. Haren anaia Xabiri galdetu diogu Joxeperen berri. Xabi ere ezagun samarra da Gasteizen, bertako lehenbiziko bertsolarietakoa izanda. Aspaldi ez du ez txapelketetan parte hartzen ez plazetan kantatzen, baina bai noizbehinka lagun artean.

Lehenik, Joxepe ikasle kaskarra izan zela dio. Ez zuela goi batxilergoa bukatu. Hala ere, Leonardo da Vincirekin alderatu du jarraian, oso trebea baitzen egiten zuen denean: marrazketan, margolaritzan, musikan... eta sukaldaritzan. Beste anaia bat, Santi, eta Donostiako lehengusu bi ere egon ziren garai batean tabernan berarekin.

Beste oroitzapen asko kontatu dizkigu Xabik bere anaiaz; esate baterako, 17 urte zituela, taberna bateko komunean pintada bat egin zuenekoa. Tabernako nagusiak salatu egin zuen eta Poliziak komisariara eraman. Han gogotik jipoitu zuten eta ondoren zenbait egunez kartzelatu. Ama bisitan joan zitzaionean, Joxepek ez zuela ezagutzen gogoratu du Xabik.

27 urteko etapa

1992an utzi zuten Ricotarrek Anboto, eta Iñaki Lorenzok hartu zuen berehala. Berriro ere gasteiztartutako bizkaitar batek. Iñaki Basauritik joan baitzen Gasteizera, umetan. Athleticzalea zen orduan eta hala da oraindik ere, amorratua. Tabernan ere nabari da, bere taldearen ikurra hormak Alavesekoarekin partekatu beharrean badago ere, Asier semearen zaletasuna aintzat hartuta.

Anboton hasi zenerako, Iñakik bazuen eskarmentua ostalaritzan. Gaztetan, Lanbide Heziketa amaitu eta zenbait enpresatan lan egin ondoren, zenbait tabernatan lan egin zuen zerbitzari gisa. 1984an, baina, Euskal Herrian beste asko lez, atxilotu eta bost urte emango zituen Espainiako kartzeletan. Irten zenean, ostalaritzan jarraitu zuen, baina luze gabe bere kabuz hasi zen. Urte gogorrak izan zituen haiek. Aiztogile kaleko Alisas tabernan Isabel bere amak prestatzen zituen dozenaka ogitarteko saltzen zituen egunero, harik eta Anboto alokairuan hartzeko aukera izan zuen arte.

Ondorengo etapa ere ez zuen samurra izango, baina gogotik lan eginda eta Inma neska-laguna alboan, aurrera atera zen.

Duela lau urte taberna berriztatu eta jantokia zabaldu egin zuen; hartara, ia negozio familiarra izaten hasi zena nabarmen handitu zen.

Iñakik ere Jesusen ildotik jarraitu duela esan liteke. Hori bai, haren patata tortillek ospe merezia dute Gasteizen eta Gasteiztik kanpo. Orain, Anboton 27 urte eman ondoren, atseden hartzeko edo gutxienez bizimodu lasaiagoa izateko garaia duela dio.

Sorgin artetik Mariren altzora

Anboto zabaldu zutenean jaio zen Karlos Sobron gasteiztarra, eta 40 urte bete berritan, adin bereko jatetxea hartu du. Orain arte kale bereko Erdizka tabernaren ardura izan du. Kalitate-prezio erlazio onaren ospea hartu du taberna horrek urte bakan batzuetan, Karlosen eskutik. Dioenez, ordea, «Erdizka mini bat da, 120an jarri dudana, eta Anboto ferrari bat!».

Izena aldatzea bururatu zitzaion, baina berehala pentsatu zuen Anboto ez dela edozein mendi. Bera Toloñoren magalean bizi da, Bastidan, bere neska-lagun Bero eta alabatxoarekin. Berok Erdizkan ezagutu zuen Karlos, oso gustuko baitzuen bertako janaria, «begetarianoa izanda ere», dio barrez.

Karlos duela 22 urte hasi zen ostalaritzan. Anboton lehengoari eutsiko dio, baina berrikuntzarako tartea ere izango da. Astean zehar menu herritarrak emango ditu, eta asteburuetan bereziak. Gauean, berriz, mokadutxoak, guztia ere tokiko eta kalitatezko produktuekin. Barran ez du gauza gehiegi aldatuko, ez Aitor zerbitzaria eta tortillak behinik behin. Dekorazioa, ordea, aldatuko egingo du, motibo mitologikoekin, tabernari izena eman dion mendiarekin lotuta, nola ez ba. Hartara, duela 22 urte sorgin artean hasi eta aurrerantzean Mariren altzoan jarraituko du.

Anboto, askotariko jendearen bilgune, hara sartzen dena bere etxean egoteko moduan segitzeko prest. •