Beñat Gaztelumendi
Bertsolaria

Tartean

Kantu bat gara, edo ginen; kantu bat edo lau, edo hiru, bost, zazpi? Nork daki. Kantu bat gara baina, nor gara gu? “Gu” al gara? Edo “nosotros”? Edo “nosotras”? “Nous” akaso? “We”? Garai nahasiak bizi ditugu; gutasuna Aspirina baso bat uretan bezala urtu zaigu eta noraezean gabiltza. Haurtzaindegitik kuadrilla familia bezain naturalki eta ezinbestean jaso genuenok institutu ezberdinetan nahasi eta larunbat arratsaldeetako pipa-jateetan aurpegi berriak agertzen hasi zirenean bezain begi zabalik begiratzen diegu ingurukoei, gurekiko nor diren eta, batez ere, gu haiekiko nor ote garen ezin definituz. Sorbalda zabaleko eta kotoizko ahotseko kantari brasildar bat ikusi dut Bob Dylanen abestiak gitarra espainolez jotzen Egiako lurpeko pasabidean. Jendea hara-hona dabil autobus estaziotik sartu-irtenean, maleta eskuan eta aurikularrak belarrietan. Eta aurikular bakoitzeko uhinek tinpanoetara daramatzaten abestien inguruko kalkulu soziologikoak egin ditut nire baitan. Gutasun xelebrea da nor bere belarri-zuloetan isolatuta bizi gaituen hau. Mutiko bizardun bat igaro da nire aurretik aurikularrari hizketan, herenegungo gau bilbotarraren kronika ia proustiar bat osatuz. Eta une batez bururatu zait nor ote dagoen beste aldean, nori kontatzen dion mutilak Iturribidetik Kafe Antzokirako odisea, nori kantatzen ote diogun guk; ba al dagoen inor beste aldean, entzuten al gaituen inork edo gure buruarekin bakarrizketan baino ez ote garen ari, gure burua entzuteko beharrez edo, batez ere, gure isiltasunaren ikaraz, desagertzeak sabelaldean sortzen digun bertigoz, esatekorik ez daukagun elkarrizketetan ere ahoa zabalarazten digun antsia beldurti horretan. Norentzat ari garen gu, nosotros, nosotras, nous eta we, homologazio bila multinazionalen jaialdiak erakartzen eta hemen arrunta dena munduan exotiko agertzeko izenondo anglosaxoiak eransten; "mundua" esaten diogun eremu itxi eta hizkuntza eta kolore bakaneko horretan salgarri egiteko. Gure burua besteen belarrietan definitzeko.

Lehen kantu bat ginen eta orain hamabi emanaldi izango omen gara urtean, gure joera arautzaile honetan. Sormena ere arautu nahi hori, araua bera sorkuntza inposatu bat dela ahaztuta, ustez naturalki, ohituraz eta inertziaz sailkatzen, definitzen edo izendatzen gaituen ororen gisan. Arauak behar ditugu ordea, airea ere neurtzeko: kultura saldutako sarrerekin balioesten dugun moduan, kultura beti kulturatik kanpoko termometroetan neurtzeko daukagun obsesio horretan: euskal kultura euskara sustatzeko balio duelako iruditzen zaigu interesgarri, literatura errelato jakin batzuk zabaltzeko darabilgunean omen da baliozko. Sortzea bera, bere horretan, nahiko balio ez balitz bezala. Sailkatu egiten dugu hala ere: tabernaria edo lo egin nahi duen auzokoa, A ala B, mendia ala hondartza, zuria edo beltza. Interesgarriena bien tartean gertatzen dena ez balitz bezala. •