Gorka Zozaia - @zotz_
Kimikaria

Eguzkia nahi dut iratzargailu

Pasa da astebete kasik, baina oraino ezin ohitu nabil eguzkia baino lehen esnatzera. Adituek diote egun gutxi batzuetan egiten dela gorputza ordutegi berrira, baina nire burua oraindik amorratzen dago neguko azken txanpan lorturikoa –egunsentiarekin esnatzea– apiril erdira arte ezingo dudalako berreskuratu. Neguan atzera egitea bezala bizi izan dut azkena izan zitekeen ordu aldaketa honen trantzea.

Gogoratuko duzuenez, duela hilabete batzuk zalaparta eragin zuen negu eta uda artean ordua gehiago ez aldatzeko proposamenak, eta, jakin berri dugunez, 2021. urtera atzeratu da aurten indarrean sartzekoa zen erabakia. Hausnarketa eta kontzientziazioa behar ei dira oraindik.

Ni guztiz ados naiz; biziki eztabaida interesgarria pizten da ordu aldaketaren proposamenaren harira. Sozioekonomia, geopolitika, kultura... dena txirikordatuta azaltzen da ordularien orratzen artean. Urriko aldaketa goxoago hartzen badugu ere, oro har ez da jendearen gustukoa ordua aldatzen ibiltzea, eta berehala dator lehen eztabaida: neguko ordua (GTM+1) ala udakoa (GTM+2) hartzea, zer den hobe.

Euskal Herrian, 08:30ak aldera ateratzen da eguzkia beranduen lehen kasuan, bigarrenean, 09:30ak arte atzeratuko litzatekeelarik egunsentia abenduan. Alta, 18:30ak arte argia izango genuke kasu horretan, ezaguna dugun negukoarekin 17:30erako ilunabarra delarik. Ekaineko solstizioaren bueltan, berriz, ezaguna dugun udako ordutegiak 06:30-21:50 tartea zehazten du eguzkiarentzat, eta, negukoa mantenduko balitz, 05:30-20:50 tartean geldituko litzateke.

Aditu gehienak negukoa mantentzearen alde atera dira, kontsumo energetikoak, bizitza erritmo zirkadianoak, lan ohiturak eta beste nahasten diren eztabaida interesgarrian. Izan ere, negukoa gerturatzen da gehien gure meridianoak eskatzen duen GTM ordura, eguzkiarekin bat datorrenera, alegia. 12:00etan goiza eta arratsa bereiziko badira, abenduan 07:30-16:30 eta ekainean 04:30-19:50 tarteetan ikusi beharko genuke eguzkia. Arras ordutegi arraroa egingo zaigu ia mende bat daramagunean merkatuak –tren sarearen hedapenak ekarri zuen orduak sinkronizatu beharra– eta geopolitikak –ezaguna den Alemaniarekiko lerrokatzeak– ezarritako ordu-eremuekin.

Stefano Maggiolok egin mapak erakusten duenez, Galiziatik Errusiako mugara arte ordu bera dugu eta horrek lurralde gehienek eguzkiarekiko atzerapena izatea dakar, mundu mailan nagusi den joera bide batez, duela bost urte “Hogeita hiru orduko egunak” artikuluan azaltzen nuenez.

Azken finean lanaren/egunerokotasunaren ordutegira murrizten da kontua. Hamaika artikulu eta iritzi irakurtzen ibili naiz, eguzkiarekin esnatzearen garrantzia vs arratsetako aisian eguzki orduak izatea dikotomian kokatutakoak gehienak. Xelebrea egin zait proposamen horien guztien artean nire aburuz logikoena dena inori entzun ez izana: neguan eguzki argi gutxiago baditugu, zergatik ez ditugu lan ordu gutxiago? Are, zergatik egiten dugu lan gauez? Noiztik egiten diogu aurre eguzkiaren logika eztabaidaezinari?

Niri bederen berdin zait eskumuturrean dudan tramankuluak zein ordu markatzen duen, baina utz iezadazue, mesedez, eguzkiarekin batera esnatzen! •