> Emakumea eta kartzela

Espetxeen izaera patriarkalak preso diren emakumeengan dakarren zigor erantsiaren eta presoen senide diren emakumezkoek beren gain hartzen dituzten zaintza lanen inguruko irakurketa plazaratu du Sare Herritarrak bideo baten bidez. Bertan salatzen denez, kartzela patriarkala da. «Jendartea gizon eta emakumeen arteko botere harremanetan antolatuta dago. Patriarkatua instituzio guztietan dago; familia, hezkuntza, lan merkatua, komunikabideak... eta kartzela ez da salbuespena».

Era berean, preso diren emakumeek pairatzen duten zigor erantsia jartzen du mahaiaren gainean; batetik, emakume delitugileak patriarkatuak agindutako rolak hautsi dituelako –sistemaren begietara ez da izan esanekoa, zaintzailea eta zintzoa–, eta, bestetik, Estatu frantsesean eta Estatu espainolean emakumeentzako hiruna kartzela soilik daudelako. Eta horrek, derrigor, urruntzea dakar. Emakumezko euskal preso politikoak batez beste Euskal Herritik 680 kilometrora daude.

Azpiegiturei begiratuz gero, panorama ez da hobea. Gizonezkoentzat pentsatutako kartzeletan, soberan gelditzen den tokian daude emakumeen kartzelak. Beraz, azpiegituren eskasia nabarmena da.

Senideren bat preso duten emakumeen egoera ere ez da ona. Normalean, preso dagoenak behar dituen zaintza lanak beren gain emakumeek hartzen dituztelako.

> Viñaspre, ikastetxean ere izar

Iñaki Viñasprek joan den asteburuan jantzi zuen Arabako bertsolari txapelketako txapela Gasteizko Printzipal antzokian. Ospakizunak ospakizun, astelehenean lanera bueltatu zen Iñaki Viñaspre, irakasle den Angel Ganivet eskolara. Eta sekulako sorpresa prestatu zioten bertako ikasleek, futbol izar baten pare hartu baitzuten, «Iñaki, Iñaki!» oihu artean eta txaloka. Sare sozialetan zeresana eman duen bideoak jasotzen du hain une ederra.

Txapeldunak mikroa hartu eta bertso batez eskertu zuen harrera beroa eta klasera bidali zituen ikasleak bueltan, hain berea duen umore zorrotzez. Benetan ederra Arabako txapeldunak bizitakoa.

> Korrika

Euskal Herriko mugetatik kanpo hasi ziren giroa berotzen; Alemania, Erresuma Batua, Polonia, Argentina, AEBak, Txile, Shangai, Sydney... Berriz ere giharra erakutsi du euskal diasporak eta urrutira iritsi da Korrikaren pausoen oihartzuna.

Baina Korrika ofiziala, handiena, ostegunean abiatu zen Garestik. 11 egunez Euskal Herria alderik alde eta arineketan igaro ostean, Gasteizen amaituko da apirilaren 14an. Pentsatzekoa denez, sare sozialetan sekulako presentzia izango du hain txikia eta aldi berean hain erraldoia den ekimenak. Pauso bakoitzak dauka garrantzia, pauso bakoitzak markatzen baitu Korrikaren taupada. Eta pausoz pauso osatzen den kateak, bideak, burrunbak, herri oso bat astintzen dute 11 egunez. Astinduak euskarari dagokion lekua emango ote dio...

> Fairy

Sant Fruitos de Bages herriko udaletxean dagoeneko ez daude zintzilik ez estelada ezta lazo horiak ere. Hauteskunde Batzordearen agindua betetzea erabaki du Udalak eta estelada eta lazo horiak zeuden tokian, Fairy garbigarriaren kartelak jarri ditu zintzilik. “Tu ja m'entens”, esaldia jarri dute kartelen alboan. Alegia, “zuk ulertzen didazu”. Horrez gain, beste pankarta erraldoi batek salaketa garbia egiten du udaletxearen fatxadatik: “Udalbatzak botoen %85ekin onartutakoa erretiratu dugu”.

Fairy botilek erreferentzia zuzen-zuzena egiten diote Gobernu espainolak Katalunian duen ordezkariak, Enric Millok, Kataluniako prozesu subiranistaren kontrako epaiketan esandakoari. “Fairyaren tranpa” aipatu zuen Millok. Horren arabera, poliziei eta guardia zibilei garbigarriarekin egin zieten eraso; Fairy garbigarria lurrera bota eta poliziak irristatu eta erortzea omen zen tranparen xedea.

> Bular neurria

«Ezinbesteko baldintza: 95 edo 100 bular neurria izatea». Era horretan hasten da ekitaldietarako azafatak eskaintzen dituen enpresaren lan eskaintza. Egunotan Nafarroako Los Arcos herrian dagoen auto zirkuituan jokatuko den lasterketarako azafata bila dabiltza nonbait eta garbi zehaztu dute emakume horiek bete behar duten baldintza garrantzitsuetako bat. Iragarkiak hautsak harrotu ditu han eta hemen. Zirkuituko arduradunek adierazi dute ez dutela inolako zerikusirik iragarki horrekin eta parekidetasunaren aldeko aldarria egin dute komunikatu batean. Nafarroako Gobernuak gogor gaitzetsi du iragarkia eta neurriak iragarri ditu.