Ander Gortazar Balerdi

HABITAT NATURALA: KURSAALEK 20 URTE

«Urumearen bokalean hondartzen diren bi arroka erraldoi» baino askoz gehiago da Rafael Moneoren Kursaal eraikina. Arkitektoaren lanik garrantzitsuenetarikoak, 2001eko Mies van der Rohe Europako Arkitektura Garaikideko Sariaren irabazleak, 20 urte beteko ditu aurten altxa zutenean Donostian sortu zuen ika-mika atzean utzita.

Nerabe kuadrilla Sagueseko petrilean, oroitzapen hori daukat, nahiz eta egiari zor zentzu handirik ez duen, ez baita hura haien habitat naturala. Mukizu kuadrilla bat, beraz, berriketan, pipa-poltsak eskuetan, hondartza berriaren beste puntan altxatzen ari diren altzairuzko eskeleto gorrixkari begira. Erabateko adostasunik ez iritzietan. Bittorrek, irmo, eraikina handiegia izango dela, ez duela ingurukoekin zerikusirik –«ez du pegatzen» esan du, zehazki– eta badaudela Donostian kongresu jauregia baino behar handiagoak. Markelek baietz buruarekin. Aitorrek, zalantzatiago, itxura apurtzailea duela, ados, baina egunkarian ikusitako irudiak asko gustatu zaizkiola eta on egingo diola hiriari. Isilik baina adi-adi Ekain eta Imanol. Larunbata da, oroitzapen hori daukat, eta bizpahiru urte falta dira milurteko berria hasteko.

Josep Borrell Espainiako Obra Publikoen ministroa eta Odon Elorza Donostiako alkatea hondartza inauguratu berrian nor baino nor korrika, Felipismoaren hondarretan, udal hauteskundeen atarian. 1995. urtea da, oroitzapenik apenas dut, baina prentsan “solar K” esaten diote Zurriola hiribideak, hondartzak eta Urumea ibaiaren bokaleak mugatzen duten orube hutsari. Gris koloreko hesi tristeen zirrikituetatik begiratuz gero zulo sakona ikusten da, pixkanaka parking solairuek beteko dutena. Hauteskundeak PPk irabaziko ditu Donostian, Elorzak alkate kargua berretsiko du EA eta EAJri esker eta, egunkariko kexa batzuk tarteko, “K orubea” inguratzen duten hesiak kolore txuri-urdinez margotuko ditu Udalak.

Laranja kolorekoa irudikatzen dut 80ko hamarkada amaierako Zurriola, batek daki zergatik. Ipar-haizea, garaje eta tailerrak, Basterretxearen Bakearen Usoa, elementu zilindrikoen segida bat eta inguruko zikinkeria maizegi pilatzen duen hondartza ez oso atsegina. “Emisario submarino” terminoa ikasi du jendeak eta ea behingoz egiten duten, demontre. Urteak dira Gran Kursaal zaharra eraitsi zutela eta, hirugarren aldiz, berria diseinatzeko lehiaketa itxia antolatu dute puntako arkitektoak gonbidatuz. 37. edizioa duen Zinemaldiak Donostia saria eman berri dio Bette Davisi eta, spoiler, egun gutxiren buruan hilko da Frantzian, Ameriketako Estatu Batuetara itzuli ezinda.

Marquet, Unzurrunzaga, Zulaika eta Moneo. “Urumea” etxebizitza-eraikina altxatu dute lau arkitekto gaztek Maria Cristina hotelaren pare-parean, ibaiaren beste aldean. Zinema bihurtutako Gran Kursaalen Alain Resnaisen “Hiroshima mon amour” filma eman dute, azkena, eta 1973. urtea hastearekin batera eraitsi dute, premeditazioz eta maltzurkeriaz, urteak dira-eta jabeek hura ordezkatzeko nazioarteko arkitektura lehiaketa antolatu zutela. Proiektu irabazlea ez zen aurrera atera, eta Udalak eskuartean duen Euro-Kursaal lehiaketa ere ez da aterako, hutsik geldituz urte askoan Franco generalisimo-aren hiribideko lehenengo zenbakia. Gerra aurretik Apirilaren 14aren hiribidea zuen izena eta Alfontso XIII.arena lehenago, Gran Kursaal altxa zuten garaian, artean erregea bizirik eta agintean zela.

«Plano de la Concha y puerto de San Sebastián, formado con presencia de de los mejores datos y levantamientos que existen en la Dirección de Hidrografía, Madrid, 1884». J. de Lorenzo, E. Fungairiño eta S. Breganteren planoan parte zaharra eta Kortazarren zabalgunearen lehen zatia ikusten dira. Baita Zurriola hiribidea ere, orduan Bretxako merkatutik Santa Katalina zubira zuzen-zuzen. Trena iritsi da eta zezen plaza ondoan du geltokia, Egiapean. Hortik aurrerakoak, fantasia: zabalgunearen bigarren zatiaren proiektua, zehatz-mehatz beteko ez dena, eta Gros auzoa izango denaren zirriborro bat, egingo denaren antzik ez duena. Eta hor, Urumearen bokalean, ez ibaia ez itsasoa ezta hondartza ere ez den gune bat, “leku” ere deitu ezin zaiona oraindik, baina hartuko dituena, hurrenez hurren, Gran Kursaal kasinoa, “K orubea” eta Kursaal kongresu jauregia.

Gran Kursaal

Atzera begira jartzera gonbidatzen gaitu belle époque terminoak, Svetlana Boymek «nostalgia berreraikitzailea» deitzen dion begirada idilikoaz. Garapen industrialari eta politika kolonialari esker, XIX. mendearen amaiera eta XX.aren hasiera garai benetan oparoak izan ziren Europan, eta oparotasun horrek arkitektura zehatz bat hauspotu zuen: eraikin dotoreusteak, iturri klasiko –maiz kontraesankor– ezberdinetatik edaten zutenak, ornamentuaren pisu handiarekin. Paris izan zen horren guztiaren epizentro, baina eragin handia jaso zuen Espainiako monarkiaren udako opor-hiri zen Donostiak ere. Ordukoak dira egun udaletxea den kasinoa (Luis Aladren eta Adolfo Morales de los Rios, 1887), Victoria Eugenia antzokia (Francisco Urkola, 1912), Maria Cristina hotela (Charles Mewes, 1912) eta hiriko «zabalgune erromantikoa» osatzen duten eraikin gehientsuenak.

Zerrendan azkena izan zen Gran Kursaal eraikina (August Bluysen eta Lucas Aldai, 1921): hormigoizko egitura, hareharrizko fatxada, marmolezko zutabe neoklasikoak eta beirate dotoreak hall nagusian. Gehiegi, agian; beranduegi, seguru. Belle époque aroa iragana zen ordurako, eta Lehen Mundu Gerra amaitzearekin batera guztiz bestelakoak ziren Europako kezka estetikoak. Donostiak, bere dekadentziaren onenean, eraikin pastiche batekin eman zion ongietorria XX. mendeko 20ko hamarkadari; ez oso urrun, urte oso gutxiren buruan eraiki zituzten Bauhaus eraikina Gropiusek, Savoye etxea Le Corbusierrek eta Bartzelona pabiloia Mies van der Rhoek –eta, Gran Kursaaletik kilometro eskasera, Klub Nautikoa Aizpuruak eta Labaienek–. Hamarkada bera baina bi mende ezberdin.

«Solar K»

Egoera politikoak ere ez zion sobera lagundu Gran Kursaali. Primo de Riverak jokoa debekatu zuen kasinoa inauguratu eta gutxira, eta zinema areto moduan funtzionatu behar izan zuen urte luzez. Iragarritako heriotza baten kronika: 60eko hamarkadan jada garbi zuten jabeek eraikinak ez zuela etorkizunik eta 1965an, Gran Kursaal eraitsi baino zortzi urte lehenago, anbizio handiko nazioarteko arkitektura-lehiaketa antolatu zuten hura ordezkatzeko. Lehiaketa izan zen, nola esan, nerabeak eta arkitektura-kritikoak ados jartzeko modukoa: brutala.

Arkitektura brutalista mugimendu modernoaren azpiatal gisa defini genezake, haren apoteosia edo haren bestondoa, nondik begiratzen den. Hormigoi biluzia, eskala erraldoia eta ornamenturik gabeko forma soilak garapen ekonomiko azkarraren esanetara. Testuinguru horretan, lehiaketaren oinarriek programa zabal bat eskatzen zuten –hotela, luxuzko etxebizitzak, jatetxea, zineak, bainuetxea eta abar luze bat– eta arkitektoek hura jasotzeko moduko bolumenak proposatu zituzten.

Irabazlea Jan Lubicz-Nyczen taldea izan zen, fantasiazko diseinu harrigarriki egingarri batekin. Programa nagusia horizontalean antolatu arren, eraikinari lau adar ateratzen zitzaizkion, zezen biren adarrak bailiran, eta horiek ematen zioten eraikinari presentzia Donostiako skyline-an. Proposamen erraldoiagoekin alderatuta, proiektuaren arintasuna azpimarratu zuen epaimahaiak, «hiriaren eskala eta izpiritua egoki ulertzen» zituela iritzita. Lehen begi-kolpean kosta egingo zaizu epaimahaiaren argudioa ulertzea, harik eta proiektu finalistak ikusten dituzun arte.

Bigarren saria ex-aequo irabazi zuten Roberto Luis Gandolfik eta Luigi Carlo Danerik gidatutako taldeek. Lehena pieza horizontal batek lagundutako 35 solairuko dorre luzexka zen, eta bazuen Nazio Batuen New Yorkeko egoitzaren trazarik. Bigarrena ez zen hain garaia –32 solairu zituen soilik– baina dorre bat nahikoa ez eta hiru proposatu zituzten, horietarik bi elkarri itsatsiak, hormigoizkoak. Olatu batek harrizko horma birrintzen ikustea bezala, dramatikoa bezain erakargarria da proiektua, eta hala ulertu zuen epaimahaiak ere, bai baina ez, «indar eta kalitate handiko lana, baina hiriaren eskala erabat apurtzen duena».

Hirugarren postua Andre Gomisen taldeak lortu zuen, 35 solairuko piramide batean bilduz programa ia guztia.

Arazo ezberdinak tarteko, nazioarteko lehiaketako proiektu irabazlea ez zen sekula egikaritu. 1973an, Gran Kursaal eraitsi zuten urte berean, beste lehiaketa itxi bat antolatu zuen orubearen jabe zen sozietateak, Eugenio Aginaga, Corrales eta Molezun, Saenz de Oiza eta Gutierrez Soto tartean. Hutsik gelditu zen. Bi urte geroago, Corralesek eta Molezunek, Peña Gancheguirekin batera, Euro-Kursaal proiektua idazteko enkargua jaso zuten, baina obrak gelditu egin zituzten zimentazio-lanak hasi eta berehala. Hutsetik hutsera, sozietateak porrot egin eta Udalari saldu zion “K orubea”, gris koloreko hesi triste eta guzti.

Hirugarrenean, aidanez

Momentu oro izan daiteke bidegurutze edo, agian, bidegurutze bat marrazteak lagun diezaguke hartu beharreko bidea bilatzen. 80eko hamarkadaren amaieran, “K orubea” urte luzez hutsik zela, arkitektura-lehiaketa forma hartu zuen bidegurutze horrek. Sei arkitekto eta, apur bat sinplifikatzearren, bi bide. Arkitektoak Mario Botta, Norman Foster, Arata Isozaki, Rafael Moneo, Juan Navarro Baldeweg eta Luis Peña Ganchegui (Jose eta Mateos Corralesekin); bideak, 20eko hamarkadan Gran Kursaalekin gertatu bezala, agortzen ari zen korronte baten azken hatsa ematea ala jaiotzen ari zen berriaren parte izatea.

Postmodernismoa boladan zegoen, mugimendu modernoaren doktrina ustez zorrotzaren kontrako erreakzio gisa. Teorian bederen, aldarrikatu egiten zituen konplexutasuna, iturri klasikoak, ornamentua eta tokian tokiko testuingurua, eta azkar samar errotu zen Euskal Herrian –ezaugarri horiekin ezin zitekeen bestela izan–. Bitartean, diseinu-teknologia berriek eta eraikuntza-industriaren aurrerapenek formalismo berriak esploratzeko parada eman zien hainbat arkitektori, definitzea kosta egiten den ate bat irekiz. Korrontea, mugimendua, azpiestiloa, estiloa. Postmodernismoaren epilogoa, dekonstruktibismoa, muturreko formalismoa, neoespresionismoa. Kontsentsurik ez dagoela, horra kontsentsua, eta agian horregatik zabaldu da horrenbeste indefinizioaren paradigma den “arkitektura garaikidea” kontzeptua.

 

Kuriosoa da. Postmodernoek «tokian tokiko testuingurua» aintzakotzat hartzea espero zitekeen, baina proiektu postmodernoenak izan ziren, harrigarriki, “K orubeari” zuku gutxien atera ziotenak. Mario Bottak hiru geometriaren makla proposatu zuen –karratua, zirkulua eta obaloa–, itsasoaren presentzia arbuiatuz ia. Arata Isozakik eta Peña Gancheguiren taldeak, bitartean, galdu egin zuten bidean tokiak eskatzen zuen osotasuna, bolumen eta fatxada-jolas gehiegizkoak tarteko.

Fosterrek eta Moneok beste bide bat iradoki zuten, irmoagoa geometriari dagokionez baina inguruarekiko harremana ahaztu gabe, eta berretsiz, bide batez, kontundentzia formala bateragarria dela lekuaren irakurketa egokiarekin. Fosterren proiektua itsasoaren eta hiri-tramaren arteko trantsizio moduan uler daiteke, nahiz eta ebaketan zentzu gehiago zuen agian bertatik bertara baino. Rafael Moneoren (Tutera, 1937) proiektua, aldiz, geometrikoki apurtzaileena dirudien arren, inguruarekiko harremanik onena eskaintzen duena ere bada; harremana Urgull eta Ulia mendiekin, Zurriola hiribidearekin, Urumea ibaiaren bokalearekin eta itsasoarekin. Moneok «akzidente geografiko» moduan ulertu zuen “K orubea”, eta ondorioz, akzidente geografiko moduan ulertu zuen proiektua bera ere: Urumearen bokalean hondartzen diren bi arroka erraldoi.

Kurssal jauregia, Rafael Moneo, 1999

Bi arroka itsas-bazterrean. Hegan egiteko prest dagoen usoa. Titaniozko itsasontzia. Txori baten habia. Oparoa da metaforagintza arkitekturan, baina, dena esan beharra dago, errekurtso merke samarra ere bada gehien-gehienetan –boomaren garaiari lotutako ajea ere badena, bidenabar–.

Kursaal jauregiaren kasuan, baina, ez ote dagoen justifikatua. “K orubea” bezalako testuinguru geometrikoki zurrun batean, non ibaiak eta hiriak erretikula erregular bat osatzen duten, zaila da eraikina hiri-formaren jarraipen soil moduan proiektatzeko tentazioari eustea –tentazio horretan erori ziren Botta, Ganchegui, Navarro Baldeweg eta Isozaki–. Hiri-formak Zurriola hiribidea ez gainditzea izan zen abiapuntua eta, ondorioz, ohiko arkitektura alboratzea, «akzidente geografiko» moduan ulertuz proiektua. Aspertzeraino hitz egin da horretaz dena den, eta jarrai nezake hemen jadanik ongi ezagutzen dugun eraikinaren disekzio-lanetan, azalduz, lehenik eta behin, auditorioa eta kongresu-aretoa bi bolumen autonomo direla, dinamikoak, ezberdin irakurtzen direnak begiratzen den tokiaren arabera. Kuboak kokatzen diren plataformaz hitz egin beharko nuke ondoren, bolumen horizontal sotil horri esker dutelako kuboek duten presentzia, eta plataformak ematen diolako eraikinari lotura Zurriola hiribidearekin alde batetik –hiriarekin, babestutako sarrera-espazioari esker– baina baita itsasoarekin ere, kuboen atzeko terraza-jokoari esker. Eraikuntza materialei buruz hitz egiten jarrai nezake gero, egunaren orduaren arabera ezberdin sumatzen den fatxadako beirari buruz adibidez, zeina, ironia zer den, ez zen Moneoren lehen aukera.

Moneoren Kursaal ere ez zen izan hiriaren “A aukera”. “E aukera” izan zela argudia liteke, Gran Kursaalen (A), Jan Lubicz-Nyczen zera deskribaezinaren (B), Corrales, Molezun eta Ganchegiren Euro-Kursaal frustratuaren (C) eta orube huts eterno baten (D) ondoren. Izan zitekeen bestela. Gerta zitekeen Gran Kursaal kasinoa zutik mantentzea, eta bi urte barru, ehungarren urteurrenaren harira, goitik behera zaharberritzea. Ala Jan Lubicz-Nyczen proiektua eraikitzea eta orain, lukeen egoera tamalgarria medio, eraitsi behar izatea arkitektura brutalistaren jarraitzaile sutsuenen kritika artean. Gerta zitekeen damutzeko moduko Euro-Kursaal proiektu bat pairatu behar izatea, edo gerta zitekeen ezer ez eraikitzearen errazkerian erori eta parke bat izatea. Gerta zitekeen baina Kursaal jauregia gertatu zen azkenean; eraikin on bat, bere hogeigarren urteurrenean.

P.S. Altzairuzko egitura altxatzen ari zirenean ematen zuen inpresioaren kontrara, eraikina ez da «handiegia». Eguraldiak eutsi egin dio eta Kursaaleko bi kuboen artean dagoen atzeko terrazan egin dute hitzordua Bittorrek eta Aitorrek, lehenengoaren iniziatibaz bigarrenaren toki kuttunean, jazz hirukote kaliforniar baten kontzertua entzuteko. Baby-boom-a tarteko, huts egin dute Markel, Ekain eta Imanolek. Kontzertua amaituta, Parte Zaharrerantz doazela, ibaira jotzen duen beirazko fatxadak publizitate-pantaila baten antz gero eta handiagoa duela aipatzen dute, eta ez zaiela sobera gustatzen. Zaindu maite duzun hori. Egia esan, musika dela, zinea dela, maiz gerturatzen dira Kursaalera eta huts egiteko beldurrik gabe esan daiteke hura ere badela haien habitat naturala, Parte Zaharra bezain beste. Baiki, Aitorrek badaki eta Bittorrek baita ere, aitortzea kostatzen zaion arren: «pegatzen du». Noski pegatzen duela. Pegatuko ez du ba.