2019/05/11

Erreportajea
 
Tximist espedizioa, duela 45 urte
Juantxo EGAÑA
0511_juantxo

Dagoneko 45 urte igaro dira Everestera (8.845 m) joan zen lehen euskal espedizioa abiatu zenetik. Tximist izeneko espedizioa Juan Zelaia oñatiar enpresaburuak babestu zuen. 10 milioitsu pezetako aurrekontua izan zuen eta hamasei euskal mendizalek parte hartu zuten. Gailurrera iristeko lehen saioa 1974ko maiatzaren 12an eta 13an egin zuten Angel Rosen eta Felipe Uriartek; 8.530 metroko garaieraraino iritsi ziren, baina egoera klimatologikoa zela-eta atzera egin behar izan zuten. Bigarren saioa maiatzaren 25etik 26ra bitartean egin zuten Ricardo Gallardo, Luis Abalde, Rodolfo Kirch eta Julio Villarrek, eta, 8.000 metroraino iritsita, halaber eguraldi kaskarrak behartuta egin zuten atzera. Artikuluak ilustratzen duen argazkia Fernando Larruquertek egin zuen formatu erdiko (6x6) Rollei kamera batekin, Pheriche aklimatazio kanpamentuan, atzean Taweche mendia dagoela. Ezkerretik eskuinera, goiko lerroan, Luis Mari Saenz de Olazagoitia, Julio Villar, Angel Rosen, Francisco Lusarreta, Felipe Uriarte, Angel Landa, Angel Lerma, Juan Cortazar, Rodolfo Kirch eta Alfonso Alonso. Beheko lerroan, Fernando Larruquert, Ricardo Gallardo, Juan Carlos Fernandez, Juan Ignacio Llorente, Luis Ignacio Domingo eta Luis Abalde. Datu bitxi gisa, Angel Lermak bazuen Canon FT kamera bat, eta haren objektiboen artean 1.500 milimetroko teleobjektibo bat zegoen, metro eta erdiko luzerakoa eta zinema kamerarako prestatutakoa.