2019/05/18

Kronika
 
EUSKAL HERRIA-SENEGAL, MIGRAZIO BIDEA

Hegazti Migratzaileen Nazioarteko Eguna izan zen maiatzaren 11n; Errefuxiatuen Eguna izango da ekainaren 20an. Txoriek eta errefuxiatuek zerikusirik ba ote duten galdetuko du norbaitek. Urdaibai Bird Centerrek jardunaldi berezia prestatu baitzuen hegazti migratzaileen inguruan eta bertan Senegalgo gazte ugari batu baitzen. Bizimodua hobetzeko bidea abiatu dute, horrek batzen ditu akaso.

Patxi Gaztelumendi
0518_senagaldarrak

Harrituta geratu dira senegaldarrak hegazti migratzaileen bidea jakitean. Zeinen erraz egiten duten Euskal Herritik Senegalerako bidea txoriek. Eta nahi dutenean berriz itzuli. Beraiek ezin dute askatasun horrekin mugitu

Gernikan okupatuta dagoen Bloke Laranja eraikinean bizi da Tamsir Ndioye, beste etorkin batzuekin batera. Hamar errefuxiatu bizi dira bertan, senegaldarrak gehienak. Serigrafia tailerra antolatu dute Astran eta pozik dago

Urdaibai Bird Center nazioarteko hegaldiak jasotzen dituen aireportua bezala antolatuta dago: seinaleak, irudiak, nazioarteko hizkuntzak, euskarazko eta gaztelaniazko oharrak, bidaiarien lekua, irteerak eta helduerak agertzen diren panelak, nazioarteko irudiak eta, batez ere, txoriak. Hegaztiak. Hamaika txori ezberdin batzen da Urdaibaiko Biosferaren Erreserban. Hegaztiei buruz jakiteko leku berezia da, baina, bereziki, hegazti ezberdinak bertako hezeguneetan zuzenean ikusteko paraje bikaina. Habia jartzen batzuk, arrantzan besteak, belarra ardien ondoan jaten edota txioka eta hegan. Horrez gain, nazioartean gero eta ezagunagoa den Urdaibai Bird Centerrek ekitaldi asko antolatzen ditu.

Hegazti Migratzaileen Nazioarteko Egunaren karietara egitarau oparoa eskaini zuten eta Euskal Herritik Afrikarako bidea egiten duten arrano arrantzaleen berri izan genuen aurrekoan. “Urdaibai”, “Mandela” eta “Costeau” arranoen bidaien berri eman zigun Aitor Galarza biologo eta proiektuaren arduradunak. Busturialdeko jende asko batu zen hitzaldira, tartean Gernikan eta Bermeon bizi diren senegaldar ugari. Azken urteotan Afrika atzean utzi eta asko kostata Europako bidea egin duten gazteak. Hegaz eta itsasoaz gaindi gugana helduak. Ondoan izan zituzten Busturialdeko Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Harrera taldeetako kideak.

Urdaibai Bird Centerrek proiektu ugari ditu eta azken urteotan arrano arrantzalearen inguruan buru-belarri murgilduta dago. Eskoziatik arrano jaioberriak ekarri eta Gautegiz Arteagan hazten dituzte. Hemen hasten dira hegaz, lehen arrainak harrapatzen eta bertokoak direla pentsatzen dute arranotxoek. Biologoek GPS seinalea ematen duen txip txiki bat lepoan jarri eta beraien hegaldien jarraipena egiten dute, batez ere Afrika aldera migratzen dutenean.

Aitor Galarza biologoa da proiektuaren arduraduna, eta berak ere txorien atzetik hainbat bidaia egin izan ditu Senegal eta Gambiara. Galarzak hitzaldian kontatu zuenez, «izugarria da arrano hauek arrantzan ikustea, atzapar bereziak dituzte eta hegan ari direla jauzi egiten dute uretara arrainak harrapatzeko. Orain, hemen, Urdaibain, horrelako arrano ugari ditugu, eta gure ikergaia izan dira azken urteotan. Gaur hiru arranoren Afrikarako bidaia kontatuko dizuet».

«Eskoziatik Euskal Herrira 60 arrano jaioberri ekarri ditugu azken bost urteotan, hiru astez Urdaibain hazi eta gero askatu egiten ditugu. Eta hemendik nora doaz? Bada, gehienak, Afrikara, %90 inguru Senegal eta Kamerun artera, zehazki», zehaztu zuen Galarzak.

Iberiar penintsula zeharkatu, itsaso gainetik Maroko aldera gurutzatu eta desertua gaindituta aurrera egiten dute Afrikako ipar-mendebaldeko kostaldetik. Bitartean, Urdaibaiko txorien gunetik “Argos” sateliteak ematen dizkien seinaleen bidez mapa batean kokatzen dituzte txorien hegaldiak. Zehaztasun guztiarekin jakiten dute non lo egin duten, nondik zeharkatu duten desertua edota zenbat orduz jarraian aritu diren hegan.

Urdaibai arranoa

Aitor Galarzak hiru arranoren bidaia kontatu zuen: “Urdaibai”, “Mandela” eta “Costeau”. «‘Urdaibai’ 2013an askatu genuen eta Dakarrerainoko bidea jarraitu genuen satelite seinaleen bitartez, Iberiar penintsulatik Marokora egin zuen irailaren 15ean; Tindufetik Saharar errefuxiatuen kanpamenduen gainetik joan zen Mauritaniarantz, eta handik sartu zen Senegalera. Irailaren 29an Dakarren ibili zen».

Aitor Galarza biologoa Senegalera joan zen. Ez ditu bidaiok turista bezala egiten, baina argazki kamera soinean darama beti. Euskal Herritik Edorta Unamuno eta Urdaibai Bird Centerreko lagunek arranoen ibilbideen koordenadak ematen dizkiote horrelakoetan, eta orduan ere “Urdaibai” arrano arrantzalea nondik zebilen adierazi zioten. 2013ko abenduaren 30ean, 07:30ean puntuan, Aitor Galarzak “Urdaibai” arranoa ikusi zuen, eta argazkia egin zion. Alboan ikus daiteke argazkia.

«Mandela» eta «Costeau»

Antzeko bidaiak egin zituzten “Mandela” eta “Costeau” arranoek ere 2015ean eta 2016an. Mandela arrano arrantzaleak Euskal Herritik Marokorako bidea egin zuen hegaz, Atlas mendilerroa gurutzatu eta Mauritaniako kostaldetik Senegalerantz. Gambia errekaraino heldu zen “Mandela” eta atzetik zihoan Aitor Galarzari oso zaila egin zitzaion “Mandela” arranoa zegoen lekura heltzea. Gambiako mutiko batek lagundu zuen biologo euskalduna, bertako jende gehienak ingelesez ez dakienez, mutikoa izan zen Galarzaren itsumutila. Eta “Mandela” arranoaren argazkia egitea lortu zuen Aitor Galarzak Gambian.

Bidaia horretako beste hainbat argazki eta pasadizo kontatu zituen guztion aurrean. Eta Senegaletik Euskal Herrira heldutako etorkinek azalpenak ematen zituzten, xehetasunak, erritoen gaineko zehaztapenak, herrietako ohiturak.

Bitxia da “Mandela” arranoaren pasadizoa. Izan ere, eta harritzekoa ematen badu ere, “Mandela” Marokoko kostatik azkar heldu zen Senegalera, beste inor heldu ez den denboran. Euskal Herritik abiatutako arrano arrantzaleak gau eta egunez hegan egiteari ekin eta 24 orduz gelditu barik 1.040 kilometro egin zituen jarraian. Urdaibai Bird Centerreko biologo eta langileak harrituta jarraitu zuten “Mandela”-ren martxa, eta sinestezina bazirudien ere xehetasun gehiagorekin aztertu zuten arranoaren ibilera. “The journal of Raptor Research” aldizkari zientifikoan publikatu zuten 24 orduko hegaldiaren berri. Urdaibai Bird Centerreko arduradunek frogatu ahal izan dutenez, gaur egun arte ez da lurretik gauez horrenbeste kilometroko migraziorik dokumentatu.

“Costeau” 2016an abiatu zen Urdaibaiko paduretatik Afrikarantz. Bi negu eman zituen Senegalen, baobab eta bertako zuhaitz artean, batetik bestera. Eta bertan egin zizkion Aitor Galarzak argazkiak Urdaibaiko arrano arrantzale horri ere.

Aitor Galarza biologoak kontatu zuenez, 30 urte inguru bizi ohi dira aurrera egitea lortzen duten arrano arrantzaleak, hegaldiak normalean bakarka egiten dituzte, eta “Urdaibai” eta “Mandela” hil zirela jakin zuten arren, uste dute “Costeau” etorriko dela berriz ere Urdaibaira, bere seinalea galduta duten arren. Afrikatik udaberrian etorri ohi dira Euskal Herrira, eta geraleku ziurra da Urdaibai beraientzat. Hemen arrautzak jarri eta kumeak izaten dituzte normalean. Irailean joaten dira berriz Afrikarantz, Senegalera gehienetan.

Senegaldarrak adi-adi

Urdaibai Bird Centerreko hitzaldian egondako lau senegaldarrekin elkartu gara egun batzuk geroago Gernikako Astran. Hitzordura etorri dira Sagar Camara, Ousmane Sarr eta Pape Diouf senegaldarrak Bermeotik, Gernikan bertan bizi da Tamsir Ndioye. Sagar duela hiru urte heldu zen Bermeora, ikasten eta lanean ari da. Oso nota onak atera zituen helduak alfabetatzeko eskolan eta orain Mungiako Lanbide Heziketa ikastetxean ari da elektrizitatea ikasten. Kalean saltzen ere aritzen da. Eta edozein lan egiteko prest dago. Neska-laguna ere etorri zen Euskal Herrira eta haur bat dute. Baina neskak Senegalera itzultzea erabaki zuen, eta hara begira dago orain Sagar, bere alaba eta emaztea han baititu. Berak, berriz, hemen jarraitzen du. Ezin duela etsi dio. Ez dute paperik eta lan txukunik ere ez. Baina ezin dira lotsatuta herrira itzuli. Europara etorri eta zerbait lortu behar dutela kontatzen du.

Ondotik jarraitzen ditu Sagarren esanak Pape Dioufek. Arrantzalea izan zen umetatik Senegalen. Ez da aspaldi etorri zela. Senegaldik Marokora hegaz heldu zen bera ere, hegazkinez. Bost ordu eman zituen pateran itsasoa gurutzatzen eta Tarifan eman zituen hamalau egun. Duela gutxira arte Almerian egon da lanean, baina diru gutxi irabazten zuela-eta berriro itzuli da Bermeora. Ahal duen lanak egiten aritzen da bera.

Harrituta geratu dira senegaldarrak hegazti migrarien bidea jakitean. Zeinen erraz egiten duten Euskal Herritik Senegalerako bidea txoriek. Eta nahi dutenean berriz itzuli. Beraiek hemen daude, baina ezin dira Senegalera joan, paperik ez dutelako lortu oraindik. Ez itzultzea litzateke hori.

Ousmane ere arrantzalea zen. Urte asko eman zituen itsasoan lanean. Perun lan egiteko ere bazuen aukera. Baina Perura joateko hegaldia Barajasen gelditu zenean, bere lagun batzuekin batera bide berri bati ekitea erabaki zuen. Txoriek bezala Afrikatik Europarako bidea hegaz egin zuen. Barajasen ez zuten zorte txarrik izan eta Madrileko Lavapies auzora iritsi ziren. Ez zuten dirurik. Baina kontaktu batzuk bai. Madrildik Bilbora deitu eta berehala harrera egin zieten Bizkaiko hiriburuan. Bermeon daude geroztik. Itsasora noiz aterako zain, paperak noiz edukiko, aukera berri baten zain. Etxera dirua bidali eta hemen irauteko.

Tamsir Ndioye lan eskaintza batekin abiatu zen Senegaldik Marokora. Serigrafiako tailer baten lan egiteko ametsa zuen han. Joan zen lanera Marokora, baina iruzur egin zion jabeak. 2017a zen. Sei hilabetez jardun zuen lanean. Ez zuen nahikoa irabazi eta utzi eta bidean jarraitzea erabaki zuen. Tangerrera joan zen eta basoan ezkutatu, aukera berriaren zain. Bederatzi hilabetez bizi izan zen ezkutuan basoan, 2018ko ekainean hesia gainditu eta Malagatik Bilborako bidea egin zuen arte. Gernikara etortzea eskaini zioten harrera taldeetan eta Gernikan okupatuta dagoen Bloke Laranja eraikinean bizi da egun beste etorkin batzuekin batera. Hamar errefuxiatu bizi dira bertan. Senegaldarrak gehienak, baina badira hiru kamerundar eta Gineako beste bat. Gernikako Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeko kideen laguntzarekin serigrafia tailerra antolatu du Astran bertan. Eta herriko elkarte, taberna eta taldeentzat kamisetak egiten aritzen da. Bere ametsa gauzatzen ari da. Bizitza antolatzen ari da eta Gernikan jarraitu nahi du.

Hegazti migratzaileen hitzaldian adi-adi egon ziren eta orain beraien bizitza kontatu digute lau lagunok. Afrika maite dute, bere herria ez du inork gogoz uzten, baina etorkizun hobe baten bila etorri dira. Ez dute lotsatuta itzuli nahi eta paperak aldarrikatzen dituzte, eta, txorien antzera, Europatik Afrikara libre itzuli nahiko lukete.