2019/05/18

Pello Otxandiano
Euskal metropolia

Oinarri-oinarrira jota, ezkerreko independentismoak ez du euskal metropoliarentzat narratiba bat garatzen jakin azken urte luzeetan

Hauteskunde espainiarrek utzitako zapore gozoarekin ekin zaio bigarren txanpari. EH Bilduk erronka zaila zuen parean: marko estatala berez da zaila, gehitu horri polarizazio handiko testuingurua eta 2016ko hauteskundeen aurrekari negatiboa. Zailtasun denen gainetik emaitza txukunak lortu ditu ezkerreko independentismoak: sumatzen zen goranzko joera konfirmatu dute eta egoera animiko ona sortu datorren asteko hauteskundeei begira.

Irakurketa sakonagoak egiteko patxada ere hartu beharko da, datorren asteko emaitzekin adierazle kuantitatibo asko izango baitira mahai gainean. Momentuz, joera orokorra positiboa dela baieztatu daiteke: herri ikuspegitik, hauteskunde espainiarren emaitzek euskal markoa indartu izana adierazten dutela aipatu da, marko espainiarra indartsua izanik ere, euskal hautesleriak logika propio baten arabera bozkatu duela, alegia. Eskuin espainolaren porrota begi bistakoa izan da Euskal Herrian –lehen aldiz PPk ez du eserlekurik atera–, PNV euskal soziologia kontserbadorearen erreferentzia politiko bilakatuz. Ezkerreko independentismoari erreparatuta, EH Bilduren gorpuzte politiko-ideologiko bat erakusten dute emaitzek, hazkunde prozesu emankor bat aukera berriak proiektatzen dituena.

Analisi xeheagoak egitera ere behartuta gaude, eta egiten hasita ezin aipatu gabe utzi ezkerreko independentismoak euskal metropolian duen hutsunea. Bistakoa da erro sakonak dituen arazo baten aurrean gaudela, eta beraz, analisi konplexuen beharrean gaudela. Oinarri-oinarrira jota, ezkerreko independentismoak ez du euskal metropoliarentzat narratiba bat garatzen jakin azken urte luzeetan.

PNVk badu narratiba bat, arrakastatsua dena sozialki, neoliberala –Unai Rementeriaren diskurtsoak ezin argiago frogatzen duenez–, baina bertako identitatearekin konektatzen asmatu duena. Bilboren eraberritze urbanistiko ikusgarria eta Guggenheim efektua baliatuz Bilbo nazioartean kokatzen duen narratiba arrakastatsu bat eraiki du PNVk. Ezkerreko independentismoa, aldiz, arrakastatsua gertatu den eraberritze urbanistiko horren proiektu traktore nagusien aurka egon da –Metroa, Guggenheim–, PNVren narratibari kontrajarri dakiokeen beste bat sortzeko gaitasunik izan gabe. PNVrekiko ezezkotasunean autoeratu da ezkerreko independentismoa metropolian eta ez du posizio sozial propio bat irabazten jakin.

Ezker independentismoak eman ditu jauzi kualitatiboak beste lurralde-eremu batzuetan azken urteetan: Araban eta Ipar Euskal Herrian, zehazki. Zentralitatea borrokatzeko gai den posizio sozial bat garatu du eta bertako gizarte mugimenduek planteatu dituzten aldaketa-bektoreekin bat egin du –Araban Fracking Ez, Garoña, Gora Gasteiz eta abar; Iparraldean instituzionalizazio prozesua elikatu dutenak–. Nafarroa lurralde historikoa da ezkerreko independentismoaren imajinarioan eta, gainera, kuneteroen kontrako gudu-zelaia. Gipuzkoa, aldiz, herrialde abertzale eta euskaldunena da, bere territorio naturala, nolabait esatearren. Baina, eta Bizkaia mendebaldea?

Arazoa Bilbo inguruan dagoen arren konponbideak ez dira Bilbotik soilik etorriko, ez baita Euskal Herriaren edozein zati, Euskal Herriko metropoliaz ari gara, biztanleriaren heren bat bizi den zonaldeaz. Eta beraz, neurri handi batean, independentismoak Bilbo inguruan behar duen narratiba berria herri-narratiba berria izango da. Proiektu independentistak eman behar dio leku bat metropoliari eta ez alderantziz: Zer da zonalde hori Euskal Herriarentzat? Zein da independentismoaren proiektua euskal metropolian? Oinarrizko galderak egitera behartuta gaude hurrengo hauteskunde zikloan jauzi bat eman nahi baldin badugu. •