> Irain matxistak

«Neskak pilotan? Eta zein dago sukaldean afaria egiten?» edo «Gaur neskek 17.00etan jokatuko dute, gero sukaldera joateko». Halako mezuak irakur daitezke Azkoitiko Pilotari Eguneko mutilen txapelketako Whatsapp taldean. Emakumezko pilotariei egindako irainak direla eta, mutilen txapelketa bertan behera uztea erabaki dute Azkoitiko txapelketako antolatzaileek. Antolakuntza taldeak, gainera, barkamena eskatu du: «Azken aste honetan Pelotai Euneko mutilen txapelketako taldean idatzi diren emakumezkoen aurkako irainen harira, antolakuntza taldeak barkamena eskatzen du. Batez ere, momentuan behar bezalako erantzun azkar bat ez eman izanagatik. Hori dela eta, erabaki hau hartu du antolakuntzak: herriko mutilen txapelketa bertan behera uztea. Azkenik, berriro barkamena eskatzen du antolakuntzak, eta garbi utzi nahi du, azken urteetan bezala, lanean irmo jarraituko duela berdintasuna sustatuz. Hemendik aurrera hartuko diren erabakien berri izango da aurrerantzean ere». Mutilen txapelketa kenduta, gainontzeko ekitaldiak bere horretan mantendu dituzte.

Mezua idatzi dutenek ere eskatu dute barkamena eta «gustu txarreko broma» bat baino ez zela nabarmendu dute. Albisteak hautsak harrotu ditu eta kezka sortu du, jende gaztea baita mezu horiek idatzi dituena. Bistan da parekidetasunaren bidea luzea dela.

> Bibradorea eta depilatzeko argizaria

Depilatzeko argizaria, bibradore bat eta lima elektriko bat. Horixe jaso dute saritzat Asturiasko Squash Txapelketa irabazi duten emakumezkoek. Kirolariek beraiek salatu dute gertaturikoa aipatu kiroleko federazio asturiarraren aurrean, lotsagarria iruditu baitzaie garaikurraz aparte jasotako opari sorta. Gizonezkoen kasuan, garaikurra bakarrik jaso zuten. Asturiasko Squash Federazioak bere aldetik, Emakumearen Institutura helarazi du kirolarien kexa, jasotako opari sorta «sexista» dela iritzita. Protestak jada izan dituzte ondorioak, txapelketako antolakuntzako hiru kidek dimisioa eman baitute. Eta sare sozialetan ere harrabotsa izan da.

> «Berrogei ordu berrogei minuturako»

«Ostiral arratsaldean atera eta igande goizean itzuli. 40 orduko bidaia eta pertsonako, batez beste, 150 euroko gastua espetxean dagoen lagun batekin 40 minutu partekatzeko».  Sakabanaketak euskal preso politikoen senide eta lagunengan duen eragina aletzen duen azalpen hori ia mila aldiz izan zen elkarbanatua bi egunetan.

Datuak eskutan, Joseba Permachek bere amaginarrebak Sevillako espetxean preso dagoen lagun bati egindako bisitaren berri eman du Facebook sare sozialean. Bertan euskal presoen senide eta lagunek egin beharreko bidaiak zer-nolakoak diren aletzen du. Bi eguneko epean ia mila aldiz izan ziren partekatuak lerrook, espetxeen inguruan gertatzen den guztia ikusaraztea eta salatzea denon eginbeharra dela iritzita.

> Madonna, «Oihaneko zuhainetan»

Pop musikaren erreginak Eurovisioneko ikuskizunean eskainitako “Like a prayer” abestiaren sarreran Zuberoako “Oihaneko zuhainetan” abesti tradizionala dagoela dirudi.

Joan den asteburuan Tel Aviven izan zen Madonna, Eurovision jaialdiaren galan. Haren ikuskizunak zeresana eman zuen; batetik, tonua erabat galduta abestu zuelako, eta, bestetik, bandera palestinarra erakustea lortu zuelako “Future” abestian zehar.

Agertokira salto egin aurretik, monjez jantzitako berrogei bat abeslarik osatutako koroak eman zion sarrera. Hitzik gabe, ahapetik aritu ziren kantuan, baina nahikoa antza melodiaren oinarrian Zuberoako “Oihaneko zuhainetan” abesti tradizionala dagoela esateko. Joxan Goikoetxea soinu-jotzaileak eman zuen Facebook-en horren berri, Madonnaren abestiaren sarrera Euskal Herriaz mintzo den olerki baten melodia dela esanez.

> Jolastokiak

Eskoletako jolasguneak baloiaren joan-etorriak markatuta eraiki eta okupatzen dira. Oro har, mutilak baloiaren inguruan bildu eta neskak bazterrean utziz. Urteak dira nesken eta mutilen aldetik ematen den jolastokion erabilera desberdindua aztertzen dela. Aztertzen eta eraldatzen. Zenbait herri eta eskolatan aspaldi hasi ziren auzia lantzen. Bide beretik, ugari dira jolastokiaren erabilera arauak garatu dituzten ikastetxeak. Espazioaren erabilera desorekatua ekidin nahian ezarri dira arauok, futbolaren presentzia erregulatuz. Horren adibide da Atxuriko eskolako jolastokia. Parte hartzaileago egiteko bokazioz, pasa den asteburuan auzolanean eraldatu zuten.