Iñaki Altuna

Hauteskundeak berriro

Hauteskunde ondorena udal eta foru gobernuak osatzeko mugimenduetan murgilduta dago, bete-betean, oraindik ere herritarrek hautetsontzietan azaldutakoari erreparatzeak merezi badu ere. Hauteskundeek Euskal Herriaren errealitatearen argazki osoa ez dute erakusten, jakina denez, baina argazki hori osatzeko lanabes baliagarria dira.

Azkenaldian maiz esan izan den bezala, berriro ere Euskal Herria errealitate berezia eta berezitua dela argi eta garbi azaldu da, joan den apirileko hauteskundeetan gertatu zen bezalaxe. Eta berezitasun horretan kontent egoteko motiborik ere bada, kontuan hartuta, esate baterako, eskuin muturrak beste inon baino indar gutxiago duela gurean. Europako hauteskundeetan Ipar Euskal Herriko emaitzei begiratzea besterik ez dago. Frantziako Estatuan Le Penen taldea izan zen bozkatuena. Euskal Herrian, berriz, Macron izan zen garaile eta, bere atzetik, bigarren, ez da Le Pen geratu, ekologistak baizik. Le Peni aurre egiteko aukera hori ere hartu dute euskal herritarrek. Ultraeskuinak izandako emaitzak kezkagarriak izanda ere, bistakoa da haren sarrera eskasagoa dela euskal lurralde horietan beste lekuetan baino. Zer esanik ez Hego Euskal Herrian, non Voxek, espero moduan, ez duen ezertxo ere lortu.

Izan ere, abagune zehatzaz harago, atzera begiratuta, herri honetan zenbait oinarri positibo finkatu direla esan daiteke. Negatiboak ere, jakina, baina ez genituzke gutxietsi behar herri bezala egindako urratsak. Ez da denbora asko izugarrizko arrakasta izan zuen artikulu bat argitaratu zuela Jon Maiak (“A favor del futuro, a favor de Errenteria”). Besteak beste, bere garaian Espainiatik etorritako migrazioaren ondotik komunitateen arteko talkak gainditzeko Errenteriak azkenaldian egindako lana goraipatzen zuen. Goraipatzekoa zinez elkarbizitzaren alorrean Errenteriak egindako esfortzua eta benetan ederrak Maiak azaldutako zenbait ideia, nahiz eta, beharbada, ikuspuntu horrek, nahi gabe ere, azken hamarkadetan egindako oso ekarpen garrantzitsuak gutxiesteko arriskua era bazekarren berarekin pasarte batzuetan. Migrazio horren garaikidea baita Euskal Herrian sortutako abertzaletasun iraultzailea, eta esan beharra dago, gure Sabino Aranarekin alderatuta, oso oinarri egokiak utzi zituela proposamen eta ikuspuntu xenofoboak baztertzeko. Euskal Herrian abiatu den ziklo berriak estrategiak berritzea, ikuspuntuak iraultzea, politikoki arriskatzea eskatzen du, erradikalki, atzera begira lotan geratu gabe errekonozimenduen zain; baina bainuontziko ur zikina botatzerakoan, kasu egin behar da haurra ere ez botatzeko.

Orain eta hemen dago, alabaina, arreta jarrita. Zer gertatuko ote den datorren asteetan dugu aipagai nagusia, igandeko emaitzak baloratzen segitzen dugun bitartean. Agerian geratu da EAJren gorakada, eta oso indartsu ikusi dugu EH Bildu ere, nahiz eta hazkunde hori ez den beharbada bat etorriko botere kuotarekin. EAEko eta Nafarroako PSOEk ere gora egin du, aurreko hauteskundeetatik etorritako Sanchez efektuari esker, efektu hori lurralde batzuetan beste batzuetan baino argiago ikusi bada ere. Emaitza horiek eta itun politikak trenkatuko dute erakundeetako gobernuen banaketa. Mugimendu asko izango da datozen asteetan.

Ikuspuntu historikoaren eta egungo arreta guneen artean bada, horratik, aztertu beharreko beste aldagai garrantzitsu bat, hain zuzen ere, euskal prozesu politikoari eta haren norabideari zein erritmoari dagokiona. Hauteskunde ziklo honek eta bertan izandako mugimenduek nola eragingo dioten horri guztiari ikusteko dago. Zein izango ote da gailentzen den norabidea? Aukera berriak eragiteko hautua edo eztabaida gai nagusiak blokeatzekoa? Eta egia esan, EAJri eta PSOEri bigarrenaren aldeko joera antzematen zaie. Aldaketa prozesu politiko eta sozialak azkartzeko arazo izan daiteke horien jokabidea, orain arte izan den bezalaxe. Halere, Katalunia, EAEko estatus politikoa, euskal gatazkaren sorburua zein ondorioak eta beste gai asko hortxe daude, eta ez dira besterik gabe desagertuko. •