Miren Azkarate Badiola

Ziburu, euskararen arnasgune berri bat

Euskarak eta euskal kulturak arnasgune berri bat izango dute gaurtik aurrera. Bi estatu handiren artean dugun herri txiki honek hainbeste behar duen beste oasi txiki bat izango da, urte luzeetan geratuko denaren esperantzan. Non gainera eta euskara hizkuntza existitzen omen ez den leku batean. Ez gaizki ulertu, euskara hizkuntza ofiziala (ezta koofiziala) ez den lurralde bati buruz ari naiz; Lapurdiri buruz, hain zuzen ere.

Kostako herri txiki zein polit batek aurten lehen euskal liburu eta disko azoka bat izango du, Ziburuko I. Liburu eta Disko Azoka ospatuko da gaur herriko plazan.

Euskal Herrian zehar baditugu horrelakoak. Ezagunena eta handiena Durangoko Azoka, non urtetik urtera bertaratzen den jende kopurua handiagoa den eta bertan aurkezten diren produktuak ere ugaritzen doazen. Baina ez da azoka bakarra eta gaurkoa ikusita badirudi euskarak eta euskal kulturak uste baino osasun hobea dutela. Hala izango ote da!

Azken urteotan gorakada nabarmena bizitzen ari da euskara Ipar Euskal Herrian, horren adibide garbia da Seaskako ikastolek urtetik urtera duten matrikulazioen hazkunde ikaragarria. Euskarak badu harrobia eta nonbait geroz eta handiagoa; garrantzitsua azoka sortu berri honek kontsumitzaileak izan ditzan.

Ongi etorri, eta urte askoan, Ziburuko Liburu eta Disko Azoka. •