2019/06/08

Ander Gortazar Balerdi – @derzu_uzala
Arkitektoa
Arkitekto franko

«No pasarán», zioen Madrilgo pankarta famatuak. Bada, pasatu ziren, eta pasatzen lehendabizikoa, lehenengo ofiziala bederen, arkitekto bat izan zen: Jose Maria de Yturriaga Dou.

Duela urtebete deskubritu genuen Pasaiako arkitektura garaikidea ikertzerakoan, bereak baitira badiako hainbat eraikin interesgarri, hala nola Ama Pilar Izquierdo haurtzaindegia eta San Jose Artesano etxe-taldea Trintxerpen, eta Juan XXIII.a kaleko etxebizitzak Donibanen.

Historia zer den: gerra irabazi zuen frankista batek diseinatu zituen errepublikazale, anarkista eta sozialista askoren etxebizitzak, eta hori gutxi balitz, itxura guztien arabera, tipoak ederki disfrutatu zuen gerra galdu zuten haien aterpea diseinatzen. Eraikin interesgarriak dira tipologikoki eta formalki, eta garaiko abangoardian kokatzen dira.

De Yturriaga Douren –eta beste arkitekto frankista frankoren– kasuak talka egiten du gizartean oso errotua dagoen mito batekin, zeinak lotzen dituen abangoardia estetikoa bando errepublikarrarekin eta ezkerrarekin oro har, eta klasizismo kontserbadorea bando frankistarekin eta eskuinarekin oro har. Balio lezake sinplifikazio gisa baina beharrezkoak dira ñabardurak.

Egia da Franco arkitektura klasizista handiustearen alde lerratu zela nabarmen, eta GATEPAC (Grupo de Artistas y Técnicos Españoles para el Progreso de la Arquitectura Contemporánea) taldea, eta, bereziki, bere adar katalana, GATCPAC (Grup d'Arquitectes i Tècnics Catalans per al Progrés de l'Arquitectura Contemporània), nagusiki errepublikazaleak izan zirela. Izan ziren, ordea, eraikin frankista arrazionalistak (Francisco de Asis Cabreroren Madrilgo Casa Sindical, adibidez), baita arkitektura modernoa jorratzen zuten frankistak ere. Gure artean ospetsuena, seguruenik, Jose Manuel Aizpurua da, errepublikazaleek 1936an fusilatua eta Donostiako Nautikoaren egilea Joakin Labaienekin batera.

Europa mailara salto eginda are nabarmenagoak dira kontraesanak. Sobietar Batasunaren hastapenetan, Stalinek sutsuki sustatu zuen errealismo sozialista, korronte klasizista eta estetikoki ultrakontserbadorea, eta hura hil arte ez zen hasi Sobietar Batasunean arkitektura arrazionalista gailentzen. Bitartean, Italian, arkitektura modernoa mugimendu faxistaren ikur estetiko bilakatu zen, Giuseppe Terragniren Casa del Fascio ederrak –izena ez da, ez, kasualitatea– erakusten duen bezala.

Duela urte batzuk, Xavier de Jarcyk dezenteko harrabotsa sortu zuen Frantzian spoiler oro neutralizatzeko moduko izenburua zuen liburu batekin: “Le Corbusier, un fascisme français”. Ñabardura hauek eta gehiago, dikotomia sinpleen arriskuen ohartarazpen jator gisa. •