2019/06/08

Iker Barandiaran
Lagunak

Nerabezaro bukaeran, hogeitaka urte luze dela elkartu ginen eta mila abentura ganberro partekatu ostean, gerora sakabanatzen joan ginen, dramarik ezta haserrerik gabe, modu naturalean

Bagoaz poliki-poliki bizipenak eta esperientziak pilatzen, eta urteen joanarekin zein norberaren mugikortasun, ohitura eta dinamiken erruz, askotan ezagun zein lagunak begi bistatik galtzen ditugu, nahiz eta tarteka bide bazterretan edo bidegurutzeetan ikusten ditugun gure bidetik irten ez artean. Horregatik sarri oroitzen naiz zeharkatzen ez ditudan bidegurutze horiez, askotan goxoak direlako horiekiko oroimenak.

Elkar aldentzea bizilegea dela ondo baino hobeto jakin arren, aukera suertatzean, hala sentitzen dudalako, ohitura daukat aspaldiko lagunez jakin-minez galdetzeko. Hala bada aspaldian behin baino gehiagotan gertatu zait ezagun dudan norbaiten berri izateko haren lagun mina zen bati galdetu eta horren ezusteko erantzuna jasotzea: alajaina, jada ez duela harekin inongo harremanik eta lagunaren telefono zenbakirik ere ez daukala. Erabat harrigarria egiten zait lagun harremanak hozten uztea baino gehiago, horrela nahita etetea eta desagerraraztea, puntu horretara heltzea. Zorionekoa ni, halako oso kasu gutxi bizi izan ditudalako.

Orain gutxi bazkaria eta parranda izan nituen aspaldiko kuadrillakoak zirenekin. Nerabezaro bukaeran, hogeitaka urte luze dela elkartu ginen eta mila abentura ganberro partekatu ostean, gerora sakabanatzen joan ginen, dramarik ezta haserrerik gabe, modu naturalean, bakoitzaren premia, ardura, motibazio eta zaletasunen bila. Bakoitzak gure bidea egin genuen, zein baino zein anitzagoa eta desberdinagoa.

Hain ginen desberdinak, baina hain ondo pasatu genuen elkarrekin… Gure gaztaroko garai konkretu batek batu gintuen izaera eta jatorri oso desberdineko gazteak ginen: nazionaletan ibilitako eta euskaraz ez zekiten erdaldun peto-petoak, baserri-semeak, Ikastolako lehen promoziotakoak, etxean penuria handiak bizi izandakoak… eta, azken finean, guztiok kale basakumeak. Kalean aurkitu eta bertan elkarbizitza landu genuen denak eta ezerk axola ez zuen gure bizitzako garai jakin batean, kaleak biziak baina erabat grisak zirenean, gaztaro basati eta harroenean, eskura genituen arrisku eta aukeren alboan jolasean, bilatuz, probatuz, gozatuz eta ikasiz.

Orain nostalgiak, adinak, urruntasun sentipenak, oroitzapen gogoangarriek eta bizitza-legeak elkartu gaitu berriro mahai baten bueltan eta kaña batzuen topaldian; eta gustura hartu dugu elkar. Errepikatuko dugu ziur. Bitartean bizitzak edo bizitzok bira asko eman dituzte: gutako batzuk izan dira kartzelan, langabezia luzean beste batzuk, erantzukizun handiko postuetan lanean, esparru publikoan agerian gelditu dira, ezkondu dira gehienak, banatu ere batzuk, dependentzia zein gaixotasun larriei aurre egin diete… eta jada bada gure artean ez dagoenik ere. Hala ere, urteak eta gure arteko distantzia handia izan den arren, bada zerbait eten ez dena, pospolo edo gar bat. Eta hori ezin da erosi, ezta saldu ere.

Halakoak azalean bizi eta egiaztatu ostean, gogoan ditut semeei gaur egun ikusten dizkiedan jokaerak: hain zuzen ere, lagunekiko erakusten dituzten leialtasunak, apurtezinak diruditenak baina hauskorrak ere badirenak; adin batzuetan hain presente duten “lagun onena”-ren figura ordezkaezina eta beste. Ohituko dira ezinbesteko bide aukeraketa horiei, atzean edo urrunago geldituko dira orain ordezkaezinak diruditen batzuk, lagun berriak egingo dituzte ezer ez baita betirako, baina baliteke horietako batzuekin izandako bizipenak indartsuak badira, harreman eta lotura horrek luzaroan eustea. Hori baita garrantzitsuena: laguntasun horren konplizitate eta kalitatea. •