Koldo Sagasti

Itxoiten

Erreumatologoaren itxarongelan nago zain. Hiru hilabete dira hitzorduaren esperoan nagoela, bost minutuko zitak nire bizi kalitatea hobetuko duen itxaropen antzuan. Harrera gelan nire egonaldia arinagoa egitearren sega-potoaren pantailan nabigatzen berrogei minutu daramatzadala, atentzioa eman didan artikulu batekin egin dut topo. Javier Auyero etnografoaren liburu baten aipamena egiten du: “Estatuaren pazienteak”. Ikerketa lanean Texaseko Unibertsitateko soziologia doktoreak ondorioztatu du pobreei itxaronaraztea gizarte kontrolerako tresna bat dela. Haren esanetan botereak itxaronaldiak baliatzen ditu herritar xumeak, gizarte maila apalenekoak bereziki, zelatatzeko eta zigortzeko. Hala, itxaroteak sentimendu subjektibo bat eragiten du zain dagoenarengan, itxoitea bere eginbeharra dela sinetsarazten dio, bere gizarte estatusari dagokiona, eta itxaron-tartearen ostean saria jasoko badu, pazientzia handiko hiritar zintzoa izan behar du. Osasun sistema publikoaren bezeroa noizbait artatuko duten esperoan, etorkina bere egoera legala normalizatuko duten paperen itxoite amaigabean, leihatilako ilaran dagoena beste leihatila batera bideratuko duen funtzionarioaren aginduaren zain...

Itxaronaldia menderatze tresna bat da, botereak klase herrikoiak azpian hartzeko baliatzen duena, errepresio erreminta sotila. Estatuaren pazienteak birritan gara paziente adiera polisemikoaren esanahiei erreparatzen badiegu: gaixoak garelako eta sinistuta gaudelako eraman handiz jasan behar dugula itxaron-denbora. Pribilegiatuentzat, berriz, bestelako erritmoan mugitzen da sistema. Haiek beste maila batean bizi dira, abiadura handiko munduan. •