Itzea Urkizu Arsuaga

Kuadrillakeriaz

Demagun iritzi zutabe bat idatzi beharra daukazula, udako solstizioa iristear denean. Demagun, asteburuan Kuadrilla Eguna dela zure herrian eta, testurako ideia zaparrada osatzen ari zarenean, begiradak “kuadrilla” hitzean geratu duela bere bidea, oroitzapenei ibiltzen uzteko.

Kuadrilla, tokatzen edo aukeratzen den lagun taldea. Gurasoen gonapetik gizartera salto egiteko eskubidea aitortzen dizun idatzi gabeko dokumentu ofiziala, eta parranda korroan egiteko ohiturari zentzua ematen dion arrazoi bakarra. Elkarrekin ikastera, elkar babestera, elkarri min ematera, lotzera edo askatzera eraman gaituen erakunde-sozial itxi eta zurrun hori. Maite dut Kuadrilla Eguna nire herrian, baina nahiago nuke sailkatze horien beharrik ez duen festa baten adrenalinaz ito; eta, bide batez, kuadrillen “-keria” guztiak ahaztu.

Demagun, kuadrilla batek talde argazkia atera nahi duela, eta zuri eskatzen dizutela, mesedez, momentua izoztea. Demagun, ia 40 lagun –gizon– kamerari begira ari direnean, ahots batek zuri buruzko iruzkin bat oihukatzen duela, ar-taldearen anonimotasun gozotik, eta zuk ezer esan gabe alde egiten duzula, kamera bertan utzita. Demagun, ahotsa altxatu duenaren kuadrillako askori gehiegikeria iruditzen zaiela, zuk hori guztia jarrera matxistatzat hartzea.

Edo, imajina, beste norbaitek ezagunei gertu hitz egiteko edo gerritik heltzeko ohitura duela. Imajina, haren bizilagunak, bere gisara festan ari diren emakumeei goitik behera begiratzen diela, nabaritzeko moduan, eta, egoki deritzonean, puntuazioa ere jartzen diola gorputz bakoitzari. Imajina, ohitura hori “bere ohitura” dela haren kuadrillan eta, gehienek, aspaldi erdietsi zutela norena den arazoa.

Bai, gaur Kuadrilla Eguna da gurean, eta gogotik ospatuko dugu bizitza; edo saiatuko gara. Hori bai, talde handietan, itxi edo irekietan, nahiz bi lagunekoetan, gauzei bere izenez deitu, pultsera moreak jantzi aurretik. Gora Kuadrilla Eguna, behera konplizitateak! •