2019/09/14

Oihane Larretxea
Aldaketak

Bazuen bueltatzeko garaia. Lau urtaro errutinatik kanpo. Ordura arte, bederatzi urtez, bere errutina izan zenetik kanpo. Udazkenaren ondoren heldu zen negua. Zuhaitzak agerian zuten eskeletoa eta lehenengo elur malutak erori ziren. Zain egon arren, ezustean, urteko azken egunetan sortu zen bizitza berria. Ordu txikien iluntasunean bi begitxo ireki ziren, borobil-borobilak, ixil-ixilik. Ñimiñoak ziren, baina gau beltza argitu zuten.

Maitasun haren indarra ez zuen ezagutzen. Bortitza. Basatia eta primitiboa. Konturatu zen betidanik maite zuela izaki hura. Munduratu aurretik. Sortu aurretik. Zaurgarria. Hauskorra. Delikatua. Leuna eta goxoa.

Klak. Errutinaren kontagailua gelditu. Dena izoztu eta ezberdin kontatzen jarri. Beste erritmo bat, beste bizimodu bat zabaldu zen istant hartan bere begien aurrean.

Zuhaitzen adaxkak hostotxoz janzten hasi ziren poliki-poliki. Konturatzerako udaberria ailegatu zen, Natura nagiak kentzen ari zen. Badoaz asteak, hilabeteak, egun batek besteari lapurtzen dizkio orduak… ez korrikarik egin, ez izan handitzeko presarik!

Eta klak. Itsasoaren gatza itsatsi zaio azalean. Udara. Nola da posible? Sandia hozkailuan, sardinak parrilan. Hondarra etxeko lurrean, gaizki astindutako toallak. Urtero berdin. Begi ñimiñoak handitu dira, eta beltza zena gris urdina da, edo urdin grisa.

Etxeko sagarrondoak hasi dira sagarrak askatzen. Urtaroa azkenetan da… egutegiak dio badela errutina zena berrartzeko garaia, errutina orain beste bat izan arren. Zein da egiazkoa, bihotzatxo? Aldaketa batek besteari ematen dio paso, horrela josi ei da bizitza. Konstante bakarra zeu zara, nire Lucia. •