2019/09/14

Ula Iruretagoiena Busturia - @ulissima5
Arkitektoa
Hiriak salbuespen egoeran

Uda joan zaigu, hainbat hausketa gai utziz. Gure hiri esperientzien artxibategirako hainbat gertakizun izan dira udazkeneko gorputz berrituek gogoan izan beharrekoak. Bata, zinema eta hiria biltzen direnekoak, eta ez artelan artistikoa egiteko, tamalez. Uztailean Donostia filmazio set bihurtu zen hainbat gune gotortuz eta trafikoa eraldatuz. Woody Alleni jarri zaio “toalla gorria” donostiar hondartzaren postal paregabean, Ipar Amerikan eta oro har mundu osoan zehar enbaxadore lanak egiteko kontratua sinatu ondoren. Salbuespenezko deserosotasunak ziren, ados, baina ekintza horrek hiriarentzat suspertu nahi duen egoerak eraldatzailea izan nahi du, ez salbuespenezkoa.

Amerikano (dirudunen) lehorreratzea iristen denean, Europako beste hiri batzuetan argi asko egiaztatu daitekeen bezalaxe, hiria osatzen duen aspektu orotan du eragina: produktu salmentan, denda ereduetan, gastronomia eskaintzan eta jan ohituretan, hizkuntzan, kultur programan, higiezinen prezioan eta eraikin tipologietan, hiriek lurraldean duten zentraltasunaren nagusitasunean eta aldirien antolakuntzan bertakoen bizitegi izateko. Urtero astebete eskaseko iraupena duen Zinemaldiak ere bai; pentsa, hiria antolatzeko adina indar baduela entzun izan diot inoiz agintari bati, lurralde-azpiegituren eskala eta kokapena baldintzatzeraino eta ulertzeraino, hau da, hiria salbuespenezko gertakizunetarako neurri iraunkorrak hartu beharrean dela. Biak hiri politika ulertzeko moduak dira, salbuespenez eta arte emankizunez mozorrotuta. Noizko uzten ari gara prozesu predatzaileok gurean sortutako egiturazko eraldaketen datu eta egoera zehatzak mahai gainean jartzea?

Bestalde, Biarritzen munduko agintari boteretsuek egindako indar eta kontrol exhibizionismoa gogoratzeko modukoa izan da. A zer anabasa sortu duten Ipar Euskal Herrian pertsona batzuen asteburu-pasa antolatzeko, prestaketak abuztu osoan luzatuz. Ezkontza baten antolakuntzarekin baino, hartutako neurriek gerra estrategia eta logikekin lotura zuzenagoa izan dute, “segurtasuna” bermatzea aitzakia. Hori bai, Hollywoodeko ikusgarritasun –eta aurrekontu– zinematografikoarekin. Teknologia aurreratu isil eta ikusezinek ez dute balio, antza, estatu boterearen handitasun adierazpenerako; komunikabideetan ikusi ditugun agintarien argazkiei normaltasuna darie, baina herritarren egunerokotasuna salbuespen egoerara bitarte bortxatzearen truke izan da.

Geopolitikan eta hirigintzan adituek behin eta berriz errepikatzen dute hiriak etorkizuneko bizileku;eta gudaleku— izango direla, bertan gero eta botere gehiago bateratuko delako. Bada, filosofian adituek diote garaikidetasunaren ezaugarria dela salbuespen egoera iraunkorrean bizi garela, non botere erakustaldia, ekonomiaren baloreak gailenduz eta gizartearen kontrola aplikatuz, hiri politikarekin nahastu den. •