Isidro Esnaola

Diruaren erabilerari buruzko eztabaidak pil-pilean

Diruak gero eta interes gehiago pizten du: ordainketa sistemak direla, kriptodibisak direla, datuak direla… Eztabaidotan lerro ezberdinak gurutzatzen dira. Funtsean, ordainketak egiteko baliabide elektronikoen erabileraren inguruko gogoetak dira batzuk, eta, besteak, bloke kateetan oinarritutako dibisa berrien –bitcoin eta ethereum modukoak– eta etorkizuneko kapitalismoan izango duten eraginaren ingurukoak. Eskudiruarekin egiten diren ordainketa asko pagamendu elektronikoekin ordezkatzen ari dira abiadura handiz. Banku transferentzien bidez edo kreditu txartelak erabiliz gero eta ordainketa gehiago egiten dira. Banku txartelok orain mugikorretan ere gehitu dira eta web zerbitzu batzuk ere asmatu dira diru eragiketok burutu ahal izateko.

Funtsean, baliabideok ez dute orain arteko sistema aldatu. Kreditu txartelen teknologia bera erabiltzen dute mugikorrek edo bidesariak ordaintzeko tramankuluek. Horien guztien atzean banku bat dago, kontu korronte bat, orain arte erabili den doikuntzak egiteko sistema berbera...

Eragiketa elektronikoen kudeaketak informazio baliagarria biltzeko aukera eskaintzen die bankuei. Badakite bakoitzak zertan gastatzen duen dirua, zer erosten duen, noiz, nori, non… Informazio preziatua da bankuentzat: kredituak emateko garaian erabiliko dute, baina baita diru truke beste enpresa batzuei lagatzeko ere. Hori gutxi balitz, eragiketok egiteagatik bezeroei komisioak kobratzen dizkiete bankuek. Pagamendu elektronikoekin negozio biribila dute!

Gauzak horrela, ez da harritzekoa web plataforma erraldoiek, Google, Amazon, Apple eta enparauek, negozio horretan eskua sartu nahi izatea. Berez, dagoeneko, denek lortu dute Internet bidezko diru eragiketak egiteko baimena.

Ordainketa elektronikoen zabalpenean faktore ezberdinek izan dute eragina. Erosotasuna da horietako bat: txartela edo mugikorra eramanda, ez da eskudirua erabili behar. Horrez gain, Internet bidezko erosketen onarpenak beste lerro bat ireki die ordainketa elektronikoei. Eta azkenik, eta ez bere garrantzia txikiagoa delako, estatu gehienetan eskudirutan egin ahal diren ordainketei muga bat ezarri zaie. Iruzurraren aurkako neurria da. Horrela antzeman daitezke aitortu gabeko etekinak edota legez kontrako jarduerak, esate baterako, droga trafikoa, kontrabandoa edo emakumezkoen salerosketa.

Ordainketa elektronikoen onurak begi bistakoak dira: erosotasuna, azkartasuna, iruzurra oztopatzea. Hala ere, zenbait estatutan jendeak ez ditu ordainketa elektronikoak gogoko, adibidez, Alemanian edo Austrian. Erregimen autoritarioak jasan dituzten herritarrek prebentzio handiarekin ikusten dute dena estatuaren esku uztea. Interesgarria izango litzake jakitea ea ardura berdina duten Interneteko monopolio pribatuen aurrean. Estatuek, azken finean, arau batzuk bete behar dituzte, eta, hutsuneekin bada ere, berme batzuk eskaintzen dituzte, baina inork ez daki enpresa pribatuek zer egiten duten gure datuekin. Alde horretatik ulergaitza da estatuek zergatik ez duten eskaintzen ordainketak egiteko sistema publiko eta doakorik. Are gehiago eskudirutan egin daitezkeen ordainketak mugatu dituztenean. Beharbada, herritarren interesen aurretik banku eta plataforma pribatuen negozio aukerak jarri dituztelako izango da... •