2019/11/02

Iñaki Altuna
Llotja de Mar: mamia, sinatzaileak eta unea

Berriro ere estaturik gabeko nazioek ordezkatzen dituzten proiektu emantzipatzaileak agertu diraegiazki iraultzaile

Llotja de Mar-eko Adierazpenak esanahi handia izan du, bertan jasotako mamiagatik, idazkiak bildu dituen sinatzaileengatik eta ezagutzera eman den uneagatik. Euskal Herrian sorpresaz ere hartu dela esan daiteke. Horren adierazle dira, alde batetik, EAJ lekuz kanpo geratu izana, aspaldiko partez deseroso, aitzakia bila; eta, beste alde batetik, azken asteetan ezker abertzaleko ingurumarian, batez ere sare sozialetan, aliantza politikaz enegarren sasi polemika piztu izana. ERC edo CUP, CUP edo ERC. Bistan da, EH Bilduren zuzendaritzak haragoko kudeaketa egin duela azken hilabeteotan Kataluniari eta Kataluniako indarrei begira.

Demokrazia eskuratzeko eta aldaketa politiko zein sozial sakonak eragiteko ardatz nazionalak duen garrantzia nabarmendu du ekimen honek. Duela kasik hamar urte, suminduen mugimenduaren haritik, Estatua demokratizatzeko aukera egon zitekeela-eta itxaropena piztu zen, gerora Podemosek izandako hauteskunde arrakasta ekarriko zuena. 78ko erregimenaren giltzarrapoa haustearen aldeko mezua ere egin zuten, baina, denborak aurrera egin ahala, mezu hori moteldu, ondoren itzali eta, azkenik, eraldatu egin da, orain Espainiako Konstituzioaren defendatzaile ere bihurtu baitira.

Berriro ere estaturik gabeko nazioek ordezkatzen dituzten proiektu emantzipatzaileak agertu dira egiazki iraultzaile. Aspaldi esan zuen David Fernandez katalanak: independentzia lortzeko bide demokratikorik ez bazegoen, demokrazia eskuratzeko independentziaren aldeko bidea egin beharko zela. Ez da bide erraza izango. Hala ikusi zen 2017ko urriaren 1eko erreferendumean. Helburuak ez dira kolpe bakar batez lortuko, baina estaturik gabeko nazioen burujabetzaren aldeko indarrek proposatzen dutenak etorkizun demokratikoagoa eskaintzen du, zalantzarik gabe.

Ez da gutxi Kataluniako indar soberanista guztiek adierazpena sinatu izana. Ez dute beti lortu, ezta prozesua une goxoenetan zegoenean ere. Gainera, azken bi urteotan pasatako une latzak direla-eta, azken aldian batasun falta izan da maiz albiste.

Euskal Herritik, Galiziatik bezalaxe, indar bakar batek sinatu du adierazpena. Esan bezala, adierazgarria izan da oso EAJk sinatu nahi ez izatea. Lizarra-Garaziko garaitik (jakina da harekin guztiarekin Urkulluk duen herra, ezinikusia) argazki askori egin dio ihes, bai burujabetzaren aldekoei bai euskal gatazkaren konponbidearen aldekoei (Aieten ere gogo txarrez izan zen Urkullu EBBko presidentea, eta armagabetzean, lehendakari gisa orduan, ez zen agertu ere egin). Eta jokabide hori justifikatzeko argudio sorta xelebrea erabili izan du beti. Argigarria da, berriz, hamarkada hauetan PSOErekin eta PPrekin makina bat adierazpen eta itun politiko egiteko hain eragozpen gutxi eduki izana. Esate baterako, 2012ko otsailean ez zuen hainbeste arazorik izan Espainiako Kongresuan PPk eta PSOEk Aieteko Adierazpenaren mamiaren kontra aurkeztutako ebazpenarekin bat egiteko. Ez zuen arazorik izan ez mamiarekin, ez sinatzaileekin, ez unearekin.

Bistan da kalkulu baten ondorio dela hori dena. Erregimenak kudeaketarako eskaintzen dion tarteari eutsi nahi dio EAJk, kosta ahala kosta. ETAren kontra lortu zuena Kataluniari babesa ukatuz (edo behar beste ez emanez) lortu nahi du orain. Estatuaren inboluzioak ere eragiten dio, ETAk arbola astintzearen ondorioz eskuratu zituen intxaurrak galtzearen beldur baita. •