Xabier Izaga Gonzalez
ERASOTZAILEA JOMUGAN

Sexu erasoen erantzukizuna ez ezik, haiek saihesteko ardura ere, erasotzaileena

Sexu erasoak saihesteko gomendio eta gida ugari argitaratu izan dira, normalean erasoa jasan lezakeenarentzako gomendioak. Gurenduz zentroko kideek diotenez, ordea, erasoen erantzukizuna ez da biktimarena, erasotzailearena baizik. Hari zuzendua da «Sexu erasoak ekiditeko behin betiko gida».

Euskal Herriko jaiak direla-eta, esaterako, erakundeek sexu erasoak saihesteko zabaldu izan dituzten gomendioen inguruan ez da polemikarik falta izan. Ohiko gomendioek balizko biktimarengan jartzen baitute arreta, erasoak saihestea haren ardura balitz bezala, eta, horien arabera, eman lezake emakume horren askatasuna murriztea dela sexu erasoak saihesteko modurik onena.

Sexu erasoa jaso duenaren edo jaso lezakeenaren gainean fokua jarri beharren, erasotzailearen gainean jarri beharra sumatu zuen Ziortza Karrantza Gurenduz Psikologia Integraleko Zentroko zuzendariak. Bada, erasook saihesteko gida bat argitaratu berri du eta arreta guztia balizko erasotzailearengana bideratzen du, harentzako gomendio edo jarraibidez.

Azaroaren 8an aurkeztu zuen Gurenduz Psikologia eta Sexologia Zentroak “Sexu erasoak ekiditeko behin betiko gida”, «gida praktiko eta berritzailea».

Gidaren sarreran diotenez, azken urteotan esparru publikoetan emakumeek jasotako erasoen salaketak nabarmen areagotu dira eta, gainera, emakume batek daramatzan arropek, eman lezakeen alkohol-mailak eta haren bizitza erotikoak zalantzan jarri ohi dute erasoa jasan duen emakumeari gertatutakoa. Hori dela eta, funtsezkotzat jotzen dute gizarte arazo horri erantzuteko eta ikuspegi berri bat eskaintzeko, gida hau argitaratzea.

Erasotzailea, erantzule bakarra

Gurenduz zentroko kideen ustez, eraso sexuala erasotzailearen erantzukizuna da; horregatik, hari mintzo zaizkio gidaren puntu guztietan. Bestetik, hainbat hizkuntzatara itzuli dute hedapen handiagoa izan dezan, eta, hala, sexu erasoen murrizketa esanguratsua izan dadin.

«Sexuen arteko topaketa eta elkarbizitza positiboa lortu nahian, emakumeengan fokua jartzen duten kurtso eta argitalpenak osatzeko asmotan, ikuspegi berri bat eskaini nahi dugu. Gida honetan, eraso sexualei aurre egiteko ardura balizko erasotzaileei dagokie. Izan ere, haiek dira erasoaren arduradun bakarrak», jarraitzen du gidaren sarrerak. Bertan, jarraibide erabilgarri, praktikoak eta pedagogikoak eskaintzen dituzte.

Ikuspegi berritzailea da, inondik ere, Gurenduz zentroak argitaratu duen gidarena: sexu erasoak saihesteak ez du zertan balizko biktimaren ardura izan, erasotzailearena baizik, gidaren egile Ziortza Karrantzaren ustez. Erasotzaileak edo erasotzaile baten berri duenak nola jokatu behar duten jakin dezaten egin dute zazpi puntuko gida, GAUR8ri nabarmendu dionez. Izan ere, ohikoak dira balizko biktimek arrisku egoera batean nola jokatu behar duten jakiteko gomendioak, baina ez erasotzaileek.

Polemika sortu izan duten biktimei zuzendutako gida edo gomendio horiek aipatuta, Karranzak dio horrelako gidak ikusteak haserretzen zituela, baina ez zegoela alternatibarik, eta alternatibarik ezak eraman zituela fokua aldatu duen gida hau egitera: «Haiek, eta ez guk, zer egin behar duten dioena, azken batean erasotzaileek daukate erantzukizun guztia».

Erreakzioak

Zer eragin izango ote du gida honek erasotzaileengan? Zer-nolako erreakzioa izango dute gida horren berri izanda? Karrantzaren ustez, bi erreakzio eragin ditzake gidak. Bat, barre egitea izan daitekeela dio, baina baita eurek begiradak beren gainean daudela sentitzea ere. «Nolabait seinalatuta sentituko dira». Eta, beste alde batetik, biktimak izan direnek ez dutela zerbait egin ez izanaren ardurarik sentituko, gida horrek ez die erruduntasun sentimendurik eragingo, «hori gertatzen bazaigu, ez baita gure erantzukizuna».

Biktimen erruduntasun sentimenduaz ari dela, erasoan zer eragin izan duen aztertzean biktima kolokan jartzen dela azaldu du Karrantzak. Prozesu horretan biktimak bere buruari gauza bera planteatzen diola: zer arropa zeramatzan, ordua edo beste kontu batzuk. Izan ere, sexu erasoa jasan dutenek, indarkeria jasan duten emakumeek, oro har, erasoa eragin duen zerbait egin ote duten galdetu ohi diote beren buruari, besteak beste lotsa sentitzen dute maiz, sexu harreman berrietarako zailtasunak izaten dituzte... Horregatik uste du Karrantzak oso garrantzitsua dela ikuspegia aldatzea.

Jendearen harrerari dagokionez, Karrantzak ez du dudarik. Oso positiboa izan dela dio. Jakin duenez, badira Whatsapp bidez gida zabaltzen ari diren gizon taldeak. Eta jasotzen dutenen artean ere zenbait erreakzio gertatzen dira: batzuen barreak, grazia egiten baitie, eta beste zenbaiten hausnarketa, «behingoz» horrelako gida agertu izana txalotuz. Esan bezala, hainbat hizkuntzatara itzulita dago, eta, Karranzak dioenez, badago jendea hizkuntza gehiagotara itzultzeko deitu diena.

Eredu aldaketa

Gidaren zazpi puntuei ohar bat erantsi diete, erasotzaileari bere burua eguneratzeko eskatzeko, maskulinitate eredua aldatzen ari dela ohartaraziz. Eredu berriek, diotenez, ez dituzte erasoak inondik inora justifikatzen; aitzitik, lotsagarritzat jotzen dituzte. «Erasoek gizontasuna eta gizonen balioa zalantzan jartzen dituzte», dio Karranzak.

Erasotzailearentzako oharra da, baina gizarteak eredu berri horiek bere egin dituen galderak saihetsezina dirudi. Publizitatea, kasu, parekidetasuna aldarrikatzen duen eredu batekin bat dator edo eredu zaharkitua da nagusi? Karranzak dioenez, egia da oraindik orain emakumea objektu gisa tratatzen duen publizitate asko dagoela, gizarteak kontsumitzen dituen telebistako saioetan, filmetan edo abestietan eredu zaharkitua nagusi dela, baina eredu horren aurka egin beharra dagoela uste du, kolokan jarri. Uste du badela garaia, are gehiago sexu erasoak gertatzean, oso gizon maskulinoak direla erakutsi beharrean zerbait lotsagarria egin dutela ikusarazteko.

Merkatua emakumearen irudia aldatu beharraz konturatzen ari dela dirudiela dio, etekin ekonomikoari begira besterik ez bada ere, eta denek konturatu behar dutela trataera zaharkitu horrek ez duela saltzen. Jostailuei dagokienez argi ikusten dela dio: «Betiko jostailuak markatzea, neskarena eta mutilarena, ez da gaur egungo zerbait. Irudiak, rolak aldatuz joan behar dira. Uste dut, ildo horretan, erotika, sexu arteko harremanak nola bideratzen diren ikusi beharra dagoela. Ikusi behar dugu erasotzaileak nola arduratzen diren beren desirak beste modu batez asetzeko».

Gidako sarreraren amaieran eskertze bat dago, besteak beste «eraso sexual bat izan eta gero, haien bizipenak gainditzeko nigan konfiantza jarri duten emakume guztiei». Gida, izan ere, Gurenduz zentroan ikusitako erruduntasun sentimendua eta gainerako ondorioek iradokia da: «Oraindik ere ikusten ditugu epaiketetan begiradak biktimaren gainean, eta batzuetan gizartea ez da konturatzen zenbateko mina eragiten dion horrek. Oso bizipen latza izan dute, gainditu behar dutena, gero beren erotika berreskuratu behar dute, alde horretatik oso erasanda geratzen baitira askotan, bizitza berreskuratu behar dute. Ez dakit gizartea konturatzen den zenbateko eragina daukan horrek pertsona batengan. Hori guztia kontuan izanda sortu da gida».

Helburu bikoitza

Beraz, gidaren helburua biktimari erruduntasun sentimendua eta ardura kentzea eta horiek erasotzailearen gainean jartzea da, «baina baita hari laguntza eskaintzea, berak bere gaitz hori kudea dezan». Norberak bere gauzez arduratu beharra daukala dio Karranzak; hala ere, gidako zazpigarren puntuak dioen bezala, besteren bati hori gertatzen zaiola ikusita, erreakzionatu egin beharra dagoela dio, eta taldekako bortxaketak ekarri ditu hizpidera: «zuzenean jokaera hori ez duenak ere erantzukizuna dauka».

Emakumeek ohiko gomendioak zorrotz-zorrotz betetzen badituzte, baliteke askoz eraso gutxiago izatea. Baina emakumeek beren askatasuna murriztu beharrean daude. Erasotzaileek gida hau zorrotz-zorrotz betetzen badute, ez da erasorik izango, ezta inoren eskubide eta askatasun murrizketarik ere.

 

Sexu erasoak ekiditeko zazpi urratsak

Zazpi puntu argi eta labur ditu Gurenduz zentroak aurkeztu duen “Sexu erasoak ekiditeko behin betiko gida” lanak:

1.- Norbaitekin ligatu nahi baduzu,egizu jolas eta errespetutik.

2.- Beste pertsonak ez badu jolasean jarraitu nahi, erakutsi ez zarela ezgaitu emozionala eta urrundu zaitez.

3.- Zakila leku bero batean sartu nahi baduzu eta berak ez badu nahi, 15 euroren truke lataratutako bulbak topa ditzakezu. Eros ezazu bat eta sormena martxan jarri.

4.- Zure berotasuna kontrolatzeko gai ez bazara eta neska bat erasotzeko gogoa baduzu: masturba zaitez leku pribatu batean. Lasaitzea lortzen ez baduzu, eskatu edalontzi bete izotz eta bertan zure zakila sartu baretu arte.

5.- Mozkortuta dagoen neska bat ikusten baduzu eta berari eraso egin nahi badiozu, alde egin zonaldetik ahal den eta lasterren eta 112 telefonora deitu zure arriskuaz jakinarazteko eta zure bila etortzeko.

6.- Ez badituzu emakumeak errespetatzen eta kontsumo objektutzat hartzen badituzu, psikologiako profesional batekin harremanetan jarri zure arazoa konpontzen laguntzeko. Bitartean saiatu kalera ahal den eta gutxien ateratzen.

7.- Arazo hau duen baten bat ezagutzen baduzu, gida hau pasa iezaiozu eta anima ezazu hobetzeko urratsak eman ditzan.