Itzea Urkizu Arsuaga

Pentsatu eta idazten direnak

Asko famatu diodan liburu bat eskatu dit amak. Aspaldian ez nuen apalategitik hartu eta, croupier batek kartak nola, hala pasatu dizkiot orrialdeak. Horitu egin dira, zahartu; eta haiekin ni, gu. Azal azpiko lehen orrialdera jo dut gero, zehazki zenbat zahartu ote garen begiratzeko. Izan ere, liburuak non eta noiz erosi ditudan apuntatzeko ohitura dut, nire izen-abizenen azpian.

Eleberria 2011koa da, eta argitaratutakoan irakurri nuen nik, txikitan bizi izandako historia zati txiki bati hari oso bat josteko aukera eskainiko zidalakoan. Amak, aldiz, ez du gaurdaino liburua irakurtzeko gogorik bildu, gaztetan gertu bizi izandakoak gogora baitzekarzkion istorioak; tristura sortzen. Zaharrenaren gaztetu nahi eza, eta liburuko orrialdeen pare horitzeko gazteenaren nahia. “Twist” zoro bat.

Neure baitan pentsatu dut, beste nonbait geundekeela, halako trukeak gehiagotan gertatuko balira. Lotuegiak baikaude geure belaunaldiaren-testuinguruaren-komenentziaren-egoera pertsonalaren-zilborraren hestera. «Pentsatu eta esaten ez diren gauzak», “Twist”-en bezala; baina, askotan pentsatuz gero, batzuetan idazten direnak.

2011. urteko urtarrila zen, Tolosaldean aldarri baten lehen txinparta piztu zenean. Aldamenean ditugun eskualde guztietako osasun zerbitzu berbera eskatu, eta Asuncion klinikako ustezko irregulartasunak eta zor historikoa salatzeko koordinakunde eta gizarte mugimendu bat martxan jarri zirenean. Kazetari lanean hasiberria nintzen orduan, eta borrokaren gudu zelai guztiak ezagutzeko aukera eskaini dit horrek. Ia bederatzi urte eta gero, horitu dira orduko egunkariak, eta baita Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde dioten pankartak ere.

Eta, beharbada, ez da kasualitatea. Bai baitirudi, zahartzen hastea baldintza ezinbestekoa dela, inor bere osasun sistemaz kezkatzen has dadin. Gazteok ez garela geure belaunaldiaren-testuinguruaren-komenentziaren-egoera pertsonalaren-zilborraren hestetik askatuko, baldin eta zilbor hori eta haren ingurua ukitzen duen katarro, gripe, hepatitis, migraina edo apendizitis bat suertatzen ez bada. Eta, orduan, orduan bai, “twist” bat dantzatzeko pronto egon nahiko dugu hurrengo egunerako eta, egongo ez garenez, akaso memoriara etorriko zaizkigu, hilero-hilero Tolosako Trianguloa plazan ikusi ditugun pankarta eta afixa horituak; haiek tinko eusten dituzten eskuen zimurrak.

«Norberak bere borrokak ditu», irakurri nion behin bati. Arrazoi izan zezakeela pentsatu nuen eta, beharbada ezinezkoa dela, nik zerbait bizitzeko dudan pasio maila berbera, beste inori exijitzen aritzea. Baina, norenak dira osasuna eta bizitza deituriko borroka txiki hau, gureak ez badira? Norenak dira egunak, ohetik jaikitzeko osasunik ez dugunean? Egunak al dira, berdin-berdin? Norenak lirateke ajeak, bezperan parranda sasoi betean gozatzeko osasuna falta izan balitzaigu?

Momentua, eta bizitza, eta egunerokoa bizi behar ditugula saldu nahi izan digute, bai; carpe diem gorpuztu bat izan behar dugula, zoriontasunaren atera gerturatuko bagara. Baina tarteka denborari aurrea hartzea ere ederra izan liteke, jada horitzen hasiak diren liburuak apalategi txukunetan goxo zaintzeko, eta inprentatik ateratzear direnak urtetan leun-leun mantentzeko; pentsatu, eta esango didazue. •