Xabier Izaga Gonzalez
infraganti

HAIZEA ALONSO

Ez da hilabete bat igaro «Nire bala» izeneko abestia Youtuben argitaratu zuenetik eta dozenaka mila ikustaldi izan ditu Haizea Alonso rap kantari gaztearen bideoklipak. Eguneroko hainbat egoerak eragiten dioten amorrua kanporatzeko tresna du rapa, eta bere estilo propioaren bila, laster bigarren abestia argitaratuko du.

gara-2020-01-23-Reportaje

Emakumea, gaztea, arabarra, solidarioa… Zertzelada horien guztien inguruko eguneroko bidegabekeriek eragindako amorrua kanporatzeko bala bat jaurti du: “Nire bala”. Eta milaka lagunen gustuko bala izan da. Bere kantaren bideoklipak 55.000tik gora sarrera izan ditu Youtuben lau astetsuko epean.

Pozik dago, eta ez du disimulatzen, baina ez zuen halakorik espero, inondik inora. «Igo nuenean, lehenengo orduan begiratu eta ia 2.000 ikustaldi zeudela ikusi nuen etxean. ‘Ama, begira!’. Lagunak ere, flipatuta». Egunak joan ahala gora eta gora egin du ikustaldi kopuruak. Urizaharreko eta Gasteizko alde zaharreko lagunek ikustea espero zuen, baina ez ondoren ikusi duena. Dagoeneko hasi zaizkio galdetzen ea noizko hurrengoa.

«Nire bala»

Joan den uda amaierako arratsalde batean idatzi zuen abestia. Lagunek zerbait atera behar zuela esan zioten, eta proba bat egitera animatu zuten, egiten duena jendearen gustukoa izan zitekeen jakiteko besterik ez bazen ere. «Amorru pixka batekin» idazten hasi zen eta luze gabe atera zuen abestia goiz batean zenbait lagunekin Gasteizko alde zaharrean grabatutako bideoan. Letra horiek egiteko etorria inguruko egoerek eman diotela dio, egoera horiek salatu beharrak, alegia. Egunero ikusten denagatik sentitzen duen amorruaren isla da bere kantua. «Nire bala», nabarmendu du, abestiaren izenburua gogorarazita.

Ezin hobeto laburbiltzen du bere abestia bertsootan: «Nire olerkiaren hitzez betetako bala/ Mintzen gaituenaren kontrako aterki bat bezala». Errealitatea islatzen duen abestia da, egunero bizi eta inguratzen duena ez ezik, «baita batzuetan ditugun kontraesanak ere», eta abestiaren beste pasartetxo bat gogorarazi du: «bizirauteko lehentasunak modek ezartzen dizkigute/ azkenengo iphone-a erosi urteko ogiaren truke», dioenez, gure bizitzan egunero dauden kontraesanen isla.

«Gure gaurko panorama, rapa nola dagoen Euskal Herrian, euskal rapean ia emakumerik ez dagoela ikusita, jendeak Euskal Herriko rapean emakumeak badaudela ikustea, hori atera nahi nuen lehenengo abestian, bideo on batekin».

Burutik burura bideoklip aldarrikatzailea da, arlo asko ukitzen dituena, eta idaztean sentitu zuen amorru hori zinez transmititzen duena. Zabaltzen ari diren joko aretoak, «prekaritatearen aurka, langile borroka», okupazioa, arabartasuna... «Behingoz Arabako mapan rapa kokatzea nahi nuke. Araban rapero asko izan da, eta da, baina Araba pixka bat aparte geratzen da. Beharbada, ez da ondo aldarrikatu, eta nik Arabako rapa aldarrikatu nahi dut, Euskal Herriko rapean emakumeak ere bagaudela eta Araban ere bai». Arabaren aldarrikapen horretan kalitateko gauzak egiten direla dio, eta umore ukitu bat emanda, patata aipatzen du kantuan. «Araban patatak badaude, baina ez bakarrik», dio barrez, «baina patatak ere bai». Eta, «jakina», euskara ere bada aldarrikapen nagusietakoa: «euskaraz egitea bera aldarrikapen bat dela uste dut»

Musika instrumentala Internetetik hartu zuen, «jendeak egiten dituen base horietako bat erabili dut bideorako».

Rapa, «erreminta»

Urizaharrean jaio zen Haizea, Arabako mendialdean, eta bertan bizi da. Gasteizen menpekotasun egoeran dagoen jendearentzako arretarako ikasketak egiten dihardu, «oso gustura», ikasketok bere bokazioarekin bat datoz eta.

Aspaldikoa du raparekiko grina, baina bestelako musika ere gustukoa du. 18 urte baino ez baditu ere, «nahikoa punkia» izan da txikitatik, gurasoek jartzen zuten musika entzuten ohituta: Hertzainak, La Polla… baina badu, esate baterako, Sex Pistols-en berri ere. Bederatzi urte zituenetik gitarra jotzen zuen, «baina egiten nuenari ez nion puntu hori hartzen eta orain dela pare bat urte-edo rap egiten saiatzen hasi nintzen». Bertsolaritza ere ezagutu du; izan ere, iaz bertso eskolan jardun zuen, baina bere «erreminta» rapa dela uste du. Edonola ere, musika mota guztiak ditu gogoko, denetatik entzuten du, baita musika lasaia ere, eta Olatz Salvador eta Izaro aipatu ditu.

Inprobisatuz hasi zen kantuak egiten, modu informalean, «lagunekin parrandan». Geroago, etxean idazten. Batzuetan erritmo bat jarrita idazten ditu bat-bateko letrak; beste batzuetan, berriz, autobusean, etxean, edonon, esaldiak burura etorri eta berehala idazten ditu sakelakoan edo koadernoan. Zenbaitetan idatzitako esaldiak hartu eta nahasteak egiten ditu. «Gero igual ez dut gustuko izaten eta guztia ezabatzen dut».

Bigarrena, laster

Jende askok bidali dio bere mezua abestia entzun ondoren. Ezagutzen duen jendeak eta ezagutzen ez duenak, Euskal Herrikoak, Kataluniakoak, Andaluziakoak, Galiziakoak… Odei Barroso bertsolari eta raperoak ere mezua bidali zion, eta zorionak eman zizkion, baita gauza gehiago egiteko adorea ere. «Kristoren poza hartu nuen», dio Haizeak.

Batzuek ez dutela abestia ulertu baina oso ona iruditu zaiela esan diote. Edonola ere, ikusle batek mezu batean itzulpena jarri zuen. Abestiaren erritmoa edo bideoaren estetika txalotu dute askok, eta bada Haizearen ahotsa ere nabarmendu duenik. Beste batzuek haren gai berrien zain daudela diote, eta badirudi ez dutela luze itxaron beharko.

Izan ere, jarraitzeko asmoa du gazte arabarrak eta, gauzak ondo bidean, otsailean beste abesti bat igotzeko asmoa dauka, «sorpresatxo bat». Ez daki oraindik bakarrik agertuko den, ezta berriro Gasteizen edo beste leku batean grabatuko duen ere, baina laster atera nahiko luke bigarren bideoa. Lehenago, iragarpen bat egingo du. Aldarrikatzen jarraitu nahi du: «Ikusiko dugu, batzuetan beharbada nire paranoiak botatzeko balioko dit, baina rapa erreminta bezala erabil daiteke», musika mota guztiak bezala, jakina, eta hainbeste jendek entzuten badu, mezua zabaltzeko erreminta aproposa dela uste du. Gai konkretuagoekin ere zerbait egiteko asmoa duela dio.

Orain bere estiloaren bila dabil, «rapean dauden puntu ezberdinak jo nahiko nituzke, egur gehiago emanez, lasaiagoak ere bai… gauza ezberdinak jo, benetan gustuko dudana aurkitu arte». Momentuz horrela segitzea baino ez du pentsatu, «bakarrik edo besteren batekin, aukera sortzen bada, eta gero gerokoak». Horrela jarraituko du, eta «ez dut uste inoiz aspertuko naizenik».

Beraz bere lehen proiektua gustuko rap bat egitea da. «Eta adore eman didan jende andanari eskerrak ematea».

Idaztea, beretzat, «laguntzen duen zerbait da, barruan duzun guztia kanporatzeko balio du». Rapa bezala: «Barruko gauza horiek botatzeko bidea, eta aldarrikatzeko erreminta». •