Ander Gortazar Balerdi - @andergortazar
Arkitektoa

Palmondoa

Varsovia, arratsaldeko laurak eta ilun, oso ilun jada. Hotz egiten du baina ez horrenbeste, lehorra da giroa eta ondorioz eramangarriagoa (markagailua: Varsovia 1, Donostia 0). Charles de Gaulle-ren estatuak ez du zalantzarako leku handirik uzten: Rondo de Gaulle’a bidegurutzean gaude, polonieraz deklinatzean bitxikeria den apostrofo eta guzti. Baina inork gutxik egiten dio kasu politikari eta militar frantsesaren estatuari, parean duenak itzal egiten diolako zeharo: palmondo bat, 15 metroko palmondo erraldoi bat bidegurutzearen erdian.

Egiari zor, palmondo-palmondoa ere ez da. Enbor-azal naturalez estalitako altzairuzko egitura bat da, hostoak polietilenozkoak dira eta, hala ere, Gernikako arbolak beretzat nahi lukeen duintasunez nagusitzen zaie hiriko puntu neuralgikoan dituen lehiakideei. Instalazioa Joanna Rajkowska artistaren lana da eta gabonetako opari moduan iritsi zen 2002ko abenduan; hasiera batean urtebeterako baina zutik dirau ordutik.

Badu zerbait, palmondo horrek, herritarrek bere egin zutena. Exotikoa eta familiarra da aldi berean, probokatzailea eta freskoa. Ohikoa da lagunekin “palmondoan” egitea hitzordua, edo tranbiatik jaistea “palmondoaren” geltokian; protesta, manifestazio eta ekitaldien lekuko ere izan ohi da. 2019ko ekainean, plastikozko hostoak ihartutako hostoz ordezkatu zituzten bi egunetarako: gezurrezko palmondo baten fikziozko heriotza, kutsaduraren eta aldaketa klimatikoaren kontrako ekintza gisa. Hain da pop, hain dago ongi txertatua artelana herri-iruditerian, ezen hiriko ikur bilakatu baita ezpata eta ezkutudun sirenarekin batera. Iman formatuan eros daiteke eta etxeko hozkailuan ipini.

Artelan orok izan ohi du bere azalpena, maiz gailentzen den arren «norberak eman diezaiola nahi duen interpretazioa» azalpen axolagabea. Palmondoak ere izan badu berea: Rajkowskak Israelera egindako bidaia batek inspiratuta, II. Mundu Gerraren aurreko Varsoviako judu komunitate handiak utzitako hutsunea betetzeko saiakera da palmondoa. Hiriaren arima konplexuaz, historiaz eta lekuaren garrantziaz jabetzeko modu bat, lehen begi-kolpean lekuz kanpo dirudien objektu exotiko baten bidez.

Izan ere, geopolitikan bezala artean ere, kokapena funtsezkoa da. Bost axola de Gaullek. Bidegurutze bat bi bidek elkar zeharkatzen duten tokia da, eta kasu honetan hiriko bi arteria nagusi dira: Nowy Świat eta Aleje Jerozolimskie. Alegia, Mundu Berria eta Jerusalem Hiribidea. Indartsua da batzuetan kale izendegia: palmondo bat mundu berriak eta Jerusalemek bat egiten duten tokian. Pozdrowienia z Alej Jerozolimskich (Eskuminak Jerusalem hiribidetik), Joanna Rajkowska, 2002. •