2020/01/25

Kronika
 
«PARETEK OIHU EGITEN DUTE»

Euskal Herrian bizi den katalana da eta Leitzako Atekabeltzan marraztu zuen murala munduko ehun onenen zerrendan sartu da. Lianek Australian jaso zuen berria, mural bat egitera joana zelako. Eta lauzpabost egun beranduago jakin zuen gainera, suteek harrapatuta egon zelako. Orain Kanarietatik kaso egin dio GAUR8ri, munduan barna ibiltzen baita hutsik dauden paretei oihuak marrazten.

Amagoia Mujika Telleria
0125_lian_bilbo2

«Street artist» eta emakumea da Lian eta mugimendu sozialen inguruan aritzea maite du. Horiek dira bere sorkuntzaren zutabe nagusiak. Mundu osoan barna topa daitezke berak egindako muralak

AEBetan jaio bazen ere, katalana sentitzen da. «Katalunian trebatu eta hezi naiz sortzaile gisa eta katalana naizela sentitzen dut. Nire familiatzat hartzen dudana bertan topatu dut eta bertakoa sentitzen naiz». Orain Atxondon bizi da

Munduko ehun mural onenetako bat Leitzan dago, Atekabeltza etxean. Urtea hastearekin bat argitaratu zuen Streetart360 webguneak urtero osatzen duen zerrenda sonatua eta hortxe, 46. postuan, Murales Lianek egindako lana. Berak, Lianek, lauzpabost egun beranduago jakin zuen bere balentriaren berri, Australian suteek inguratuta hasi baitzuen urtea.

«Une honetan edozein tokitatik deitzen didate bertara mural bat margotzera joateko; Australia, AEBak, Europako toki ugari... oraindik ez didate Hego Amerikatik deitu, baina hara lanera joateko irrikan nago». Hartara, urte zaharra bukatu eta berria hasi Melbourne inguruan egin du. «Melbournen bizi den lagun oso on bat daukat. Bere etxean geratu nintzen egun horietan eta Gabonak eta Urteberria pasatzeko Sydney hegoaldera joan ginen, opor egun batzuk pasatzeko asmoz. Baina suteek harrapatu gintuzten eta lau egun eman genituen etxe batean inkomunikatuta; ez elektrizitaterik, ez telefonorik... bizilagunekin partekatzen genuen piladun irrati bat baino ez genuen. Ordu erdiko txandak egiten genituen, errepidearen egoeraren berri jakin eta handik atera ahal izateko. Muturreko egoera izan zen eta benetako beldurra pasatu genuen. Azkenean, handik ebakuatu gintuzten eta autoan abiatu ginen, bi haur txiki hartuta, baina errepidean ez aurrera ez atzera eman genituen zortzi ordu. Eta, gu bezala, ehunka auto. Errepidearen bi aldeetara sua zegoen. Ikaragarria. Baina han ikusi nuen gizakiaren alderdirik onena. Dena galdu zuten herritarrek errepide bazterretan ura eta jatekoa uzten zuten ebakuatzen ari ziren pertsonei laguntzeko. Sekulako keinua iruditu zitzaidan».

Muturreko egoera horretatik atera eta Melbournera iritsi zen urtarrilaren 4 inguruan. «Sare sozialak begiratzen hasi eta jakin nuen Leitzako murala ehun onenen zerrendan sartu zutela. Horrela enteratu nintzen, egun batzuk beranduago. Kaleko artista batentzat sekulako errekonozimendua da zerrenda horretan egotea. Gainera, nire muraletan maiteenetakoa dut Leitzako hori».

Marraztea, ihes egiteko bidea

Lian Ameriketako Estatu Batuetan jaioa da, baina nerabe zela handik alde egiteko beharra sentitu eta Kataluniara iritsi zen. «Nire haurtzaroa ez zen erraza izan. Desegituratutako familia batean sortu nintzen, urtero aldatzen genuen bizitokia. Inoiz ez genuen eman urte bat baino gehiago herri berean eta haurtzaro oso mugitua izan nuen; orain amarekin, orain aitarekin, harrera etxeetan tarteka... Ez nintzen sustraitua sentitzen eta ez zitzaidan kostatu handik alde egin eta Kataluniara etortzea», hasi da kontatzen.

Haurra zela, irakasle batek ‘aingeru guardakoarena’ egin zuen berarekin; «zuzenean, bizitza salbatu zidan». Etengabe marrazten omen zuen, zigortuta bere gelan ezin atera zegoenean, klasean zegoenean... «niretzat marraztea ihes egiteko modu bat zen». Irakasle hori horrekin konturatu eta bere neurriko plan bat osatu zion; eskolatik lehenago atera eta paretetan enkarguz muralak margotuz sos batzuk ateratzeko aukera. Hamasei bat urte zituen ordurako. Hartara, ihes egiteko modua ez ezik, marraztea bizitzeko modua ere izan zitekeela konturatu zen. «Nik aurretik ez nuen pentsatu ere egin marraztea lan bat izan zitekeenik. Nolabait, irakasle hark ireki zizkidan begiak, berak eman zidan ideia».

Bere lehendabiziko murala Bostonen marraztu zuen, zaborretatik ateratako kontratxapatutako bi egur zatitan. «Haurra nintzela diru eskasia zen gure etxean eta gurasoekin nituen harremanak ezkorrak ziren normalean. Nerabe baten larritasuna erakusten zuen nire lehen lan hark. Zorionez, dagoeneko ez da existitzen».

Neurri batean beharrak bultzatu zuen paretak marraztera; oihu egiteko beharrak eta marrazteko tokien beharrak. «Arte ederretako materialak eta mihiseak ez ziren sekula nire eskura egon. Aldiz, 90eko hamarkada bukaerako Chicago pareta zuriz beteta zegoen. Ordurako jabetza pribatuaren kontrako mespretxua sentitzen hasia nintzen eta zurian zeuden mihise amaigabeak topatu nituen inguruan».

Bor-bor zegoen Bartzelonara iritsi zen

Irakasle hark piztutako txispak benetako indarra hartu zuen 18 urte zituela Bartzelonara iritsi zenean. «Kaleko artearen gorakada betean iritsi nintzen Bartzelonara. Bazter guztietan ikusten nuen kaleko artea eta asko hunkitu ninduen horrek. Marrazten zuen jendearengana hurbildu nintzen eta hor hasi zen nire benetako bidea. Mugimendu sozialak puri-purian zeuden eta erabat sartu nintzen horietan. Orduan ulertu nuen kalean margotzea herriarekin komunikatzeko modu bat zela. Sekulakoa izan zen. Bartzelonan topatu nuen benetako inspirazioa».

Lianek garbi dauka, «paretek oihu egiten dute». Herriaren minak, ezinak, eskaerak oihukatzen dituzte.

«Kalekoa arte iheskorra da eta hori polita iruditzen zait. Denborarekin eta eguraldiarekin aldatu egiten da eta hori interesgarria da. Artea museoetan gordeta egon da duela gutxi arte, dirudunen eta boteretsuen esku. Kaleko artea herriaren esku ere badago, guztiontzat da eta hori ona da».

Street artist eta emakumea. Bi tasun horien gainean eraiki da Lian. «Ezohikoak diren edota aitortuak izan ez diren emakumeak ikusarazteko espazioak sortu nahi ditut». Inspirazioa inguruan topatzen du, «bizitzan bertan».

Euskal Herrian bizi den katalana

Bartzelonan bi hamarkada eman ditu eta azken hiru urteetan Euskal Herrian bizi da, Atxondon. «Katalunian trebatu eta hezi naiz sortzaile gisa eta katalana naizela sentitzen dut. Nire familiatzat hartzen dudana Katalunian topatu dut eta bertakoa sentitzen naiz. Identitatea eraikuntza sozial bat dela uste dut baina, zalantzarik gabe, norbera sentitzen den tokikoa da, norberak sentitzen duen identitatea dauka. Hori ez dut sekula zalantzan jartzen. Eta ni katalana naiz».

Orain, esan bezala, Euskal Herrian bizi den katalana dela dio. Euskara ikasten ari da eta nahiko maila ona lortu du dagoeneko. «Oso pozik nago Euskal Herrian, izugarri gustura. Askotan esaten da euskaldunak itxiak direla eta nik justu kontrakoa topatu dut; besoak zabalik hartu naute, etxean bezala sentiarazi naute. Euskal kulturarekin maiteminduta nago eta izugarrizko herria iruditzen zait; borrokalaria, solidarioa... oso gustura nago hemen».

Katalunia eta Euskal Herria lotuta daude. «Azken hogei urtean askotan egon naiz Euskal Herrian, katalanak eta euskaldunak oso konektatuta gaudelako. Joan-etorri horietan ezagututako jendeari esker orain Euskal Herrian bizi naiz. Euskara ikasten hasi nintzen lehen egunetik eta saiatzen naiz nire egunerokoa euskaraz egiten. Egia esan, Atxondon erraza da euskaraz bizitzea».

Atxondon bizi da, baina joan-etorrian ibiltzen da beti. Bere lanak munduan gora eta behera ibiltzeko aukera ematen dio eta pribilegiatua sentitzen da horregatik. Australian zegoela jakin zuen Leitzako bere murala munduko ehun onenen zerrendan sartu zela eta elkarrizketa hau Kanarietan dagoela eskaini digu. «Inauterietako gala baterako mural bat prestatzen ari naiz hemen». 2019an Ingalaterran, AEBetan, Alemanian, Italian, Madrilen eta Bartzelonan egon da lanean. Eta hasi berria den urtean, Australian eta Kanarietan.

Mugimendu sozialen inguruan aritzen da Lian; hor kokatzen du muralgintza ulertzeko bere modua. «Saiatzen naiz erakundeen inguruko mugimendu sozialetan ez aritzen. Herritik sortutako mugimendu sozialak maite ditut». Borroka eta bizimodua uztartzen ditu bere lanetan, batzuk enkarguz eta ordainduta egiten ditu eta beste batzuk, militantziaz.

Leitzan ez ezik, Euskal Herriko txoko askotan topa daiteke Murales Lianen sinadura; Bilbon, Sopelan, Santutxun, Santurtzin, Getxon, Durangon, Lemoan, Izarran, Deban, Ibarran, Arteagan, Gernikan, Eibarren, Abadiñon, Donezteben eta Atxondon.

 

 

Herritarrak txirikodartzen dituen ilekorda sendoa

«2008an Leitzako gaztetxea pintatzen aritu nintzen. Urte batzuk beranduago, eraikinean konponketa batzuk egin behar izan zituzten eta murala kendu beharra izan zuten. Bartzelonatik Atxondora bizitzera etorri nintzen duela hiru urte eta iritsi eta berehala mural bat egiten hasi nintzen bertan. Leitzar bat bizikletan gerturatu zen bertara, garai batean Leitzako gaztetxean murala egin zuen katalana Atxondon zegoela entzun zuelako. Ni ote nintzen egiaztatu nahian gerturatu zen eta mural berriaren ideia proposatu zidan», hasi da kontatzen Lian Atekabeltzako muralaren hasiera.

Atekabeltza Guardia Zibilaren kuartela izan zen ehun urtez eta horiek utzi ondoren, 2005. urtean, okupatu zuen herriko Gazte Asanbladak. Auzolanean goitik behera konpondu eta moldatu zuten eraikina eta hasieratik konturatu ziren espazio handia zela Atekabeltzekoa. Hortik sortu zen proiektua herriko beste eragileei zabaltzeko ideia eta Atekabeltz Herrigunea sortzeko proposamena. Gaur egun, Gazte Asanbladaz gain, hainbat gazte elkartek, mugimendu feministak, kultur taldeek, komertzio txikien aldeko taldeek eta bestelakoek beren tokia daukate Atekabeltzen.

«Muralaren enkargua egin zidatenean zenbait hitz gako pasatu zizkidaten, espazio horren nortasuna azaltzen dutenak: auzolana, autogestioa, elkartasuna, asanblearismoa, feminismoa, euskara, askatasuna, alternatiboa, dinamikoa, kolektiboa... Ez da erraza kontzeptu horiek guztiak biltzen dituen murala osatzea. Azkenean, ilea txirikordatzen ari den adineko emakume baten irudia osatu nuen. Kolore ugari dauzka ilean. Modu askotara begiratu daiteke murala; zaharra eta berria elkartzen dituen tokia, tradizioa eta berrikuntza uztartzen dituena... Baina, harago joanda, emakume hori herria izan daiteke eta txirikordatzen duen koloretako ilekorda elkarrekin zerbait egiteko elkartu diren eragile desberdinak izan daitezke. Zerbait ederra eta sendoa egiteko elkartu direnak irudikatzen ditu koloretako ilekordak. Emakumeak, gainera, eraztun bat dauka eta bertan ‘alde hemendik’ ikurra dago, kuartela husteko herriak egin duen borrokaren seinale», azaldu du muralaren egileak. Lianentzat oso maitea eta berezia da. «Modelo lana egin zuen emakumea nire amatzat hartzen dut. Nire ama biologikoa hilda dago eta muralean agertzen den emakumea niretzat nire ama izan da. Emakume borrokalaria da eta gauza asko erakutsi dizkit bizitzaz».