Xabier Mikel Errekondo

Zaindaria lapur

Hilaren 16an “Le Point” aldizkariaren bidez jakin dugu ETAk Frantziako agintariei entregatutako armetatik ehundik gora lapurtu zituztela horien zaindari ziren polizia bik. Tartean pistola ugari, detonagailuak eta Kalaxnikov bat.

Ez omen ziren arma trafikorako, bildumarako baizik, armekiko pasioa izaki. Eta, noski, Frantziako agintaritzak aitzakia baleko eman eta bere polizia, nahiz ustelkeriaz jota, babestu egin du. Nago, baina, bilduma osatzeko nahikoa luketela mota bakoitzetik ale bana hartzea; aitzitik, ehundik gora arma lapurtzeak helburu bakarra izan dezake, merkatu beltzean saldu eta aberastea.

“Nire lagun estralurtarra”... Louis de Funesen pelikulak datozkit gogora. Frantziako Polizia Guardia Zibilaren pare, alajaina; broma bat dirudi, baina esango nuke urte askotako harremanen ondorioa dela.

Uniforme berde oliba hori zuritzeko adina kasu badu Guardia Zibilak droga lapur gisa. Nonbait, tentazio iturri da konfiskatutako droga bere zaintzaileentzat… lapurreta zuriagorik? Ziur euskal gazteria menpeko bilakatzeko bideratua izan dela asko eta asko…

Ederra paradoxa; ETAk eta Bakearen Artisauek egin armen entregatzeko ekintza, interes politiko gaiztotuek gutxietsia izan zena, orain, aitzitik, poliziaren ustelkeriak sinesgarritasuna itzulia.

Ertzaintza ere polizia egin gaitezen erreklamatzen ari den honetan… hainbesteko mesfidantza sortzen duten herritarron zaindariak nork zaindu behar ditu? •