2020/02/01

Joana Garmendia
Umoreari zentsura

Ez da gauza bera parekoak parekoari barre egitea, edo gainean denak azpiratuari egitea barre beti berdin den gehiagotasunetik

Filosofia mintegiaren azken saioan Agustin Arrietaren “Gogoeta-bide irekiak” liburua izan dugu eztabaidagai. Askotariko auziak lantzen dira liburuan, egunerokoan sortu ohi zaizkigunak, filosofiaren eta pentsamendu kritikoaren baitara ekarriak. Horien artean, egia eta egia-ostea, natura eta kultura, fikzioa, artea eta etika, eta beste asko. Umorea eta zentsura ere bai.

Eguneroko bizitzan hurbiletik ezagutu ditugu umorearekin loturiko ekintzei edo ekimenei ezarritako zentsurak. Denok dugu gogoan “Charlie Hebdo” aldizkari satirikoak 2015ean jasan zuen erasoa, eta denok izan dugu joan diren hilabeteetan Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek jasandako zentsuraren berri. Gehienok hitz egingo genuen, ziur aski, bi kasu horiei buruz, eta izango genituen iritziak batari eta besteari buruz. Izan ere, nahiko iritzi borobilak izan ohi ditugu, oro har, adierazpen askatasunari buruz eztabaidatzen denean. Korapilatsuagoa da gaia, ordea, kasu desberdinxeagoak sartzen direnean eztabaidan. Ez dakit berdin gogoratzen dugun, esaterako, udan Bilbon C. Tangana abeslariaren kontzertua bertan behera utzi zenekoa. Umorerik ez zela orduan tarteko? Askori graziarik ez zion egin behintzat.

Umorearen gaia oso korapilatsua da teoria mailan aztertzeko. Egunerokoan oso presente dagoen zerbait da, eta badirudi denok dakigula zertan datzan. Denok egiten dugu barre, guztioi egiten digu grazia zerbaitek –ez denoi gauza berak–. Baina, esango nuke, oso gutxitan dakigula azaltzen zergatik egiten digun grazia zerbaitek, zergatik egiten diogun barre halakori eta halakori.

Umorea aztertzen duten teorien artean batasunik gutxi bada ere, autore gehienak nahiko ados daude umorean bi elementu nagusi daudela esatean: inkongruentzia eta gehiagotasuna. Zerbait inkongruentea denean edo zerbaitek beste inoren gainetik sentiarazten gaituenean egiten omen dugu barre –azkar eta arin, arinegi, esateko–. Iruditzen zait bi elementu horiek lagun diezaguketela umorea zentsuratzeari buruz izan ohi ditugun jarrera beti ez berdinak ulertzen.

Bi egoeraren artean sortzen den inkongruentzia mota bat da, askotan, umorezko agerpen baten atzean dagoena. Espero zitekeenaren eta gertatu denaren artekoa da batzuetan talka, edo uste dugunaren eta esan denaren artekoa, edo benetan denaren eta erakutsi zaigunaren artekoa. Umorea zentsuratzeari buruz ari garenean, normalean zera da eztabaidatzen duguna: ea, umorearen izenean, edozer esan edo adieraz daitekeen. Alegia, edozein gairi buruz egin ote daitekeen txistea, edo marraztu bineta burlatia. Auzia, ordea, sakonagoa da: gehien inporta duena ez da txistean zer esan zaigun, edo binetan zer erakutsi; askotan, mingarri dena bestea da, alegia esan edo erakutsi zaigun horrek grazia sortzeko zerekin egiten duen talka –zein informazio jo behar den emantzat esan zaigun horrek inkongruentzia bat sortzeko–. Umorean, izatez, garrantzi handia dute informazio partekatuak, uste komunek eta, bereziki, elkarbanatzen ditugun ideia estereotipikoek. Akaso ez duzu zeure burua matxistatzat izango, baina zure txiste matxistek grazia izan dezaten nahitaezkoa da entzuleen gogora estereotipo edo uste matxistak ekartzea.

Gehiagotasuna da barre eragiten digun bigarren elementua. Ez dakigu zergatik, baina, askotan, bestearen baldarkeriak, inozotasunak, ezjakintasunak edo, oro har, gutxiagotasunak eginarazten digu barre. Batzuetan inork nahi gabe sortzen dira horrelako egoerak, eta lasai egiten diogu barre itzulipurdika erori den lagunari. Zenbait txistek edo ateraldik nahita sortzen dute gehiagotasun hori, ordea: pentsa zenbat diren aldameneko herrikoei iseka egiten dieten txisteak. Umoreak bere duen zerbait da. Ez da gauza bera, ordea, parekoak parekoari barre egitea egoera jakin batean haren gainetik ikusi duelako bere burua, edo beti gainean denak azpiratuari egitea barre beti berdin den gehiagotasun horretatik. Hortxe dago, nik uste, koxka: horregatik sentitzen dira horren desberdin batzuen edo besteen adarjotzeak.

Gure pailazoen umoreak zergatik egiten duen hainbeste min, zail da asmatzen. Haiek baino gutxiago sentituko dira akaso. Horrela pentsatuta, arrazoirik ez zaie falta. •