Antton Izagirre

Ez, eskerrik asko

Aurreko mendeetan oinarrituriko ikuspegi klasikoak, gizakia naturarekin bat eginda, entitate oso, bakar eta banaezintzat hartzen zuen. Ideala inondik inora. Kultura, aldiz, janzkera hutsa zen, antzerki bateko mozorro baten antzera. Ikuspegi modernoago batetik tiraka, berriz, gizakia, egitura kultural, sozial, psikologiko eta biologikoek elkar-eraginean osatzen dute eta guztiek haren izate eta portaera baldintzatzen dute.

Horretan nengoela, azkenaldian ezaguna zitzaidan ahots batek –“gu ertzainak gara, zu ere izan zaitezke. Egin zaitez ertzain”– luzatu dit gonbidapena aurreko pantailaren barrunbetik. Entzundakoari arreta jarri eta engaiatzeko moduko eskaintza izan ote daitekeen hasi naiz hausnartzen.

Egitate horrek eskatzen duen egitura kulturalari niretik begira jarrita, ertzainak independentistak kolpatzera bultzatuak izan daitezkeela noizbait pentsarazi dit –ez litzateke lehen aldia izango–. Kontraesan beldurgarria edonola ere, independentzia zale den ororentzat.

Egitura psikologikoari kasu egiten baldin badiogu, indarkeria eta izaera oldarkorra, maiz nabarmendu izan dena, ez dira aproposak nonbait abegikorra denarentzat. Alderdi sozialetik begiratuta ere, polizia izatea ez da gehien maite dugun ofizioa gaurko Euskal Herrian, ez bederen gure inguruan. Egitura biologikoari dagokionez, adinak esaten dit ez dela niretzat propio zuzenduriko ideia izan.

Egia esateko, gazteek deialdiri aldekotasuna emateko izan ditzaketen motiboak ez ditut ezagutzen, baina kezkatzen naute. Hala ere, bakarren bat uniformearen mozorroak liluratuko balu, parada aproposa luke datozen ihauterietan txantxo janzteko. •