Joxean Agirre

Dioxinak

Klima aldaketaz hitz egiten dugu edo larrialdiaz adierazpenak izenpetzen eta ez gara gauza zabortegi bat kontrolatzeko. Klimaren patua ezin dugu erabat eta osorik kontrolatu, neurri batean eguzkiaren baitan dagoelako, izar horren aktibitateak baldintzatzen duelako gure planetaren tenperatura. Bertako su lamadak eta gas leherketak ikusgarriagoak dira nonbait fase batzuetan besteetan baino. Hori da behintzat gaztetan Geografian erakutsi zidatena.

Harrokeria iruditzen zait eguzki sistemaren barruan ludia den txikiarekin klimaren geroa osorik gure esku dagoela pentsatzea, baina airearen, uraren eta lurraren kalitatea eta oro har eguratsaren eta ludiaren osasuna gure esku dago eta horren kontzientziak sekulako jauzia eman du oso denbora gutxian.

Zenbat aldiz ez ote dugu eztabaidatu Gipuzkoako Bilduko kideok Bizkaikoekin zaborren auzia dela-eta. Aldundia galdu izana aurpegiratzen ziguten zaborren gorabehera horrekin. Zabor domestikoen bilketa eta tratamendua kontu hutsala zela frogatu nahi izaten ziguten, baina ez gintuzten erabat konbentzitzen, «bai, baina etorkizunean kontu hau garrantzitsua izango da», erantzuten genien. Geroztik, gazteen artean batik bat, kontzientzia ekologikoak aurrera egin du eta zaborren tratamendu integralak eskakizun bihurtu direla esango nuke.

Hitz egin dezagun gutxiago klima aldaketaz eta has gaitezen etxetik hasi eta azken industriarainoko zaborrak kontrolatzen. Ozonoan eragiten ditugun zuloak arriskugarriak dira, noski, baina arriskugarriak dira halaber gure mendietan antolatu diren “zulo beltzak”, zeinetan edozer gauza botatzen dugun.

Baserri batean jaio ginenok aukera bikainak galdu ditugu aberasteko. Bizkaian izanda areago. Nik jabetzan egokitu zitzaidan lursailean 1.500 pago sartu nituen orain hogei urte eta poemak idaztera dedikatzen naiz. Ez nintzen nonbait dirua egiteko jaio. Nire poemak zakarrontzira botatzen ditut, handik Zubietako erraustegira iritsiko dira eta zer pentsatua ematen dit Markel Olanok jarri dituen filtro miresgarriei esker dioxina arin bihurturik, Usurbilen, Lasarten eta Hernanin maite ditudan pertsonengana iritsiko direla jakiteak. •