Amaia Nausia Pimoulier

Nafarrok, Espainiako sortzaileak

Aste honetan Madrilgo Erkidegoko lehendakariak paleto hitzarekin izendatu ditu leondar, balear edo nafar identitatea aldarrikatzen duten politikariak. Diaz Ayusoren hitzetan «urteetan zehar, herrialde honetako politikari asko paletoarena egiten aritu dira». Izan ere, denok dakigun bezala, espainiar identitate zentraletik aldentzen diren nortasun periferiko guztiak paletoen kontuak dira. Inkesten arabera, Nafarroako biztanleak, gutxienez, honako identitate hauekin identifikatzen dira: espainiarra, nafarra-espainiarra, euskal-nafarra, euskalduna eta nafarra. Antza denez, Ayuso ez da aniztasunaren oso aldekoa eta identitate bakarraz hitz egitea nahiago luke, espainiarra noski.

Eskerrak nafartasunaren defendatzaile sutsuak ditugula gure politikarien artean. Sergio Sayasek, esate baterako, honakoa erantzun dio Ayusori, Nafarroan kide duen PP alderdiko ordezkariari, Twitter bidez: «Komeni da informatzea, edo, gutxienez, hitz egin aurretik pentsatzea. Nafarroak, 1.000 urtez erresuma propioa izan eta Espainiaren sortzaile izan zenak, UPNk Espainiarekiko leialtasunetik sustatzen duen nortasuna du». Eta amaitzen du txioa Espainiako eta Nafarroako ezkutuen argazkiekin, esateko: «Kateak ikusi ez badituzu, ezkutu nazionala utziko dizut».

Arrazoia eman behar diot Sayas jaunari, komeni da informatzea, edo, gutxienez, hitz egin aurretik pentsatzea. Izan ere, Nafarroa Espainiaren sortzaile bezala izendatzeak txantxa dirudi, ezta? Sayasen txioari emandako erantzunen artean irakurri ahal den bezala, «eta baita Polonia Alemania naziaren sortzaile ere!». Espainiako ezkutuan Nafarroako kateak agertzen badira guda saria izan zirelako besterik ez da. 1512. urtean su ta fuego erresuma konkistatu ondoren garaileek beraien ezkutura gehitu zituzten kateak dira horiek. Gu ez ginen, noski, Espainiako sortzaileak izan; herri konkistatu bat ezin daiteke bere konkistatzailearen sortzaile bilakatu. Gu konkistatuak eta ondoren anexionatuak izan ginen. A ze txiribuelta semantikoak egin behar dituzten Navarra Suman diluitu diren UPNko kideek beren leialtasuna, edo serbilismoa, justifikatzeko.

Sayasen txioak izan dituen erantzun mordoa irakurtzeak, hori bai, poztu egin nau. Orain dela 20-30 urteko diskurtsoek dagoeneko badute erantzun orokortu bat eta hori da azken hamarkadan (aurretik ere) errelato anexionista ongi deseraiki dugulako eta masa kritikoa sortu dugulako. 2012. urtean historialari, aditu eta herritar asko batu ginen gertakizunen beste kontakizun bat egiteko eta 1512. urtean gertatutakoa ongi azaltzeko. Egun Sayasek botatako astakeria bezalakoek badute erantzuna, konkistaren errelatoa ongi azaldu dugulako eta ez digutelako dagoeneko horren erraz iruzurrik egiten. Eskerrak nafar nortasuna defendatzeko Sayas baino nafar gehiago daudela, gaudela. •