2020/02/22

Xabier Mikel Errekondo
Zaldibar, krimen bikoitza

Zaldibarkoa krimen bikoitza izan da, diru arpilatze aseezinak eta axolagabekeria politikoak eragindako langile biren iragarritako hilketa eta ingurumen krimena. Azkenean gertatu egin da, Zaldibarko zabortegia goitik behera jauzi da eta azalera irtendako ustelkeriek enpresa bezala Jaurlaritza dute harrapatu.

2011tik ia egunero tonaka zabor toxiko jauzi badira zabortegiak baimenik ez izan arren, jarduera arriskutsuen kontrolerako betebeharra duen Jaurlaritzako Ekonomia eta Industria Saila enpresaren jardute axolagabearen konplize kontziente izan da nahitaez. Zaindariak, Jaurlaritzak, ez du bere lana egin, ez ditu herritarrak zaindu. Horixe agerian geratu zen biharamunean Ondare Natural eta Klima Aldaketarako zuzendari Aitor Zuluetak adierazi zuenean zabor arriskutsurik ez zela pilatu Verter Recycling enpresak txostenean horrela adierazia zuelako. Verterrek egin ditu bere jardueraren kontrol txostenak?

Zaldibar aire librean dagoen erraustegia da: eraiki lau horma, margotu berdez eta altxa tximini luzzze bat dioxinak eta furanoak kanporatzeko eta Zubietako erraustegia bera izanen da.

Zaldibarren nola, gezurrekin iraindu egiten gaitu Gipuzkoako Aldundiak 24 orduz eta 365 egunez erretako zaborren ke toxikoak kanporatuko dituen tximiniari “berria” hitza erantsita haurrek osasun arazorik ez dutela izango “El Diario Vasco” egunkariaren pulpitutik etengabe listukatzen digutenean.

Gipuzkoako ahaldun nagusi zaren hori, Markel Olano jauna, ez jarri martxan Zubietako erraustegia, badakizu eta bestela Gipuzkoako baratzak, etxeak eta eskolak dioxina eta furanoz blaituko dituela eta, bai ala bai, eragingo lituzkeen krimenen erantzulea zu zeu izango zarela.

Osasunak ez du preziorik eta nehork ez du inorena akabatzeko eskubiderik. •