Gorka Elejabarrieta

Datorrena

XXI. mendean, hirugarren iraultza industrialaren atarian, teknologiak, robotizazioak eta inteligentzia artifizialak bizitza ulertu eta bizitzeko modua erabat aldatuko diguten ziur gauden garaiotan, genituen ziurtasun guztiak, sistema bera, kolokan jartzera etorri da Txinan animalia basati batek sorturiko birus bat. Datozen egun eta asteetan ezohiko neurriak hartuko dira eta gure egunerokotasuna hankaz gora jarriko da, daramagun bizi erritmo frenetikoa motelduz.

Pepe Mujicak dio gizakiak daukan ondasun preziatuena denbora dela. Gizakiak bere denbora saltzen duela maite dituen gauzak egiteko denbora izateko. Batean edo bestean erabiltzen duzun zure denbora zatiaren arabera zoriontsuagoa edo zorigaiztokoagoa izango zara. Eta logikoa dirudi, familia, lagunekin eta maite dituzun gauzak egiten baino lanean eta maite ez dituzun gauzak egiten ematen baduzu zure bizitzaren parte garrantzitsu bat, oso zaila izango zaizu pozik eta alai egotea. Denbora. Datozen aldaketa estruktural sakonek lana eta lan egiteko moduak guztiz aldatuko ei dituzte, eta ziurrenik lanari eskaini beharko diogun denbora bera ere murriztuko da. Lanaren banaketa egokiak, ondasunen banaketa egokiak denbora “librearen” banaketa justuagoa ekar lezake. Baina horretarako ere, trantsizioa ondo prestatzeko eta datozkigun erronka erraldoiei behar bezala aurre egin ahal izateko, erregulazioa, publikotasuna, kolektibotasuna indartu beharko dira. Koronabirusaren krisiak agerian utziko ditu publikotasunaren garrantzia eta kolektibotasunaren ezinbestekotasuna. Ongizate sistema garatu eta unibertsalik gabe ezinezkoa da horrelako erronkei modu egokian erantzutea eta desparekotasuna gutxitzea.

Erronka eta mehatxu globalak dira, baina erantzunek globalak eta tokian tokikoak izan behar dute, bestela, jai. Zenbaitek diotenez Estatuaren rola geroz eta txikiagoa izango da, eta, beraz, Estatua izan edo ez izan aukera berdintsuak izango ditugu batzuek eta besteek. Nik behintzat ez dut horrelakorik sinisten. Subiranotasuna partekatu ahal izateko lehenengo araua subiranotasuna izatea da, ez daukatenek ezin dutelako erabaki zer eta nola egin. Estaturik gabeko nazioek zailtasun gehiago izango ditugu datozen erronkei modu egokian erantzun ahal izateko, batetik ezin dugulako nazioarteko foroetan, foro multilateraletan Estatua daukaten beste horiekin guztiekin berdintasunean jokatu, eta, bestetik, ez dugulako gure lurraldean hartu beharreko erabaki guztiak hartu ahal izateko behar besteko ahalmenik. Eta kito. Gainontzeko teoriak, hitz potolo guztiak (kosubirautsa eta abar) poesia dira.

Ahaztu momentu batez teoriak eta begiratu errealitatea. Europar Batasuna garatzeak Estatuen subiranotasuna txikitu eta Estaturik gabeko herrien baitan Estatu bat izateko nahia eta beharrak txikituko zituztela esaten zuten berdinak dira gaur egun subiranotasun partekatuaz hitz egiten digutenak. Zer gertatu da? Azken 15-20 urteotan alderdi abertzaleen aldeko babesa txikitu edo handitu egin da Europako Estaturik gabeko herrietan? Begiratu Irlanda, Eskozia, Flandes, Korsika, Katalunia, Euskal Herria… eta atera kontuak.

Are gehiago, dudarik ez izan Europako mapak berriz ere aldatuko direla datozen urteetan, Estatu berriak jaioz eta Estatu batzuen mugak moldatuz. Norbere buruaren jabe izatea horren kaltegarria balitz, azken hamarkada eta mendeetan independentzia eskuratu duten hainbat herrik atzerapausoa emango zuketen, dependentziara bueltatuz. Baina independentzia eskuratu, ezagutu eta bizi izan dutenek ez dute dependentziara bueltatzeko ohiturarik. Zergatik izango da?. •