2020/03/28

Nekane Zinkunegi Barandiaran
Malen

Zain gauden, eta prest ere bai ustez. Joan den astetik datorren hilaren azken aldera bitartean, heuk erabakitzen dunanean etorriko omen haiz. Ziurra dun Covid-19 delakoak eragindako alarma egoerak irauten duen bitartean agertuko haizela gure artean.

Egia esan, hire etorreraren zain egoteko azken txanparekin harrapatu gaitin berrogeialdi, konfinamendu edo dena delako egoera arraro honek. Eta bizi garen inguruneak eta etorrerarako prestaketek lagunduta, alarma egoerak gugan izan zezakeen eragina ez dela horrenbestekoa uste dinat, entretenituta gauzkan. Alarmaren balizko luzapenak, berriz, hire hazierako lehen egunekin egingo din bat, eta etxetik urrundu gabe egoteko beste arrazoi batzuk izango ditinagu guk.

Etxe inguruan eta jendez inguratu gabe egoteak lagunduko zigun hi babestuta mantentzen gizarte kapitalista, matxista eta prekario honetatik. Hori bai, koskortzen hoan eran, hire aita eta biok ahaleginduko gaitun azaltzen: jaio hintzen urtean birus bat mundu mailako pandemia izatera iritsi zela, agintariek salbuespenezko neurriak ezarri zituztela, eta, horien ondorioz, gertuko askok hi ezagutzeko itxaron behar izan zutela.

Askok eta askok, gehiengoaren bizitzari eutsi ordez, ekoizpen ekonomikoa lehenetsi zutela. Osasun arloko profesionalak beren burua zaintzeko material faltan zeuden bitartean, biziraupenerako beharrezkoak ez ziren lantegiak irekita mantentzeko, langileentzako segurtasun materiala ziurtatu zutela. Baina horren guztiaren gainetik, herri honek txarrenari onena ateratzen diola eta aurrera egin genuela. Hik eta hire belaunaldikoek ere halatsu egiteko ikas dezazuen •