2020/04/04

Beñat Gaztelumendi
Bertsolaria
Etxetik ateratzen garenean

Etxetik ateratzen garenean, denak utzi genuen lekuan jarraituko al du? Udaberria lehertu da etxepeko zuhaitzetan, kukua esnatu da bazterretan eta Whatsappetik jaso ditut herriaren konkistan abiatutako basurdeen irudiak. Konfinamendua parentesi bat, eten bat izango zela uste nuen. Etenak fikzio hutsa dira, ordea. Gu gabe ere munduak aurrera egin du, inolako konplexurik gabe. Balkoirik gabeko gure pisuko leihotik ikusi dut. Eta pantailaz bestalde nago ni, momentu honen protagonista edo ikusle, zer ote naizen ezin asmatuta.

Etxetik ateratzen garenean, mundua eta gu, denok hobeak izango ginela sinetsi nuen. Hala sinesten dut oraindik ere. Baina ekonomiaren osasunaz mintzo den telebistak gizakien kontabilitatea egiten du orduero. Telelana aukera ederra izango zela pentsatu nuen, etxetik eta etxean lan egin ahal izango nuela aldi berean: emailei erantzun eta garbigailua jarri, txostenak osatu eta bazkaria prestatu. Eta mugikorra sekula baino mugikorrago daukat orain, jo eta jo; klik bakarrarekin sartzen naiz lantokian eta ordutegiak lausotu egin dira. Pijamak buzo itxura hartu du. Sortu egin behar omen dugu, produzitu. Ez lanean bakarrik. Konfinamendu aurretik baino hobeak izan behar dugu, sentiberagoak, enpatikoagoak, osasuntsuagoak, jakintsuagoak, gorpuzkera finagokoak. Gure buruarekin lehian gabiltza. Eta, azkenean, konpultsiboki kontsumitu ditugu gure eguneroko plangintzetako momentu guztiak: jakintza kontsumitu, kirola kontsumitu eta harremanak kontsumitu. Bi hilabetean ikusi gabeko jendearen whatsappak jasotzen hasi naiz, bideo-deiak egin ditut bi astean behin elkartzen naizen lagunekin. Eta arraro sentitzen dut nire burua, hotz, xomorro, uzkur. Eta pentsatu dut, akaso, konfinamendua ez zela martxoan hasi, lehenago ere bakoitza bere baitara bilduta bizi ginela.

Etxetik ateratzeko amorratzen nago, baina orain ez dakit «etxe» deitzen diodan hau benetako etxea ote den. Zer da etxe bat? Zer da etxea alokairuan bizi eta bi urtean behin gure maletak auzune ezberdin batera mugitzen ditugunontzat? Zer da etxea gastuak ordaintzeko beste zortzi lagunekin pilatu denarentzat? Edo pisukideak etengabe gutxiesten duenarentzat? Bizileku guztiak ez dira etxe, eta etxe guztiak ez dira bizileku.

Etxetik atera nahi dut, baina ateratzen naizenean, sartu nintzen bera izango al naiz? Hainbeste astean lagunak eta maiteak birtualki besarkatu ondoren, nire egunerokoa berrogei metro karratutara errenditu ondoren, eguzki izpirik edo ipar haizerik sentitu gabe egon ondoren, nolakoa izango ote naiz? Lehen errutinazkoak ziren kafeek, lagunarteko solasek, bertsoek edo parrandek, ze esanahi hartuko dituzte? Hainbeste egunetan elkarrengandik urrun egon ondoren, nola hurbilduko gara elkarrengana?

Etxetik ateratzen garenean, aterako al gara etxetik? •