Nekane Zinkunegi Barandiaran

Eskaera interesatua

Iruditzen zait ez dagoela pandemia egoeran egon beharrik Eusko Jaurlaritzak Madrili eskatzeko presoak Euskal Herrira ekar ditzala. Eskaera ongi etorria da, noski, eta berandu datorrela iruditu arren, uste dut eskatu duenak badakiela ongi noiz eta zein epealditan egin duen. Zentzuzko eskaera, beharrezkoa, gizalegezkoa. Baina ez dakit asmo zintzoa soilik den, ala balizko etekin politikoarekin zerikusi gehiago duen.

Izan ere, garaiotan areagotu egin da euskal presoek eta haien senide eta lagunek jasaten duten sufrimendua. Baina, kontuz, ez du pandemiak eragin. Sufrimendua lehenagotik ere bazegoen, batzuen begietara –eta pintada batzuek eragindako itzalagatik edo– ikusezina dirudien arren.

Espetxeak ez du osasun arreta eta zaintza egokirako baldintzarik eskaintzen. Konfinamendua berezkoa den kartzelan, are gogorragoa da pandemiak eragindako itxialdia. Egoera larria bazen, larriagoa da orain, lehen ere hamarnaka baitira medikuaren edo psikologoaren arreta behar duten euskal presoak. Osasuna lehenestearen izenean komunikazioak eta bisitak ere murriztuta, are gehiago urratu dituzte gatibu daudenen eskubideak.

Beraz, inork ez luke dominarik jartzen ahalegindu behar haiek Euskal Herrira ekartzeko eskatuta, izatez, legez dagokienean. Espetxe Erakundeen aldetik etorriko denak ez du itxaropenerako tarterik uzten oraingoz. Bitartean, beraz, geure kabuz eta gutun bidez ahalegindu beharko dugu inposatutako distantzia murrizten. •