2020/08/01

Beñat Gaztelumendi
Bertsolaria
Bidaia

Hemezortzi tona brontze eta altzairu. Berrogeita bost bidaia helikoptero laranja batean, haizearen eta grabitatearen konpasean dantzan dabilen kable batetik zintzilik.

Pasealeku Berritik abiatu eta Santa Klarara. Sei ordu. Haizagailu baten gisan dantzan ari diren helizeek harrotutako itsasoaren gainean dozenaka pieza dilindan. Milioika euroko instalazio bat airean, kolokan, bertigoak jota. Lehendik hustutako uharteko itsasargia artez beteko omen duen instalazioa, telebista eta egunkarietan xehe-xehe erakutsia. Artearen eta ikuskizunaren arteko oreka hauskorra, kable ahul baten gisan, dilindan. Joan zen astean izan zen.

Eta geroztik amesgaiztoek aztoratzen naute gauero. Nire burua ikusten dut, kable batetik zintzilik, badia bat dirudien ur gazizko eremu baten gainean hegan. Eztarria estutzen didan korapilo bat sumatzen dut, arnasa itotako nire birika izutuak, sabel erotua, hankak kulunkan. Eta azpian, ezer ez.

Norbaitek urrun naramala iruditzen zait. Mundua hor nonbait dagoela iruditzen zait, “hemen” baino “haraxeago”, alegia, nire oinetatik metro batzuetara. Eta urtaroak aldatu egiten direla, arrainek jauzi egiten dutela, natura hiltzen eta biziberritzen ari dela, bere ziklo, usain, kolore eta zapore guztiekin. Eta zentzumenak leihoak bezala zabaltzen ditudala, mundua jaso nahi dudala nire baitan, sentitu, ukitu, usaindu, edozer. Baina ez naizela iristen, ez zaidala iristen; mundua nigandik edo ni munduarengandik, bata bestearengandik aldendu garela azken hilabeteotan.

Amesgaiztoaren amaraunean korapilatuta garrasi egiten dut gauero. Gora begira jarri eta helikoptero laranjari orroka, desafioka hasten natzaio geldi dadin, lurrera itzul nazan. Metalezko hegaztiak ez dit jaramonik egiten, ordea. Ez dakit gidaririk ba ote daukan ere. Eta kablea gorputz ataletara barreiatzen zait; eskuetara, hanketara, ahots kordetara. Txotxongilo bilakaturik ametsetik ametsera jauzika hasten naiz, musukoa jantzita. Terraza batean eserita irudikatzen dut nire burua, ingurukoengatik gaizki-esaka, egunkarietan buruz ikasitako datuak mahaikideei botatzen. Ingurura zer suma jarri eta nire moduko ehunka txotxongilo nabaritzen ditut, nire hitzak, nire keinuak eta nire ikarak errepikatzen.

Kableak askatzen ahalegintzen naiz. Estuegiak dira korapiloak, ordea. Denboraren joanak gogortu egin ditu sokak. Udaberri aurreko garaiei begira jarri naiz. Nola heldu naiz ni honaino. Norbaitek lotu ote ninduen edo ni izan ote nintzen eskaini zizkidaten kableak onartu zituena?

Gutxienekoa da hori jada. Orain helikoptero laranja bat daukat gainean, mundua nire zentzumenetatik kanpo, gero eta urrunago dagoen kostalde bat nire atzean eta behe lainotan ezkutatutako uharte bat parean. Eta hemezortzi tona brontze eta altzairu, lehenago itsasargi bat zegoen lekuan. •