2020/08/01

Koldo Sagasti
Izaki maskaratuak

Koronabirusaren izurritearen ondorengo garai berriek hiri paisaia berriak eta pertsonen arteko harreman molde berriak ekarri dituzte. Anormaltasun berri honetan bada gure bizimodua baldintzatu duen elementu arrotz bat: musukoa. Aho-estalkiak aurpegirik gabeko izaki ibiltarien erresuma bihurtu ditu gure kaleak. Eta, pertsonen arteko elkarreragina baldintzatzeaz gain, erabiltzaileen nortasunean ere eragin du.

Maskarak norbanakoaren identitatea indargabetzen du. Aurpegia estalita daramana errazago konformatzen da, nortasunik gabeko artalde baten parte sentitzen hasten da, identitaterik gabeko kolektibitate baten kide anonimo. Eta anonimotasun horren babesean izaki maskaratuak besteak salatzeko beldurra galtzen du. Gizateria salbatzen ari delako sentimenduak harrotuta nagusitasun moraleko sentsazioa dauka, eta masailekoa ez daramana salatu dezakeenekoa, jakin gabe bestearen aurpegia ez estaltzeko motiboak zeintzuk diren, katamalorik gabekoa arerioa delako, gizateria akabatu nahi duen bihozgabea.

Musukoa politizatu egin da. Pentsaera hegemonikoa kolokan jartzen duen edozein iritzi disidente gustuko ez dutenak eroso sentitzen dira mozala jantzita, eta areago, guztiok muturra estalita ibiltzea nahiko lukete, horixe baita zuzentasun politiko berriaren adierazgarria. Behinola, maskara ezarritako boterearen aurkako disidentziaren ikurra zen, klandestinitatearena; pandemiaren ondorengo testuinguru berrian, berriz, obedientziaren eta otzantasunaren ezaugarri bilakatu da.

Ez naiz ausartuko ukatzera zenbait kasu zehatzetan, eta ikuspegi zientifiko huts batetik, masailekoak birusaren aire bidezko transmisioa eragotzi dezakeenik, baina mozalaren fenomenoa neurri profilaktikoetatik harago doa. Anormaltasun berriaren irudi bilakatu da. Aurpegirik eta nortasunik gabeko izaki akritikoen kontrolerako tresna. •