Gorka Elejabarrieta

Pandoraren kutxak

Belgikan aldatzen ari da zerbait. Urteak daramatza N-VA flandriar alderdi abertzaleak Estatuaren erreforma berri bat eskatzen. Eta urteak daramatzate alderdi valoniarrek eskaera horri ezetz esaten. Haien ustez, erreforma berri batek, eskumenen deszentralizazioa ekarriko lioke jada oso deszentralizatuta dagoen Estatuari eta horrek Belgikako Estatuaren desagerpena ekar lezake. Flandriar abertzale askoren ustez, konfederalismoa da independentziaren helmugara iristeko azken geltokia. Valoniar unionista askoren ustez, berriz, konfederalismoa Belgikaren desagerpenaren aurreko azken etapa litzateke. Horregatik, hain zuzen, nahi dute batzuek azkartu eta besteek moteldu edo gelditu.

Duela hamarkada bat N-VAk lortu zuen hauteskunde emaitza onak mahaiaren gainean jarri zuen eztabaida. Valoniarren taktika, eztabaida ekidin eta erabakiak atzeratzea, Flandriako emaitza elektoralak eta alderdi abertzaleen emaitza eta garapena nolakoak ziren ikusi bitartean, eta alderdi abertzaleen porrotaren zain. Bada, hamar urte beranduago, N-VAk Flandriako alderdi bozkatuena izaten jarraitzen du eta hamar urte daramatza Estatuaren erreformaren inguruko eztabaida publikoak. N-VAren presentzia eta Estatuaren erreformaren inguruko eztabaida normalizatzen doaz, baita valoniarren begietara ere. Eztabaida egonkortzeak konponbidea edo konponbideak pentsatu, eztabaidatu eta irudikatzea ekartzen du halaber.

Orain gutxi, valoniar Alderdi Sozialistak eta N-VAk Estatuaren erreformari elkarrekin heltzeko konpromisoa adierazi dute. Pandoraren kutxa ireki dutela esango nuke. Argi dago batzuek eta besteek ez daukatela erreforma berdina buruan, haien helburuak oso kontrakoak direla, baina erabaki hori, nire ustez, historikoa izan daiteke, bai eta garai berri baten hasiera ere. Emaitza, baina, ez dago idatzia, sekula ez da egoten. Estatua egonkortu eta flandriar alderdi abertzalearen gainbehera ekar lezake, valoniar alderdiak horretan saiatuko dira. Alderdi eta agenda abertzaleak indartzea ekar lezake halaber, independentziarako bidean beste pauso bat bilakatzen den neurrian, eta N-VA horretan saiatuko da. Datozen hilabete eta urteak interesgarriak izango dira.

Beti pentsatu dut Flandriako prozesuak badituela guretzat oso interesgarriak diren elementuak, eta Txillardegik zioen bezala gehiago begiratu behar dugula harantz, flandriarrek gurea begiratu, jarraitu eta babestu duten bezala. Lehenik, flandriar independentismoak badauka bide orri argi bat. Bigarrenik, flandriarren babes elektoral handi eta iraunkorrik gabe aipatu ditudan eztabaidak ez lirateke existitu ere egingo; beraz, agenda abertzalea egoteko, behar-beharrezkoa da norbere indarra agenda orokorra baldintzatu ahal izateko modukoa izatea, bestela jai. Hortaz, taktika, estrategia oro, norbere indarrak handitu eta indar horiei ahalik eta etekin handiena ateratzetik dator. Pertsistentzia oso garrantzitsua da, baina pertsistentzia behar da identifikatu diren beharrezko tarteko helburu eta eztabaida horietan eta ez beste gai batzuen inguruan. Etsaiak beste gai horietara bultzatuko zaitu une oro eta erraza da bide horretan nahastea. Zenbat eztabaidatzen dugu guk azken gol hori boleaz, buruaz edo norbere atean izan den edo PNVrekin ala PNV gabe izan behar duen, adostua, aldebakarrekoa? Eta bitartean etxeko lanak egin gabe. Pertsistentzia eta egin beharrekoa, bide orria identifikatzea ez da batere lan erraza. Eta pazientziak ere berebiziko garrantzia dauka horrelako prozesu luzeetan. Gaur ez dugu lortuko, ez gaitezen tematu gaur lortzen saiatzen. Ez duzue sekula pentsatu bizi osoa daramagula kasik gaur edo bihar lortzen? Ahalegindu gaitezen epe laburreko premia hori epe ertain eta luzeko begiradaz blaitzen. Izan ere, norabidea egokia bada, unean uneko asmatzeek eta akatsek ez daukate ematen zaien berebiziko garrantzi hori. Perspektiba. •